Pilota bat-batean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017ko uzt. 2a, 12:02

Pilota, bertsoa, euskara, umorea, jai giroa eta lagun kuadrilla bat. Osagai guzti horiek nahastuta sortu genuen Bertsopilota emanaldia.

Helburua berriz hain gureak, hain Euskal Herriko berezitasun diren pilota eta bertsoa bezalako aldagaiak herri batetik bestera elkar uztarturik erakustea eta horrekin guk geuk ondo pasa eta gerturatzen ziren guztiei ondo pasaraztea. Ezin zuen beste era batera izan.

Proiektu hau sortu genuenetik, (lau-bost urte) Bertsopilotak izan du bere ibilbidea Euskal Herriko herri ezberdinetan barrena. Halere, izan ziren, badira eta izango dira antzeko emanaldiak.

Gurean, Irrien lagunen babesari esker haurrentzako jolasak eta opariak banatzen genituen eta sagardo eta beste hainbat euskal produkturekin saski ederrak zozketatzen genituen. Eta noski, pilota partida ikusgarriak eskaintzen saiatzen ginen eta bertsolarien lana ezinbestekoa izaten zen.

Guztia aurkezle berritsu eta bizi baten gidaritzapean eramaten genuen. Pilotariek bezalaxe, berak markatzen du emanaldiaren tempoa, oso ongi irakurtzen du emanaldiaren nondik norakoa une bakoitzean eta saltsa itzela jartzen dio gure Bertsopilotari.

Urteak pasa ahala, esku pilotak eta bertsoak Euskal Herritik kanpo zein harrera izango zuen ikusteko harra sartu zitzaigun eta euskal diasporara zabaltzea otu zitzaigun. Berehala Argentina ahoratu zitzaigun eta buruan mila ideia loratu.

Argentinatik bueltan ikusi dugu ez dela kirol emankizun soil bat izan. Ez dela bi bertsolariren kantu saio soil bat izan. Euskal Kultura, jendea, hizkuntza, funtsa bera… guztia eraman genuen beraiengana.

Pilota esku hutsez jotzea, halako harri kozkorrei inolako pala edo xisterarik gabe jotzea eta hain azkar gainera beraientzat ikusgarria izan zen. Argentinan palaz eta xarez jokatzen dute, gehienean trinketetan gainera. Eta beraien gunean gu horrela jokatzen ikusteak miresmena sortzen zien.

Pilotaren ama eskua dela guztiek dakite. Ondoren sortu da beste guztia. Pilota eta eskua. Horrela sortu zen euskal pilota euskal mendietako soroetan. Ondoren etorri ziren arkupe, frontoi, trinketa, pala, xistera etab. Ez da erraza izango esku pilota txertatzea Argentinan, xareak edo paletak baitute indarra eta esku pilota irakaslerik ez baitago. Baina orain badakite zer den. Bahia Blancan takoak egin genizkien bertakoei eta pilota saioa ere eman genien. Agian, bertan erein genuen haziak ekarriko du etorkizunean Argentinan pilotaririk.

La Platan, Viedman, Necoechean zein Rosarion esku pilota gerturatu diegu. Eskuak ikusi dizkigute, ukitu. Pilotekin esperimentatu dute, esku hutsez jo. Euskal Herriko pilotariak izan dituzte bertan, toki batzuetan lehen aldiz historian gainera eta beraientzat bezala, guretzat inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izan da. Kiroletik haratago, sentimentala izan da gehiago, eman dieguna, ikusi dutena eta ikusi eta sentitu duguna.

Han zein hemen, pilotan jokatzeak euskal kulturarekin uztarturik egotea suposatuko digu batzuei. Kultura eta tradizioa ere badelako euskal pilota. Ordea, kirol ikuspegi hutsetik begiratzen dutenik bada eta horrek hain kirol gutxituan arazoak sor ditzake epe ez hain luzean. Eguneroko lana etekin ekonomiko soilari begira lantzen duten profesional enpresez ari gara.

Argentinarako bidaia, bertan pilota zer den erakustea, ez zen posible izango herri guztietan lanean dabiltzan pilota eskoletako boluntario, monitore zein arduradunik gabe. Pilota ez da astean bi orduko entrenamendua. Pilota eskola bat egunerokotasunean lan handia sortzen duen eta ematen duen kimua da; aurrekontuekin borrokan, kirol nagusiekin borrokan, modekin, telebista eta abarrekin borrokan.

Gaztetxoak pilotara gerturatzeko lanean egoten gara egunerokotasunean, gurea den pilotan ikasi, jokatu eta goza dezaten. Berdin eskuz, palaz, joko garbian, errebotean, xarean… Guztia da pilota.

Eta hala ere, oztopoak topatzen ditugu egunerokotasunean; diskriminazio positiboa beharko genukeenaren garai honetan ez da halakorik gertatzen. Horregatik da hain garrantzitsua pilota eskolen lana, boluntarioen lana. Pilota kirolaz haratago sentitzen dugunon lana.

Eta horregatik da ere hain arriskutsua etekin ekonomikoarengatik soilik pilota maite duten enpresa profesionalen eginkizuna. Gazteak nahi eran erabili, pilota eskolak ez baloratu, alboratu eta nahi dutenean nahi dutena eginez. Eta gai honetan politikoek hartu beharko lukete zezena adarretatik. Pilota eskoletako arduradunek, eta haratago joanda federakuntzek ezer gutxi egin dezakete guzti honen aurrean.

Eta gu politikariak ez garenez, lanean jarraituko dugu pilota eskoletan. Pilota irakatsiz, pilota ardatz balore positiboak helaraziz, pilotaren alde txapelketak antolatuz etab; TOLOSALDEAKO ATARIA txapelketa bezalakoak esaterako. Tolosaldea osoko haurrak biltzen dituen txapelketa. ATARIA komunikabidearen eta Tolosaldeko pilota eskolen bultzadaz aurrera darraien txapelketa. Boluntario izateak oraindik badu emaitza eta garrantzia. Eta pilotak maitasuna behar du. Finalak uztailaren lehenengoan izango dira Alegian eta gu bertan izango gara, pilotarekiko maitasuna erakusten.

Erlazionatuak

Argentinako trinketen oihartzuna

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Bertsoa errebotean

Oihana Iguaran - Iñaki Lizaso 2017 uzt 02 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!