"Jolas giroan asko ikasiko dute"

Asier Imaz 2017ko eka. 19a, 07:49

Tolosan Triatloi Kanpusa antolatu baldin badute, Aimar Agirresarobek (Tolosa, 1981) ezin du urruti ibili. Lanpeturik eta berriro ere lehiarako prest egon arren, udako kanpusean esku bat botako du tolosarrak. Gaztetxoek izango dute zer ikasia Agirresaroberekin.

Donostian, Atletico San Sebastianen, Triatloi Kanpusa martxan jarri zenuten. Orain eskualdera ekartzea erabaki duzue.

Orain dela urte batzuk Atletico San Sebastianeko triatloi sekzioan egon nintzen. Udaleku moduan han hasi ziren egiten horrelako ekimena. Orain, Tolosan, IKT eta TTT-ren elkarlanarekin egingo da. Gaztetxoak triatloia jarraitzen hasi direla ikusi da, eta modan jarri den zerbait dela. Hortik bururatu zitzaigun campus hau antolatzea.

Zer moduz joan zen esperientzia Donostian?

Urte dezente pasa dira, baina oroitzapen ona daukat. Goiza eta eguerdia haurrekin pasatzen genuen triatloiaren inguruko ekimenak egiten. Gogoratzen dut 15eko txandak osatzen genituela, eta gaztetxoak gustura ibiltzen zirela..

Eta Tolosan, zuk ere zure ekarpena egingo duzu.

IKT eta TTT-k elkarlanean antolatu dute campusa, eta bakoitzak bere aldetik duen jakintza mahai gainean jartzen saiatuko gara. Alde horretatik, esku bat botatzen saiatuko naiz, eta hainbat egunetan campusean egongo naiz aktibitate desberdinak haurrekin eginaz.

Kirol batean hiru kirol. Aldi berean, horiek lantzeko beste hainbat balore ere jorratuko dituzue.

Adinean aurrera joaten zarenean lehian buru belarri sartzen zara, eta kirola indibidualizatzen joaten da. Guk udako campusean hasierako filosofiari helduko diogu; elkarrekin ibiltze horri. Elkarrekin egingo ditugu irteerak, lekuak ezagutu, jende berriarekin egon, lagunak egin, ondo pasatu, natura zaindu eta gozatu… horiek izango dira Triatloi Kanpusaren ardatzak.

Gurasoei ere zerbait esan beharko zaie.

Tolosan badakit beste hainbat ekimen egongo direla udan, eta hau bat gehiago izango dela. Kasu honetan, ordea, kirol berri bat ezagutzeko modua izango da. Bizikleta nik uste haur gehienek ezagutzen dutela, igeriketa bezala. Korri egitea ere tokatuko zitzaien. Hiruak uztartuz zerbait berria ezagutuko dute gaztetxoek, denbora on bat elkarrekin pasaz. Betiko kirolak ez dira ahaztu behar, noski, baina horiek gero ere hor egongo dira. Triatloi Kanpusa esperientzia berri eta interesgarri bat izan daitekeelakoan gaude.

Kanpus horretara joateko, aurrez igeriketan edo beste kirol horietan ibiltzea ez da beharrezkoa, ezta?

Edonork parte hartu lezake. Ni ez naiz inoiz igerilaria izan, eta triatloian ibiltzen naiz. Tolosaldeko Triatloi Taldeko asko ere egoera horretan daude. Adibidez, urarekin konfiantza hartzeko modu bat da; bai itsasoan eta baita igerilekuan ere. Kirol zehatz bat landu gabe, asko ikasiko dute aktibitate desberdinen inguruan.

Baina aldi berean, hainbat zehaztasun ere egongo dira.

Egun batzuetan kirol bati buruz aritu gaitezke, baina beti jolasaren bidez landuko ditugu triatloiko sail desberdinak. Tartekatuz eta jolastuz ibiliko gara. Batzuetan traste dezenterekin ibili beharko dute, baina aldez aurretik esango diegu: bizikletako kaskoa, korri egiteko zapatilak, toalla, bainu- jantzia,… kirol batetik besterako trantsizioak ere landuko ditugu, arauak eta abar erakutsiz. Baina lehen esan bezala, beti jolas giroan izango da.

Lehen edizioa denez, ideiak nolako harrera izan du?

Nik uste modan dagoen zerbait dela. Gaztetxoak triatloira begira jarri dira, eta udaleku hauen ideia nahiko ondo hartu delakoan nago.

Etorkizunari ateak zabaltzeko ere balio lezake.

IKT-koekin askotan egoten naiz, ia egunero ez esatearren. Gabezi handi bat ikusten dugu hor: igeriketa gaztetxoek oso goiz uzten dute, eta triatloiari oso berandu heltzen diote. Adin tarte batean hutsune bat dago; 15 urtetik 23ra bitarte edo. Hori oso interesgarria da, eta elkarlan proiektu bat martxan jartzea onuragarria izango litzateke. Hori ez da baztertzen. Kontua da, martxan hainbat gauza ditugula,eta oraintxe horretarako ia denborarik ez dagoela. Gauzak egitekotan ondo egin behar direla uste dut, eta konpromisoarekin hartu beharreko zerbait dela.

Triatloiaz hitz egiten ari garela, TTT-ren denboraldia zer moduz doa?

Aurtengo egutegia nahiko arraroa izaten ari da. Hilabete gutxiren barruan proba asko pilatu dira. Uztaila arte gehiago izango dira, eta taldea maila txukuna ematen ari dela uste dut. Jende berria ere elkartu zaigu, eta han eta hemen parte hartzen ari gara. Zarautzen asteburuan, adibidez, Aitor Regillagak hamaikagarren egin zuen, eta Asier Mujika ere nahiko aurrean ibili zen. Berriek ere maila polita eman zuten, eta etorriko dira emaitzak ondorengo hilabeteetan. Euskal Herrian zehar mugitzen ari gara behintzat, eta hori ez da seinale txarra.

Zure podium bat ere hor dago.

Duela bi aste Pasaian hirugarren egin nuen, esprintean galduta. Urtebete lehiatu gabe egon naiz, eta nahiko seinale ona izan da. Ea hemendik aurrera martxa pixka bat hartzen dugun.

Arazo fisikoengatik egon zara geldirik. Erabat osatuta?

Oraindik Akilesen tendoia pixka bat minduta daukat, baina gutxienez entrenatzen uzten dit. Medikuaren baimena badaukat, beraz, aitzakia gutxi; entrenatzen topera nabil.

Hurrengo erronka?

Zalantzan ibili naiz azken momentura arte, baina aste honetan Sanjoanetan Galizara joatea erabaki nuen. Iron Man erdi bat lehiatzera joango naiz, eta pixka bat nire burua probatzera. Ea 4 ordu inguruko proba bat bukatzeko nola nagoen. Zarautzen parte hartu nahi nuen, baina oraindik pixka bat berde ikusten nintzen. Ea nola joaten den Galizan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!