Gezi horiaren bidetik

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 20a, 09:20
Bi erromes, Tolosako San Frantzisko etorbidetik.

Donejakue bideek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Horietako bat, Barrualdeko Bidea izenekoa, Tolosaldetik igarotzen da. Ez bada ere hain ezaguna, gero eta jende gehiagok erabiltzen du.

Esaera zahar txinatar batek dio hiru mila legoako bidea pauso batekin hasten dela. Santiagora joateko bide asko daude, baina horiek guztiak ere pauso bakar batekin hasten dira. Donejakue bideetako bat Tolosaldetik igarotzen da, Barrualdeko Bidea deritzona.

Barrualdeko Bideak bi ibilbide ditu Hernanitik Zegamara bitartean, eta, beraz, Tolosaldetik ere bi Donejakue ibilbide daude. Horietako bat, ohikoena erromesen artean, eskualdean Adunatik sartzen da Oria ibaiaren parean joanez, Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Alegia eta Ikaztegieta zeharkatzen ditu. Hain justu, Oria bailarako bidea deitzen zaio. Hernanitik Tolosara bitarteko etapak 19,3 kilometro ditu eta Tolosatik Zegamarainokoak 35,2 kilometro.

Beste ibilbidea, Saiatz izena duena, menditsuagoa da, eta ibiltari bakan batzuk animatzen dira bertatik. Izan ere, gaur egun ez dago bertan azpiegiturarik lo egin edota dutxa bat hartzeko, eta, gainera, gogorragoa da. Hernanitik hasi eta Lasarte-Oriatik igaro ondoren, Zubietatik pasa eta Andazarratera doa bidea, ondoren Zelatunera igo eta Bidania-Goiatzera iristeko. Guztira 28,8 kilometro. Hor geldialdia egin eta gero, hurrengo etapa Albizturko Santa Marina auzotik igarotzen da eta Zegamaraino 34,3 kilometro ditu.

Bi ibilbideetan ikusten dira gezi horiak, Donejakue bidearen bereizgarriak, Santiagora nondik joaten den erakusteko. Hainbat kartel ere ikusi daitezke herriguneetan, Donejakue bidea bertatik pasatzen dela gogorarazteko.



ATERPE ESKE

Tolosan badu bere lekua Gipuzkoako Donejakue Bideen Lagunen Elkarteak. Andre Maria parrokiaren lokaletan du bere egoitza. Bertako kideak dira Richard Lopez, Pedro Etxezarreta eta Herme Sagarna. Lopezek Donejakue bidea egin zuen eta elkartearekin kontaktuan jarrita, Tolosan taldea sortu zuen beste bi lagunekin batera orain bederatzi urte inguru. Egiteko nagusiena kredentzial edo sinestamendu orriak banatzea da, erromesek bertan zigiluak jartzeko. Tolosako turismo bulegoan jaso daitezke orriak eta bertan ere zigilua jartzen zaie erromesei. Orri horrek Donejakue bideko aterpeetan lo egiteko aukera eskaintzen du. Aterpe horiek berez doakoak dira, eta erromesek bere borondatez dirua utzi dezakete.

Iazko datuek erakusten dutenez, guztira 164 pertsonei eman zitzaizkien sinestamendu orriak eta beste 72ri zigilua jarri zitzaien. Donejakue bidea egiten ari ziren 221 pertsonek egin zuten lo Tolosan: Zuloaga Txiki aterpean 99, Oiarbide ostatuan 70, Karmentxu ostatuan 42 eta Oria Hotelean 10.

Tolosatik igarotzen diren erromes guztien datuak ez dituztela diote elkartekoek: «Badira hemendik pasatzen direnak baina ez direnak bertan lo egiten geratzen edota ez dutenak zigilua jartzen. Ezinezkoa da jakitea zenbat erromes pasatzen diren urtero».

Tolosan Donejakue bideko aterpea izatea nahi dute elkartekoek. Azken udalekin aritu dira hizketan, baina ez dute lortu leku bat aterpea jartzeko. «Lo egiteko lekua, komunak eta dutxa bat besterik ez da behar», azaldu dute. «Badaude hainbat leku erabilgarriak direnak horretarako. Esaterako, orain Iturriza etxea erosi du udalak. Ea bertan posible den leku bat atontzea». Tolosaldean ez dago erromesentzat espresuki jarritako aterperik. Andoainen eta Beasainen badaude, eta Barrualdeko Bidea egiten dutenek herri horietan egin ohi dituzte geldialdiak.

