Enirio-Aralar

[GUTUNA] Ez ditzagun hitzak «bahitu»

Ataria 2017ko eka. 7a, 09:57

Kaixo mendizale elkarteetako adiskide guztioi. Orain dela gutxi, Aralarreko pisten kontra egindako manifestazio-ibilaldirako gonbidapena jaso nuenean, atsekabea sortu zitzaidan. 

Iraganean, Aralarreko artzain izan ziren nire birraitona eta aita. Gaur egun, nik dakidala hirugarren belaunaldia izanik, Aralarreko artzaina da nire anaia, emaztea eta seme-alabekin. Ni neu oraindik lau oinean ibiltzen nintzenean hasi nintzen Aralar ezagutzen eta nire heziketaren parte garrantzitsu bat izan dela pentsatzen dut: bertan hasi nintzen mendiak, gailurrak, izadiaren edertasuna maitatzen. Baita ere ezagutu nuen zailtasun eta neke ugari: karga pisutsuak abere eta geure bizkarrean hartuta igo eta jaitsi beharra, larrialdiak, ekaitzak...

Kontua da orain, mundu guztiak, geure burua ekologistatzat eta natur zaintzailetzat daukagula. Baina kotxea dugu, motorra, bizikleta eta aldapak eta eskailerak igotzeko eta jaisteko igogailua. Gure mendi tontorretako hainbat ospakizunetara joaten garenean, mota guztietako gailuak erabiltzen ditugu behar den guztia bertaratzeko.

Gauzak horrela, noizbait pentsatu dugu, guk zer eskubide daukagun besteak, orain dela mende bat bezala bizitzera kondenatzeko? Zergatik ez ditugu, Ameriketako Estatu Batuetan gelditzen diren indioak bezala, gure artzain-abeltzainak ere erreserba batean sartzen? Orain erabakitze eskubidea pil-pilean aldarrikatzen dugun honetan, guk geuk beste batzuen bizi baldintzak erabakitzera ausartzen gara?

Hogeita hamar bat urtez erabakiak alderantziz izan dira. Denbora guzti honetan, isilik lanean jardun eta elkarrizketa bidez kontsentsua bilatzen saiatu dira nekazal sindikatuak, artzainak eta ganaduzaleak: instituzio, partidu, eta hainbat eragileekin batera. Eta baita lortu ere! Kontsentsu zabal baten bidez hartu dira erabaki guztiak.

Artzainak eta abeltzainak dira gure mendiak zaintzen dituztenak. Horiek desagertzean azkar antzeman ohi da. Baserri bat husten denean bezalaxe.

Gipuzkoan, Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpoko mendi gehienetan, artzainentzat eta abeltzainentzat pistak daude eta mendiek hor jarraitzen dute beste guztion gozamenerako. Aralarren zer gertatzen da?

Landarlanekoei entzun diegu beraien adierazpenetan federatu guztion izenean hitz egiten. Mesedez nire izenean, eta beste askoren izenean ere, ez dezatela hitz egin. Federatuak egoteagatik ez baitiegu beste inongo eskubiderik eman gure ordez erabakiak hartzeko. Gure izenean ez!!! Zer gertatzen da federatuta dauden horrenbeste eskiatzaileekin, horiek ere, denak pistaren aurka daude?

Amaitzeko, arren, ez ditzagun hitzak «bahitu» eta errespetuz joka dezagun.

Marene Irastorza Zulaika

Orioko mendizalea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!