Enirio-Aralar

[GUTUNA] 'Ez ditzagun hitzak bahitu' gutunari erantzuna

Edurne Huesa. Landarlan Ingurumen Elkartea 2017ko eka. 15a, 16:47

Joan zen ekainaren 8an Marene Irastorzak idatzitako gutunean adierazten zuen Landarlanekoei entzun diela mendizale federatu guztien izenean hitz egiten eta bere izenean ez hitz egiteko. 

Gai honi buruz Landarlanek egindako adierazpena elkartearen blog-ean jasota dago eta ondorengoa dio: «Gipuzkoako Mendi Federazioko batzarrera bertaratu ziren hogeita zazpi mendi elkarteak zoriontzen dituela Landarlanek, aho batez Aralarko pista proiektu guztiak gelditzeko eskakizuna onartu zutelako».

Bere gutuneko ondorengo galdera honekin itaundua sentitzen da, zeharka bada ere, Landarlan elkartea: «Zer eskubide dugun artzainak orain dela mende bat bezala bizitzera kondenatzeko?». Gogorarazi nahi dugu Aralar parke naturala eta Natura 2000 Sarekoa izateagatik derrigorrez bete beharreko legedia duela eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako Zuzendari Orokorra eta Enirio-Aralarko Mankomunitatea direla legedi hori betearazteko eskumena dutenak. Landarlan elkarteak ez du eskuduntzarik inor ezertara kondenatzeko. Pista proiektuen auzi honetan Landarlanek Aralarren natur-ondarearen ustiaketa ondare horren kontserbazioaren aurretik jartzea salatu du, hau da, parke natural baten egin behar denaren kontrakoa egitea. Pista proiektuen kontra egoteak ez du esan nahi Landarlan artzainen kontra dagoenik, ez horixe! Elkarte hau artzaintza jasangarriaren alde dago, baina artzaintzak etorkizuna izateko ezinbestekoa da, legean jasota bezala, larreei eusten dieten lurzoruak ondo zaintzea. Gainera argitu beharrean gaude, artzainak Aralarren ez direla bizi orain ehun urte bezala, txabolak konpondu zaizkie, eguzki plakak jarri argindarra izateko, ura txaboletara eraman, pistak egin zaizkie txaboletarako bidea motzagoa izateko.

Galdetzen du ere «zer gertatzen den Aralarren Gipuzkoako beste mendietan bezala pistak ez egoteko». Esan behar da Aralarren aspalditik daudela pistak eta Landarlanek eskatzen duena pista berririk ez egitea dela, pisu handiko arrazoi batengatik, Aralarko Natur Baliabideen Antolamenduko lege-dekretuaren 26. artikuluak mendi babeslean lurzorua mugitzea debekatzen duelako. Gogorarazi nahi dugu beste behin, Gipuzkoako Fiskaltzak tramiterako onartuta duela pista berriaren kontrako salaketa. Zerbaitegatik izango da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!