[Zia edo boga] Nire balkoitik

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uztailaren 7a

Gauza garrantzitsuetarako asmatu zituzten, antza, balkoiak. Errege-erreginak agurtzeko; plebeari diskurtso irmoak eskaintzeko; gainerakoen bizitzei intimitatea lapurtzeko; neguan teilatupean egiten duguna, udan aire librean egiteko; edo, norbere aldarriak munduari erakusteko.

Egia da, ohituagoak gaudela balkoiak mezu sozio-politikoen mihise moduan ikusten, baina, izan porlanezko, metalezko zein egurrezko, balkoiek ia edozeren pisuari eusten diote, zintzilik. Horregatik, ofizialki, hasi da Kantauri isurialdeko balkoi denboraldia.

Ez, ez da lorerik ederrenak zaintzen dituztenen lehiaketa, eta ezta inauterietako sobrekama koloredunak zintzilikatzeko garaia ere; norbere arraun talde kuttunaren banderatxoa zabaltzeko hilabeteak datoz.

Lehen, bi eskuekin konta zitezkeen Tolosaldeko banderak; ziur inork buruz ere jakingo zituela balkoi guztien helbide eta koloreak. Orain, berriz, gero eta gehiago dira barrualdetik itsasoari keinua egiten diotenak. Eta, ez da gutxiagorako, eskualdeko 30 arraunlari ari baitira, liga gorenetan.

Balkoi horietako bakoitzaren atzean, arraunaz gozatu bezainbeste sufritzen duen norbait bizi ohi da: anaia, ama, lehengusua, aitona, amona, bikotea, laguna edo, besterik gabe, zale sutsua.

Eta, itsasertzean balkoietako koloreek zatiketa txiki bat eragin badezakete ere, hemen, Oriaren haranean, oihal zati txiki horrek sortzen du halako enpatia bat, zintzilikatzaile guztien artean: «Hara, hor ere telebista eta irratia piztua egongo dira, erlojuari begira».

Nire balkoitik, pentsatu izan dut, ederra litzatekeela, balkoietako bandera kopuruagatik, uretan segundoren bat edo beste oparitzea. Baina, ez da ederragorik, norbere balkoiaren kolorea tostetatik defendatzen dutenak, balkoian bandera astintzen ikustea baino. Beraz, zorte on denei, eta eutsi tinko zuen oihalari, hau hasi besterik ez da egin eta!

Erlazionatuak

Pieza guztiak taula gainean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 uzt 07 Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!