Enirio-Aralar

«Interes pribatuak» dituzten ordezkarien boto eskubidea aztertuko dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 29a, 11:52

Aurreko astean egin zen Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarrean, «interes pribatuak» dituzten ordezkarien boto eskubidea aztertuko direla azaldu du Landarlan ingurumen elkarteak: «Aurretik Landarlanek egindako eskaera bati erantzunez, eta Ikaztegietako Udalak ere batzarrean bertan eskatuta, boto eskubideak aztertuko direla adierazi zuen idazkariak».

Bestetik, Landarlanek adierazi du ados dagoela EH Bildutik egin duten eskaerarekin. «Aranzadiri kudeaketa plana berraztertzeko eskatu dio, orain arte kontuan hartu ez diren ikuspegiak aintzat hartuta. Horretarako hamabost egun barru ezohiko batzarra deitzeko eskaria egin dute», zehaztu du ingurumen elkarteak. Bien bitartean, «beharrezkotzat» jotzen dute Enirio-Doniturrieta pistaren tramiteak geratzea. Batzarrean bildutakoek ez zutela horretarako «prestutasunik» erakutsi gaineratu du Landarlanek, eta hori ondorioztatzeko, Abaltzisketako alkateak ingurumen inpaktuko azterketaren aurkezpena egin zuela eta prozesuaren tramiteen inguruko azalpenak eman zirela adierazi du. 

Enirio-Doniturrieta pistaren inguruan, «jadanik pista duten bost txaboletarako proiektua» dela esan du Landarlanek. «Beste behin ere, ingurumen inpaktuko azterketan legediaren interpretazio interesatua eginez, lurra mugitzea debekaturiko eremu batean pista berri bat eraikitzea planteatzen du», zehaztu du ingurumen elkarteak, eta gaineratu: «Horretarako 183 zuhaitz bota beharko lirateke: 160 elorri, 17 gorosti eta 6 hagin, azken biak EAEko landaredi mehatxatuaren zerrendakoak».

Artzaintza eta abeltzaintza «zaindu eta mantentzearen aldeko jarrera beti» agertu duela esan du Landarlanek, baina ez zaie iruditzen «gaur egun hartzen ari diren horrelako erabakiek artzaintza jasangarri bati bide emango diotenik».

Bestalde, «legez kanpo eta kontrolik gabe, pistetatik kanpo goi larreetan» ibilgailuak ibiltzearen gaia aipatu du Landarlanek, eta gogora ekarri du hori salatu duela Mankomunitatean, eta horren inguruko neurriak hartzea eskatu duela. Galde erreguetan elkartekoek beraien iritzia eman zutenean gai horri buruz, «abeltzain batzuek iraintzat hartu eta errespetu falta» leporatu zietela azaldu dute. «Hau gutxi balitz, batek mehatxu zuzena egin zigun publikoki, bai gu edo Aralarren edonor bere inguruan argazki eta bideoak ateratzen ikusiz gero, haren gainetik pasatu zela esanez», adierazi dute, eta gaineratu «tamalgarria» izan zela Jose Miguel Santamaria Mankomunitateko lehendakariak ez zuela adierazpen horiengatik «inongo ohartarazpenik egin, ezta herritar horri arreta eman ere».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!