Euskal Herriko segalariek aurkeztu dute Europako txapelketarako taldea

Tolosaldeko Ataria 2017ko abu. 13a, 18:50

Abuztuaren 18tik 20ra bitarte, Suitzan ospatuko den Europako Sega Txapelketan arituko den taldea aurkeztu du Almitza elkarteak. Eskualdeko segalari batzuk daude taldean.

Onen artean aritzeko, gogor egin behar da lan. Eta hori da, hain justu segalari hauek egin eta lortu dutena. Kontinenteko segalari onenekin lehian aritu beharko duten guzti horien artean, gainera, eskualdeko zenbait kirolari daude. Alaitz Imaz hernialdearrak, Ainara Otamendi ibartarrak, Mikel Lizartza tolosarrak, Jon Otegi leaburuarrak eta Oier Urkola anoetarrak hartuko dute parte helduen mailan. Gaztetxoetan, berriz, Arkaitz Gabirondo leaburuarra eta Amaiur Arrospide eta Amets Otegi gazteluarrak izango dira segan arituko direnak.

Datorren asteburuan, hilaren 18tik 20ra, Suitzako Ingenbol eta Brunnen herrietan jokatuko da txapelketa.
Euskal Herriko selekzioak, Almitza sega elkartearen eskutik hartuko du parte. Gainerako herrialde partaideak, Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia, Hego Tirol, Eslovakia, Txekiar Errepublika eta Errusia. Segalari guztiak, hiru mailatan banatuko dira, 14 urtetik beherakoak batetik (gaztetxoak) 14 eta 30 urte bitartekoak bestetik, eta azkenik, 30 urtetik gorakoak (helduak). Horrez gain, maila bakoitzean, emakumezkoak alde batetik eta gizonezkoak bestetik arituko dira.

Bakoitzetik 18, Euskal Herritik 50

Segalariez gain, hemendik, familiako kideekin, txistulariekin eta dantzariekin osatutako 50 laguneko taldeak bidaiatuko du Suitzara, autobusean. Bertan, sega txapelketaz gain, herrialdeen arteko kultur topaketan ere parte hartuko dute. Horrela, herri kirol erakustaldiaz gain, Udaberri dantza taldeko kideek emanaldi bat eskainiko diete gainontzeko herrialdeetatik bertaratzen direnei.

Lanari dagokionez, gizonezko helduek, 100 metro karratuko saila ebaki beharko dute, eta gainontzekoek, berriz, 35 metro karratukoa. Amaierako sailkapen orokorrerako, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dira kontuan. Herrialde bakoitzak, hemezortzi segalariz osatutako taldea aurkeztuko du, eta hemen behean duzue, Euskal Herriko segalariek osatuko duten taldea, parte hartzaileak mailaka zerrendatuta.

Euskal Herriko taldea:

Gizonezkoak

Bixente Mitxelena
Altzo Jauregi
Jexuxmari Goenaga
Julen Gabirondo
Jon Otegi
Mikel Lizartza
Oier Urkola
Andoni Urrutia
Enaitz Ibabe
Suharri Irazustabarrena (ordezkoa)

Emakumezkoak

Ainhoa Mazkiaran
Irati Astondoa
Ainara Otamendi
Alaitz Imaz
Maide Garmendia

Gaztetxoak

Mutilak

Harkaitz Gabirondo
Amaiur Arrospide

Neskak

Amets Otegi

Txapelketaren eta Euskal Herriko ordezkarien inguruko informazio gehiago, hemen aurkituko duzue.

Erlazionatuak

Segak hartu eta Europara

Asier Imaz 2017 uzt 26

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!