Segak hartu eta Europara

Asier Imaz 2017ko uzt. 26a, 08:45

Europako Sega Txapelketa abuztuaren 18tik 20ra jokatuko da Suitzan; 13 eta 14 urtekoen mailan eskualdeko hiru segalari izango dira Euskal Herriko selekzioa ordezkatuko dutenak.

Euskal Herrikotik Europako txapelketara, Espainiatik pasa gabe, Euskal Herria ordezkatuz. Segak badu beste hainbat kirolek ez duten aukera hori. Eta aukerez hitz egiten hasita, aurten lehen aldiz, 13 eta 14 urteko gaztetxoek Europako Sega Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, Suitzan.

Almitza Sega Elkartera iritsi zen gonbidapena, hauek antolatzen baitute euskal selekzioa. Beste mailetan egiten duten bezala, gaztetxoen Euskal Herriko Sega Liga antolatu zuten. Hiru jardunaldi jokatu ondoren, Suitzara joango ziren hiru segalariren izenak erabakita zeuden: Arkaitz Gabirondo, Amaiur Arrospide eta Amets Otegi.

Bi gazteluar eta leaburuar bat. 12 urterekin, Iñigo Etxabe belauntzarra, Europako bidaiaren ateetan geratu zen. Berak dioen bezala, aurrerago ere izango dira aukerak. 

GAZTETXOAK SEGAN

Joxe Gabirondoren izena aipatzen dute laurek, segan nolatan hasi ziren galdetuta. «Ea probatu nahi genuen galdetu zigun, eta gustatu egin zitzaigun». Arkaitz Joxeren semea da, eta etxean lehendik ezagutzen zuen mundu hori. Gero, animalientzat jana pilatu behar izaten zenez, tokatu izan zitzaion sega hartu eta belazera joatea. Ametsek badu beste erreferentzia bat, Aitor eta Igor Esnaola osabena. 

Ez da egiten duten kirol bakarra. Areto futbola, esku pilota edo frontenisa zaletasunen artean dauzkate. Arkaitz Gabirondok, adibidez, Ataria Pilota Txapelketaren finala jokatu du. Iñigo Etxabek laburbiltzen du: «Orain arte segan ez da guretzat horrelako txapelketarik egon. Polita izan da, ilusioa egiten dizulako. Jende berria ezagutzen duzu, beste kirol bat eginaz».

Leaburuko jaietan izan zuten lehen aldiz jendearen aurrean segan aritzeko aukera, duela bi urteko festetan. Geroz, Gaztelu, Belauntza edo Lizartzan izan dira, eta baita Azpeitian ere Amaiur Arrospidek gogoratzen duen bezala: «Europako Txapelketa Loiolan jokatu zenean, erakustaldi moduko bat egin zuten, gaztetxoena. Herrialde desberdinetakoak elkartu ginen». Leaburuarraren esanetan, orduko hartan euskaldunak nagusi izan ziren, baina Suitzan zailagoa izango delakoan dago. Amets Otegik ez du presiorik nahi, eta helburua ondo pasatzea izango dela dio.

Eskualdekoak abuztuaren 18tik 20ra Suitzan egongo dira euskal selekzioko kide bezala.  

EUSKAL HERRIKO LIGA

Iñigo Etxabe ATARIA Irratian esatari lanetan aritu zen Gipuzkoako Sega Txapelketaren finalean, Alaitz Imaz eta Juan Manuel Erasunekin batera. Ligaxkaren kronika, beraz, bere gain geratzen da: «Almitzak antolatzen du txapelketa. Hiru jardunaldi jokatu ziren eta amaieran, sailkapeneko lehen biek, mutiletan, Europako Txapelketarako txartela irabazten zuten. Nesketan, Amets bakarrik zegoen adin horretan. Horregatik 16 urtekoekin ibili zen. Lehen jardunaldia Zaldibian izan zen, bigarrena Lazkaon eta azkena Udaben. Nire kasuan, lehen jardunaldian ez nuen oso ondo ebaki. Belarra pisutsua zegoen eta laugarren geratu nintzen. Bigarrengo jardunaldian hobeto aritu nintzen, baina ez oso ondo. Hirugarrengoan belar handia zegoen denontzat, eta han uste dut inork ez zuela gozatu».

13 eta 14 urtekoen arteko lehian Arkaitz Gabirondo nagusitu zen, Amaiur Arrospiderekin borrokan ibili ondoren. Gazteluarra eta txapelduna: «Azkartasun eta txukuntasun proba da. Txukun ez baldin bada ebakitzen, penalizazio handiak izaten dira». Eta hori, leaburuarrak ongi daki:«Lehen bi jardunalditan Arkaitzek baino azkarrago ebaki nuen saila, baina berak esan bezala, penalizazioek asko kentzen dizute». Bien arteko lehiak, Europan izango du jarraipena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!