Argentinako trinketen oihartzuna

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017ko uzt. 2a, 10:59

Pilotak hots bertsua ateratzen du horma jotzean, Behar Zanan edo Laurak Baten. Hotsa izan daiteke antzekoa, baina pilotariak desberdin entzungo du. Txalo-hotsa antzekoa da Altzoko frontoian edo Viedmako trinketan, baina bertsolariak desberdin sentituko du. Tolosaldean ohikoak diren adierazpideak eraman ditugu Argentinara, apirilean. Testuinguruak egin ditu desberdin. Orain, etxera itzulita eta gure pilota eta bertso mundu naturalean murgilduta, desberdin sumatzen dugu bertso eta pilotakada bakoitza, oihartzuna urrundik datorkie.

ARGENTINATIK TOLOSALDERA ITZULTZEAN

Apirilean izan dugu diaspora argentinarra ezagutzeko aukera, bertsopilota ekimenari esker. Zazpikote bat elkartu eta zazpi euskal etxetan zehar egin dugu bira, sei hiritan. Batzuetan bertsotan eta pilotan jardun gara, beste batzuetan dantzan edota kantuan aritzea ere tokatu zaigu. Truke honen berri eman dugu ahal zen neurrian ATARIAko Komunitatean egunez egun; orain, eguneroko zurrunbilotik urrunago, zer ikasi dugun ulertu nahian gabiltza.

Atzerriko euskal komunitatea ezagutzeko interesa denok genuen taldean, baita genekien apurra konpartitzeko gogoa ere. Gure pasioetako bi transmititzera gindoazen euskal etxeetara, baina trukeaz hitz egiten genuen; bagenekielako asko genuela haiengandik jasotzeko. Begiak zabaltzen dituenak ez beti, baina begirada zabaltzen duenak ikusi egiten du. Eta ikusi dizkiegu guk hemen (Euskal Herrian eta Tolosaldean) ditugun kezketako asko.

Gure mundutxoa eraman nahi izan diegu (erakutsi esatea gehiegi da) eta euren begietatik ikusi ahal izan dugu gure mundu hau. Joan aurretik eskualdean naturalki bizi genituen hainbat gauzek beste zentzu bat hartzen dute urrundik. Barrutik, eguneroko ekintza txikietan murgilduta gabiltza eta ez ditugu batetik besterako hariak eta azpian dauden arrazoiak sumatzen. Txindokiko gailurretik Tolosaldea hobeto ikusten den bezala, kanpotik begiratzeak ulertzen lagundu digu guri ere.

Euskal etxeek, erbesteko euskaldunak elkartzeko gune gisa funtzionatzen dute. Hala ere, ez da hori helburua; elkartzea transmisiorako bitarteko bat da. Ez da kasualitatea, Argentinan zehar Gernikako arbolarenak omen diren kimuak ikustea: adarrak zabalago nahi dituenak sustraiak sendoago beharko dituelako eta etxetik urrun denak etxea bizitzeko bere era aurkitzen duelako. Eta euskaldunaren etxea ez baita baserria soilik, euskara, bertsoa eta pilota ere etxea bizitzeko era bihurtzen zaizkie urrun daudenei. Erakusgarri nabarmena da, euskal etxeek dantza taldeak dituzten bezala trinket eta frontoiak izatea barruan.

Diaspora ispilu bat izan da guretzat, distantziatik gure bizimoduari erreparatzeko parada. Hango berri eman dugu eskualdera eta eskualdeko berri jaso dugu han; eta hasiera batean ez iruditu arren, oso lotuta dago bat bestearekin. Ez dugu Tolosaldetik hara joandako inor ezagutu bisita labur honetan, kondaira bihurtu den Pello Mari Otaño ez bada. Hala ere, oraindik zer esana ematen jarraitzen du Otañotarren sendiak eta diasporak esateko duenak ere lagundu dezake, gure herria eta eskualdea ulertzeko. Itzuli garenetik askotan harrapatu dugu gure burua herriari Argentinatik begiratzen.

Erlazionatuak

Pilota bat-batean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Bertsoa errebotean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!