Udako berrikuntza, Triatloi Kanpusa

Asier Imaz 2017ko eka. 19a, 07:43
Nerea Pagola, ezkerrean zutik, Tolosaldea IKT-ko gaztetxo eta arduradunekin.

Nerea Pagola Tolosaldea IKT-ko kidea da. Uda honetako berrikuntzaren atzean dago ibartarra, igeriketako lagunekin eta Tolosaldea Triatloi Taldeko kideekin batera. Izan ere, eskualdeko igerilariek eta triatletek, elkarrekin, Triatloi Kanpusa antolatu dute. Horrelako ekimena antolatzen den lehen aldia da Tolosaldean, baina inguruan badira adibide gehiago, Atletico San Sebastianen udako campusetan, adibidez. IKT eta TTT-ri esker, eskualdeko gaztetxoek uda honetan kirola eginez ederki gozatzeko aukera izango dute.

Tolosaldeko Udalaren Uda Kanpainaren barruan kokatu dute Triatloi Kanpusa, eta bertan, Nerea Pagolaren esanetan, triatloiaren oinarriak landuko dituzte jolas giroan: «Campusa, udan haur eta gazteei igerilekuaz eta igeriketaz gain desberdina eta osagarria izan daitekeen zerbait eskaintzearen ideiatik dator. Askotan pentsatu izan dugu, igeriketa elkarteko hainbat gazteren etorkizuneko kirola triatloia izan daitekeela; kirol hau praktikatzen duten hainbaten bilakaera naturala triatloia izan daitekeela, alegia».

Ez da kasualitatea ideia hori IKT-ren barruan sortzea, izan ere, «gure elkarteko neskato igerilari kopurua ikusita, etorkizunean triatloira bideratu litezkeen kirolari emakume kopuru handi bateko zakuaz ari gara».

Pagola IKT-ko kidea bere sorreratik, 2004tik. Igerilarien bilakaera ondo ezagutzen du, eta bere esanetan, «kontuan hartu behar da nerabezaroan emakume askok txiki-txikitatik praktikatutako kirola utzi egiten dutela». Bilakaera horri buelta emateko ekimena ere izan daiteke, beraz, Triatloi Kanpusa. «Bide honetan Tolosako Triatloi Taldeak paper oso interesgarria joka dezakeela uste dugu. Guk triatloiko parte den kirol batean esperientzia handia daukagu, eta aldi berean haur eta gaztetxoak mugitzen ere bai. Triatloia bere osotasunean nahikoa arrotz suertatzen zaigu. Triatloi taldeak berriz, lan handia egiten du bere kirol esparruan, baina txikienei zuzendutako esparrua ez dute orain arte gehiegi landu, batez ere helduen inguruan aritu baita». Elkarlan naturala eta naturaz gozatzeko modukoa da: «Igerilekutik atera eta igeriketa aire libreko kirolekin uztartu, eta bide batez, triatloiari indarra eman Tolosaldean. Hauxe da gure proposamena», dio Pagolak.

Triatloi Kanpusa aurrera ateratzeko Tolosako Udalaren eta Kirolzer-en laguntza izan dute IKT eta TTT-ko kideek. Kanpusa aurrera ateratzeko bi teknikari finko egongo dira lanean, «tarteka adituen laguntza zehatza izango dutelarik», argitzen du Nerea Pagolak. Adibideak ere jartzen ditu: «Triatloiak berezkoak dituen ezaugarriak, kirol aldaketak, bizkletaren mantenu egokia… eta bestelakoak azaltzeko». Udako aisialdi taldeen moduan, beste hainbat helburu ere landuko dituzte Triatloi Kanpusean, kirola euskaraz bizitzea izango da horietako bat. Bestea: «Gazteenekin giza balioak eta kirolak bere dituen balioak lantzea; elkarlana, solidaritatea, berdintasuna, natura zaindu eta maitatzea, laguntasuna, lehiakortasun ez mingarria, ohitura osasuntsuak sustatzea…».

Ekimena, etorkizuneko elkarlan baten hasiera ere izan daitekeela dio ibartarrak. Hasieraren hasiera, ekaina amaieran eta uztailan izango da. Hortik sortzen diren fruituak, jarraitzeko modukoak izango dira.

 

XEHETASUNAK

BI TXANDA:

Lehen txanda. Ekainaren 26tik uztailaren 7ra.

Bigarren txanda. Uztailaren 10etik 21era.

ORDUTEGIA: Astelehenetik ostiralera. 09:00etatik 13:00etara.

ADINA: 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat.

LEKUA: Tolosako Usabal kiroldegia eta inguruko natur gune desberdinak.

KIROLAK: Igeriketa, bizikleta gaineko abileziak, ur jolasak, kanpo jolasak, triatloiko trantsizioak, mendi irteera, hondartzan goiz pasak, triatloi txikia...

PREZIOA: 87,60 euro txanda bakoitzeko.

IZEN EMATEAK: tolosaldeaikt.tek@gmail.com / 667 63 17 42 / Usabal kiroldegiko harreran.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!