Hasiak dira batzuk, eta bigarrenez hastekoak dira beste hainbat. Uda garaiarekin batera, arraun denboraldia pil-pilean dago jada, eta asteburu honen ondoren taula gainean izango dira pieza guztiak, jokaldi adimentsuenen zain. Tolosaldeko 31 gizon-emakumek barru-barrutik bizituko dituzte Euskotren, Eusko Label eta KAE 1 ligaren nondik norakoak, beraz, zalantzarik ez da: kresal usaina iritsi da lehorrera ere.
Joan den ekainaren 18an hasi ziren KAE ligako lehen mailako estropadak, eta horretan dihardute, jo eta ke, igoerako play-offa amets. Eskualdeko 11 ordezkari ariko dira, Orioko bigarren traineruan, Zarautzen tartean Anjel Larrañaga entrenatzailea eta Zumaian. Momentuz, Telmo Deun ontziko tostetan doazenek erakutsi dute sasoirik onena, baina gertu dituzte Enbatakoak.
Bide beretik, nahiz eta Euskotren ligan lehiatzeko datorren asteburua hil edo bizikoa izan, arraunlariak ekainaren 17az geroztik ari dira, ur gaineko deman, Gipuzkoako emakumeen traineru ligan. Bihar Orion eta igandean Donostian egindako lanek aukeratuko dituzte lau ontzi onenak, eta denboraldia baldintzatuko die horrek, Tolosaldeko 13 arraunlariri: Donostiarran, Hernanin, Orion eta San Juanen ari dira emakume horiek guztiak.
Orain arteko lanei begira, harritzekoa litzateke batelerak oilarren ligatik kanpo geratzea, eta oriotarrek ere eskuratu beharko lukete txartela. Estatxa askatutakoan ikusi behar, ordea, non dagoen bakoitzaren lekua.
Eta lekuak hartzeari ekin zioten, joan den asteburuan, Eusko Label ligako traineruek. Bi norgehiagoka baino ez dituzte jokatu, baina zale sutsuenak hasi dira ilusioa edo nahigabea elikatzen. Tolosaldean zazpi arraunlari ari dira liga izarrean, Hondarribian, Kaikun, San Juanen eta San Pedron.
Irailera bitarte, guztiek ere, xake materik distiratsuena egitea izango dute gogo bakar.