Zer dio legediak?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 11a, 11:05

Haurdunaldi subrogatua ez da legezkoa Espainian. Epaitegiek ordea, zenbait pauso eman behar izan dituzte sortutako errealitate honen aurrean. Izan ere, beste herrialde batzuetara jo dutenek ere, ugalketa mota hau erabilita izandako haurrak Espainian inskribatu nahi dituzte.

Haurdunaldi subrogatura atzerrira jo duten Espainiako gurasoek bi bide dituzte euren seme-alabak Espainiako egoera zibileko erregistroan izena emateko. Semetasun edo alabatasuna adopzio bidez egin, hau da, aitatasuna onartzen diote aita biologikoari eta ondoren, amak bere bikotekidearen haurra adoptatu behar du. Beste aukera da epai bidez egitea. Semetasunaren edo amatasunaren inguruko epaiketa bat egiten da atzerriko gurasoen aitatasuna eta amatasuna zehazteko. Espainiak epaia onartuko du 2010eko arau batean oinarrituz.

Espainian esan bezala, ez da legezkoa, ordezko haurdunaldiaren kontratua baliogabetzat jotzen da. Hiru dira arautzeko erabiltzen diren oinarriak: Kode Penalaren 220. eta 221. artikuluak eta Lagundutako Ugalketa Teknikei buruzko Legearen 10. artikulua. Kode Penaleko 220. artikuluak 6 hilabete eta 2 urte arteko espetxe zigorra jasotzen du eta 221. artikuluak urte bat eta bost urte arteko espetxe zigorra eta baita tutoretza edo guraso eskubideak kentzea 4 eta 10 urte artean.

Frantzian ere gauza bera, ez da legezkoa. Frantziak hala ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren zigorra jaso du, Mennesson eta Labasse bezala ezagutzen den kasu ezaguna dela eta. Frantzian 1994ko uztailaren 29ko 94-653. legea du (Kode Zibilaren 16-7 atala) eta horrez gain, Kode Penalaren 227-12/13 eta 511-24 artikuluak erabiltzen ditu zigorrak ezartzeko. Hauen arabera, urtebeteko espetxe zigorra eta 15.000 euro arteko isuna (KP 227-12), 3 urteko espetxe zigorra eta 45.000 euro arteko isuna (KP 227-13) eta 5 urteko espetxe zigorra eta 75.000 euro arteko isuna (KP 511-24) jaso ahal dituzte zigortutakoek.

Espainian eta Frantzian bezala, Italian, Portugalen, Norvegian edo Suedian ere ez da legezkoa. Irlandan eta Finlandian ez dago arautua eta Ukrainan esaterako, onartuta dago eta diru-sari bat dago tarteko, baina bikote diren heterosexualek bakarrik eskatu dezakete, eta haurrak izateko arazo biologikoak dituztela frogatu behar dute. Askotariko egoerak, hortaz, ez Europan bakarrik baita munduan ere. Espainiar askok Ukrainara edo AEBetara jotzen dute, eta baita Mexikora ere. Izan ere, Errusian Mexikoko Sinaloan eta AEBetako estatu gehienetan legezkoa da, Michiganen izan ezik, baina haurdunaldia izateko prest dauden emakumeek hainbat betekizun dituzte; aurretik umeak eduki izana edo laguntza sozialik jaso ez izana ziurtatu behar dute.

Australian, Kanadan, AEBetako Virginan, Brasilen eta Mexikoko Tabaskon legezkoa da, baina ez da diru trukerik onartzen, eta Indian, esaterako, ez dago arautua.

 

Herrialdeak.

Irlandan eta Finlandian haurdunaldi subrogatua ez dago arautua.

Espainia, Frantzia, Italia, Portugal, Norvegia eta Suedian ez da legezkoa.

Ukrainan Bikote heterosexualek bakarrik eskatu dezakete.

Australia, Kanada eta Brasilen legezkoa da, baina ez da diru trukerik onartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!