[Zia edo boga] Txanpon baten truke

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko irailaren 8a

Argazkia: www.ekpsa.eus

Txanponak bereizten ditu aurkia eta ifrentzua; egia beraren bi muturrak. Arnasaldi bakarrean pasatu daiteke aurkitik ifrentzura, edo ifrentzutik aurkira; segundo bakarrean, 2,66 segundoan, edo 4,28 segundoan.

Donostiako portua banketxe txiki bat bilakatzen baita, iraileko lehen bi asteburuetan: aurki gutxi eta ifrentzu asko, edo alderantziz. Eta, argi dago: joan den igandean, Urdaibaik eta Hibaikak jaurti zuten, hobekien, txanpona airera.

Inon paradoxen plazarik baldin bada, ordea, hori Donostiako portua da. Eta ez, bakarrik, palmares loriatsuena - 31, ez 30- duen afizioa etengabeko déjà vuan bizi delako. Traineru errekorgileko prestatzaileak ukatu duelako, joan den igandekoa beren estropada onena izan zenik. Edo, 10 urteko ibilbidea omentzeko kalean argazki erraldoiak jarri dituen antolakuntza berak, oraindik ere, omenduei - txapeldunei- 9.000 euro gutxiagoko saria emango dielako. Edo, herriko arraun taldeen parte hartzea sutsuki defendatu-gauzatu-behartu duen erakunde berberak, herriko brodatzaileak lanik gabe utzi dituelako. Txanpon baten truke, noski.

Honezkero, ez dago maniobra gehiegitarako astirik: aurkia aterako zaio talde bati, eta ifrentzua beste guztiei. Asmatu egin behar, txanpona hiru metrotik gora aireratzen.

Erlazionatuak

Olatuek erritmoa, eta estropuek musika

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 ira 08 Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!