Enirio-Aralar

Pista gehiago egitearen aurkako mendi ibilaldia

Ataria 2017ko ekainaren 29a

Tolosako Oargi mendi elkarteak eta Villabonako Aizkardi mendi elkarteak ibilaldia antolatu dute Aralarren pista gehiago ez egiteko eskatzeko. Uztailaren 2an, igandea, egingo da ibilaldia, eta 08:30ean abiatuko da Larraitzetik. 16,5 kilometroko bidea egingo dute, Errekonta, Goroskintxu, Jentilarri, Enirio, Malkorri eta Alotza igaro eta berriro Larraitzera itzultzeko. Guztira 1.065 metroko desnibel positiboa izango du ibilaldiak.

Autobus zerbitzua ere jartzeko asmoa dutela azaldu dute Oargi elkartekoek. Autobusa 07:45ean aterako da Tren geltokitik, eta bazkideek eta 21 urte azpikoek 3 euro eta gainontzekoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko posta elektroniko bidez oargimendi@gmail.com helbidera idatziz egin behar da.

Aralar Bizirik plataformak ibilaldia babesten duela adierazi du eta herritarrak bertan parte hartzeko deialdia zabaldu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!