Eskubidearen eta desioaren arteko talka

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 11a, 10:55

Erreportaje honen helburua noski, ez da hitzetik hortzera dagoen errealitate honen inguruko erantzun bakar bat ematea, iritzi bat osatzeko hainbat datu biltzea baizik. Kazetaritzaren oinarrietako bat da hori, eta horri jarraiki egoera honen aurrean sortzen diren hainbat galdera erantzuten saiatuko da. Errealitate honek ordea, izena behar du, baina eztabaida hor hasten da.

Nola deituko diogu enbrioia bikotekideen zein emaileen haziak eta obuluak erabilita in vitro lortu eta enbrioia beste emakume baten uteroan garatzen denean? Nola izendatuko dugu lagundutako ugalketa teknika hau? Urteetan sabel alokairuaz hitz egin izan da, baina aldekoek, Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkarteak, esaterako, diote euren asmoa ez dela pertsonak alokatzea, «ezta pertsonak merkantzia bilakatzea ere». Haurdunaldi subrogatua hobetsi dugu, alde guztiek momentu batean edo bestean darabilten terminoa dela ikusita.

Espainian eta Frantzian, eta ondorioz baita Euskal Herrian ere, haurdunaldi subrogatua ez da legezkoa, baina egin egiten da. Legezkoa ez denez, zaila da urtean zenbat kasu izaten diren jakitea, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtean 50 bat kasu ematen direla argitaratu izan dute hainbat komunikabidek. Espainian, iaz, mila kasutik gora eman zirela ere argitaratu izan da, adopzioak baino gehiago, 800 izan baitziren. Hitzetik hortzera bakarrik ez hortaz, haurdunaldi subrogatua errealitate bat da.

Errealitate honen aurrean geroz eta gehiago dira «zerbitzu» hau eskaintzen duten klinikak, eta horrek dakar kritikoen beste terminoetako bat: salerosketa. Diru trukea egoten baita kasu hauetan. Herrialdearen arabera haurdunaldi subrogatura jotzen duten bikote zein aita edo amek 35.000 eta 150.000 euro arteko kopuruak ordaindu behar izaten dituzte, eta ez beti, baina bai gehienetan, haurdunaldia izateko prest dauden emakumeek diru saria jasotzen dute. Honi erreparatuta bi dira haurdunaldi subrogatua legezkoa duten herrialdeen artean dauden hitzarmen motak; hitzarmen altruista dutenak, hau da, diru trukerik ez dutenak, haurdunaldiak sorturiko gastuak izan ezik, eta merkataritza hitzarmenak, hau da, umetokia «eskaintzen» duen emakumeak dirua jasoko du «zerbitzuaren» truke. Hitzarmen hauek onartzen dituzten herrialdeen artean hitzarmenean parte hartzen dutenek hainbat betebehar dituzte. Emakume haurdunak intseminazioa aurrera eramaten utzi behar du, haurdunaldia ondo eramateko bere esku dagoen guztia egin behar du eta haurra jaiotzean bere eskubideei uko egin behar die. Bestetik, jaioko den haurraren ardura hartuko duenak, haurdunaldiak sorturiko gastuak ordainduko ditu, bai osasunari lotutakoak eta baita legearen aldetik sortzen direnak ere. Era berean, haurra jaiotzerakoan euren gain hartu beharko du haurraren zaintza eta kasu batzuetan haurdunaldia izan duen emakumeari diru-saria eman beharko dio.

Alde eta kontra

Egoera honen aurrean haurdunaldi subrogatuaren alde daudenek legearen babesa eskatzen dute. Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkarteak sinadurak biltzen ari dira, ugalketa teknika hau legeztatzeko. Herri ekinaldi legegilea aurkeztea dute helburu eta salerosketaren inguruan diote haurdun geratzeko uteroa eskaintzen duen emakumeari diru sari bat ematea «hazia edo obuluak ematen dituztenei edo botika berrien emaitzak probatzeko euren burua eskaintzen dutenei ematea bezala» dela.

Kontrakoen artean daude hainbat feminista talde, ez guztiak dena den. Prostituzioaren eztabaidarekin ematen diren pareko ika-mikak daude euren artean. Espainia mailan badago No somos vasijas izeneko taldea, hainbat elkarte feminista biltzen dituena, eta hauen hitzetan emakumeak ezin dira alokatu edo erosi. «Ordezkatze bidezko amatasunak haurdun dagoen emakumeari haurdunaldian erabakiak hartzeko eskubidea ukatzen dio eta baita ondorengo erabakietan ere, hala nola, heziketan eta zainketan. Amatasun subrogatua deitzen zaion horrek emakumeen sexu-kontrola ekartzen du eta emakume baten sabela alokatzea ezin da lagundutako ugalketa teknika arriskutsutzat jo», esan dute.

Espainiako CBE Bioetika Batzordea ere kontra azaldu da, haurdunaldi subrogatuak debekatzeko eskatu du «seme-alabak izateko nahia erabaki txalogarria izan arren, ezin da inoiz beste pertsona batzuen eskubideen gainetik jarri», esan dute. Hor ere badago eztabaida. Kontrakoek diote, haurdunaldi subrogatuaren aldekoek aitatasuna eskubidetzat jotzen dutela, baina hori ezin dela eskubide bat izan, «desio» hitza aipatu dute.

Alderdi politiko gehienak ere ez dute eztabaida honetan gehiegi sakondu nahi. Euskal Herrian jarrera argia azaldu duen alderdi bakarra EH Bildu izan da. Bi urteko hausnarketa baten ondotik txosten bat prestatu dute lege proposamen bihurtzeko helburuz eta funtsean, Kanadan ematen den ereduaren alde egin du. Hau da, osasun sistema publikoan eta diru trukerik gabe egindako haurdunaldi subrogatuak baimentzea proposatzen du eta izenpetzeko beste formula bat proposatu «termino neutroagoa» delakoan: ordezkapen bidezko ernalketa. Diru trukea baliogabetu eta eredu altruistaren alde egin du, osasun sistema publikoak babestuta bakarrik egin beharko litzatekeela dio eta haurdunaren eskubideak bermatzeko eskatzen du, atzera egiteko aukera emanaz eta nola erditu nahi duen erabakitzeko aukera bermatuz. Ugaltze turismoa ekiditeko prozesuan inplikatutako bi aldeak estatu berean bizi beharko liratekeela ere badio EH Bilduk.

Eusko Jaurlaritzako gobernuak (EAJ) bere aldetik, haurdunaldi subrogatua arautzerakoan «ahalik eta adostasun zabalena» hartu behar dela kontuan esan du, eta eztabaida «zabal eta serioa» egin beharko litzatekeela nabarmendu. Lehen pausoa ere eman du, seme-alabak haurdunaldi subrogatuaren bidez izan dituzten Jaurlaritzako Administrazio Orokorrean langileek gurasotasun baimena jaso ahal izango dute. Hemezortzi asteko baimena izango dute haurra jaiotzean eta lan jarduna ordubetez murrizteko aukera lehen urtean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!