Elkarteko hiru kideak ere aritzen dira tarteka erromesen aterperen batean boluntario lanak egiten. Aurtengo abuztuan astebete izango dira Donostiako erromesen aterpean Lopez eta Etxezarreta. «Doakoa denez, bada jendea aprobetxatu nahi duena, eta Donejakue bidea egin ez arren saiatzen dena bertan gelditzen», dio Lopezek. «Aterpeetan une horretan gaudenok erabakitzen dugu horrelakoetan zer egin, hau da, pasatzen uzten diogun ala ez».

Gora doan ekimena dela diote elkartekoek. «Frantses bidea da ezagunena eta kostakoa gero eta jende gehiagok egiten du. Barrualdeko Bidea ez da hain ezaguna. Erromesak tantaka ikusten dira, baina beste bideak gainjendeztatu ahala, gero eta gehiago etorriko dira hemendik».

Brian Cullen Tolosako turismo bulegoko arduradunak dioenez, «geroz eta jende gehiagok egiten du Barrualdeko Bidea. Frantses bidean eta kostakoan gero eta jende gehiago dago, eta hainbeste jende inguran nahi ez duenak bien arteko bideak egiten dituzte, adibidez, Barrualdekoa. Lasaitasuna nahi dutenek bide hau aukeratzen dute».

Zuloaga Txikiko arduraduna den Iñaki Etxeberriak azken urteotan jende kopurua igo egin dela dio: «Orain zazpi edo zortzi urte ez zen ia inor pasatzen. Gaur egun, tantaka pasatzen dira, baina pixkanaka erromes gehiago azaltzen dira».



HISTORIARI LOTUTA

Barrualdeko Bidea zaharrenetakoa dela azaldu du Cullenek. «Donejakue bidea ezaguna bihurtzen hasi zenean, frantses bidea esaten zaiona muga egiten zuen herrialde kristau eta musulmanen artean. Kostaldetik joatea oso arriskutsua zen, bikingoz eta pirataz josita baitzegoen. Beraz, Irunetik sartzen ziren eta Hernani, Tolosa eta San Adriango tuneletik igarotzen ziren erromesak». XII. mendearen hasiera aldera, frantses bidean gazteluak hasi ziren eraikitzen. «Bide geopolitiko, ekonomiko eta militarra bihurtu zen, eta indarra hartu zuen».

Donejakue bideak eta Tolosak badute bere lotura historian zehar. «Tolosa irla bat zenean, eta harresiz inguratuta zegoenean, herritik igarotzeko ordaindu egin behar zen. Erromesek, baino, ez zuten ordaintzen», esan du Cullenek. Arrameleko San Juan eliza hasiera batean Jerusalemgo San Juan ordenaren menpekoa zela gaineratu du. Orden erlijioso-militarra zen, eta, besteak beste, Donejakue bidea zaintzen zuen. «Bertako nagusiak Tolosako alkatearen botere berdina zuen eta erabakiak bien artean hartzen zituzten». Erdi Aroko ermitaren aztarnarik ez dago egun. Bere lekuan egungo eliza eraiki zen, neoklasiko estilokoa.

San Juan elizaren ondoan garai batean La Magdalena izeneko erromesen ospitalea zegoen. «Azken aztarna iturri bat izan zen; handik hartzen zuten ura erromesek. La Magdalenaren aztarnak desagertu egin dira N-1eko obrak eta ondoren izan diren hirigintza lanen ondorioz», zehaztu du Cullenek.

Donejakue Bideari oso lotua dagoen beste aztarna bat Andre Mari parrokiaren barruan dagoen elizate erromanikoa da. Ate xakeztatua da, Donejakue bideetan dauden eraikin erromanikoen bereizgarrietako bat. XIII. mendekoa da elizate hori eta San Esteban ermitakoa izan zen. Hura desagertzean atea Andre Mari parrokiara eraman zen. Artxiboetan ez badago ere horren berririk, uste da Andre Maria parrokiaren aurretik leku berean zegoen ermitaren atea izan daitekeela.

