«Ez daukate ohiko azterketa medikorik egiteko aukerarik ere»

I. Terradillos / A. Urkola 2017ko uzt. 13a, 07:55

22 haur saharar etorri dira Tolosaldera uda igarotzera; horietako 12 aterpetxean daude eta gainerakoak harrera familietan. Besteak beste, azterketa medikoak egiteko baliatzen dituzte hilabete hauek.

TOLOSALDEKO ATARIAk bizilagun berriak ditu aurtengoan. Erredakzio ondoko eraikina bihurtu dute uda igarotzera etorri diren haur sahararren aterpetxe. Eli Eizagirre (Leaburu-Txarama, 1984) da bertako begiraleetako bat: «Orain arteko urduritasun guztiak pasa dira eta orain merezi du hau guztia haurrekin bizitzeak», azaldu du.

Zein adin dute aterpetxean dauden haurrek?

Aterpetxean sei urtetik hamar urte bitarteko 12 neska-mutil daude, bost neska eta zazpi mutil. Berez, 10 eta 12 urte arteko haurrak etortzen dira, baina aurten gazteagoak diren bi neska etorri zaizkigu osasun frogak egin behar dituztelako. Beraz, gaztetu egin zaigu taldea. Guztira, 22 haur saharar daude Tolosaldean, harrera familietan daudenak ere kontuan hartuta. Talde polita.

Bi aste pasa dira jada etorri zirenetik. Zer moduz pasa dituzue lehen egunak?

Haur batzuk lehen aldiz etorri dira guregana aurten eta Tolosara eta hiriko bizitzara egokitzen aritu gara: errepideetako segurtasuna edota bidegorrietako ibilaldiak ezagutzen eta abar. Taldea ezagutzen eta familia osatzen ere aritu gara. Beste batzuk aurreko urteetan ere etorri dira eta ondo ezagutzen dugu elkar.

Zein jarduera egiten dituzue hilabete hauetan?

Ura ikaragarri gustatzen zaie; hortaz, egunero-egunero igerilekura joatera behartzen gaituzte. Azterketa medikoak egiten hasiak gara, eta horrek ere denbora pixka bat kentzen digu. Hala ere, beraiekin hainbat ekintza egiteko aukera dugu: Anoetako apar festara gonbidatu gintuzten, Kirikiño aisialdi taldeko gazteekin jolasak egin ditugu eta hilabete bukaeran zumba eta piraguismoa ere egingo ditugu, besteak beste.

Zein da programaren helburua?

Programak duen helburu nagusia da haurrei osasun arreta egokia ematea. Saharan ez daukate aukerarik ohiko azterketa medikorik egiteko: ez daukate betaurrekoak jartzeko edota belarriko tapoiak kentzeko aukerarik. Azterketa mediko horiekin zenbait gaixotasun txiki sendatzeko aukera ematen diegu. Saharako kanpamentuetako egoera oso larria da; elikadura aldetik, janaria falta dute eta haurrek anemia izatea oso ohikoa da. Hemengo elikaduraren bidez, anemia horri aurre egiten diote eta negu bitarteko bitaminak jasoko dituztela esan digute. Jana eskaintzearekin soilik osasuna ematen ari gara.

Laguntza gero eta eskasagoa al da Saharan?

Oso egoera larria dute Saharan. Oso negu gogorra izan dute eta otsailean heldu zitzaien uda. Ikaragarrizko beroa jasaten ari dira eta ia egunero alerta gorrian daude. Aldaketa klimatikoaren ondorioa izango da. Bidaiatu baino egun batzuk lehenago, 16:00etan elkartzen ziren baina azken egunean ezin izan zuten bildu 63 gradu zituztelako.

Kontuan hartu behar dugu giza eskubideen aurkakoa dela hori. Basamortu erdian egoera kaskarrean daude: biltegi guztiak hustu dituzte eta janari gabezia daukate. Urari dagokionez ere nahiko larri daude; horri aurre egiteko argindarra sortzeko kableak jarri zituzten hainbat herrialdetan. Beroaren ondorioz kable horiek erretzen ari dira eta argindarrik ere ez dute.

Errefuxiatuen egoeraz ari gara hitz egiten, ezta?

Gaur egun, errefuxiatu hitza eguneroko hitza da, baina ezin dugu ahaztu Saharako herriak 41 urte daramatzala errefuxiatu egoeran, Espainiako Gobernuak saldu eta Marokoren esku utzi zituelako. Ihesi atera ahal izan zutenek errefuxiatu kanpamentuak sortu zituzten. Mendebaldeko Sahara okupatuko egoera ez da batere erraza, eta tamalez, komunikabideetan ez du ahotsik.

Beren egoera ezagutaraztea ere bada programa honen helburua?

Iruditzen zaigu haurrak bakarrik hartzen ditugula harrera familietan, baina azken finean familiak hartzen ari gara. Pixkanaka-pixkanaka toki askotan ezagutarazten ari gara Saharako eta bertako herritarren egoera. Harrera familia bakoitzak baditu egoera hori zabaltzeko moduak, familia, bizilagunak eta abar. Saharar bat ikusten dugun bakoitzean, herritarrek galdetzen dute: Zer dago haur horren atzean? Zergatik daukate beren herrialdetik ateratzeko beharra?

Gu guztion helburua da Oporrak bakean ekimena ez existitzea. Egunero egiten dugu lan ahalik eta harrera familia eta finantzazio handiagoa lortzeko, baina gure benetako helburua da haur horiek bueltatu behar ez izatea. Gure eta beraien desioa da azken Oporrak Bakean ekimena izatea. Azken finean, beren lurraldean badituzte oinarrizko gauzak eta gu guztion betebeharra da herri sahararra bere lurraldera itzuli eta gure beharrik ez izatea. Hori da helburua.

Zenbat boluntario ari zarete lanean?

Lau begiralek 24 ordu pasatzen ditugu aterpetxean, hiru sahararrak dira. Kanpoko laguntza ere beharrezkoa da. Hainbat lagun aterpetxera etortzen dira laguntzera: garbitzera, garbigailuak jartzera, bazkariak egitera eta abar. Asko disfrutatzen dugu haurrekin baina jende horri esker ere aurrera ateratzen da proiektua.

Zuri zer eskaintzen dizu gaztetxoekin lan egiteak?

Urte guztia daramagu esfortzua egiten, baina eskertzekoa da haurren irribarrea ikustea, igerilekutik bueltatu eta besarkatzera etortzea edo ikusi dutena kontatzea. Ikaragarri pozten nau haurren ilusioa ikusteak. Orain arteko urduritasunak pasa dira eta orain merezi du beraiekin hau guztia bizitzeak.

Erlazionatuak

Saharar gaztetxoen bisita

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!