Erromesentzako ospitaleak edo aterpeak hainbat herritan izan ziren. Esaterako, Albizturko Santamañako elizaren ondoan dagoen etxea, gotiko garaiko aztarnak dituena, horietako bat izan zela uste da.



DESKONEXIO BILA

Zuloaga Txikiko aterpean lo egin ondoren, atzo abiatu zen Humberto de Freitas erromesa Zegama aldera. Portugesa jaiotzez, Frantzian bizi da orain dela urte asko. Barrualdeko Bidea Irunetik hasi zuen. «Beste bideak ezagutzen ditut, baina hau ez nuen ezagutzen, eta horregatik aukeratu dut», azaldu zuen. «Hau lasaiagoa da, ez dago ia inor. Eta hori aprobetxatu nahi dut, gero frantses bidera iristen naizenean askoz jende gehiago izango delako. Orain hura autobide bat bezalakoa da».

Deskonektatzeko beharra duela dio eta horregatik egiten duela Donejakue bidea esan du de Freitasek. «Ondo sentitzen naiz. Egunerokoan nagoenean pentsatzen dudan gauzetan ez dut pentsatzen, eta hori da behar dudana». Iaz, belaunean izan zuen arazo batengatik bi aste ibiltzen aritu ondoren utzi behar izan zuen, frustratuta. «Aurten belauna operatu didate, eta, eskerrak, behar bat delako niretzako bidea egitea».



Andoaingo erromesen aterpean lo egin ondoren, atzo eguerdian Tolosan zeuden Santiago Bronchal bartzelonarra eta Jose Luis Del Campo madrildarra. Beasainera iristea zuten helburu gaua bertako aterpean pasatzeko. Elkar ezagutu zuten orain 24 urte Donejakue bidea egiten, eta tarteka elkartzen dira bidearen zenbait zati egiteko.

Erromes beteranoak dira eta garbi dute zergatik aukeratu duten Barrualdeko Bidea: «Ez genuen bidearen zati hau ezagutzen. Lasaia da eta ez dago jendez gainezka». Irunen hasi zuten ibilaldia eta, besteak beste, San Adriango koba pasatzeko gogoz abiatu ziren. Ez dute Santiagora joateko asmorik oraingoan. Gehienez Santo Domingo de la Calzadaraino iritsiko dira. «Lasaitasuna nahi genuen eta hori badaukagu», esan zuen Bronchalek, eta gaineratu: «Donejakue bidea negozioa bihurtu da. Guztiz ustiatuta dago. Lasaitasuna nahi baduzu, ez da posible zure aurretik 500 pertsona joatea eta atzetik beste 500, eta horretan bihurtu dira bide ezagunak». Irungo aterpean 50 pertsona zeudela zioten, baina beraiek bakarrik hartu zutela Barrualdeko Bidea, beste guztiek kostakoa egiteko asmoa zuten.

Deskonexioa bilatzen dutela zioten. «Ibiltzea gustatzen zaigu, eta ibiltzeak beste erritmo bat ematen dizu, beste perspektiba bat, eta lasaitasunez egin badezakezu, horrek laguntzen du», esan zuen Bronchalek. «Ez da posible, frantses bidean gertatzen den moduan, jendea aterpeetatik goizeko lauretan ateratzea hurrengo aterpera lehenbailehen iritsi eta lekua hartzeko. Lasterketa batean bihurtu da. Azkenean bere aparretan itoko da».

Del Campok gaineratu zuenez, «jendeak turismo merkea bilatzen du, eta zerbait ligatu ahal badu, hobe». Berak «espiritualtasun» aldetik ere zerbait bilatzen duela esan zuen, «ez derrigorrez fede kristauarekin lotuta. Denak du bere espiritualtasuna edo transzendentzia: ibai baten ibarrak, ilunabar batek...».

Erromes bezainbeste motibo daude Donejakue bidea egiteko. Barrualdeko Bidea ez da hain ezaguna erromesen artean, eta Tolosaldean bertan ere ez da agian hain ezaguna Donejakue bideak eskualdea zeharkatzen duela. Halere, badirudi pixkana erromes gehiago ikusiko direla eskualdetik Santiagora bidean.

Erlazionatuak

Zentzumenak zabalik bisitatzekoa

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!