«Errealitateak erakutsiko digu nola antolatu Tolosaldea mailan»

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 2a, 07:56

Duela hamarkada bat batu zen Xabier Saizar (Elduain, 1967) Galtzaundi Euskara Taldera. Gaurko zuzendaritzan dirauten beste hainbat kiderekin batera hasi zen elkartean eta lehendakari izaten jarraituko du zuzendaritza berrituan ere.

Nola iritsi da Galtzaundi, 27 urte ondoren, 2017ra?

Jende askoren konpromisoarekin, urtean zehar militantziaz lan asko eginez eta hartutako konpromisoak beteaz iritsi da Galtzaundi honaino. Momentu honetan, aldaketa momentu batean dago elkartea. Prozesu estrategiko baten ondoren ildo berriak planteatu dira eta berriro ere martxan dago Galtzaundi.

1990. urte amaieran elkartea sortu eta hilabete gutxira aldizkaria argitaratu zuen Galtzaundik. Zer garrantzia izan du aldizkariak elkartearentzat ibilbide guzti honetan?

Hasieran, seguru aski, Galtzaundiren funtzio printzipaletako bat euskarazko aldizkaria plazaratzea zen. Baina momentu batean, eduki berdinak lantzen zituzten beste euskarri batzuk zeuden eta eboluzio logiko bati esker, erantzukizun hori beste eragile batzuei irauli zitzaien. Aldi berean, horrek ekarri du Galtzaundiren lana pixka bat ezkutuan geratzea. Kontuan hartu behar dugu Galtzaundi euskara elkarte bat dela eta printzipioz, bere egitekoa euskararen inguruko politiketan eragitea da.

Galtzaundi Tolosaldera zabaldu da. Nola gauzatu da prozesua?

Egia da azkeneko urteetan Galtzaundi gehienbat Tolosa ingurura mugatu dela. Nahikoa lan izan da hor aurrera atera beharreko proiektuak burutzen. 2016an, iritsi zitzaigun beste talde bat, garatzen ari zen sentsibilitate berri bat, Tolosaldeko gainontzeko herrietan problematika antzekoak zituztela eta. Galtzaundiren estiloko indar baten beharra zegoela ikusten zuten haiek, euskararen inguruko sentsibilitatea eta politika aurrera eramaten laguntzeko.

Galtzaundi barruan 28 herrietan eragiteko garaia zela uste zenuten? Bazenuten sentsazio hori?

Errazena baietz esatea da, baina nik uste dut ezetz. Nik uste nahikoa genuela urtero planteatzen genituen erronkak aurrera ateratzearekin, gehienbat azkeneko urteetan. Egia da ere bai, Tolosa gune bat dela eta horko komertzioak, enpresek, udalak edo biztanleria kopuruak ere lan ugari sortzen dutela. Ez dut uste hortik kanpoko arazoen ikuspegi zabalik genuenik.

Erronka handia duzue orain elkartean. Zer aldatuko da Galtzaundin eskualdera zabaltzearen ondorioz?

Egitura aldetik zuzendaritza zabaldu da. Galtzaunditik kanpo lanean ari zen talde horretako kideak barneratu ditugu eta horrek sentsibilitateak zabaltzen ditu gure lan taldean. Egunerokoan, badaude momentu honetan proiektu berri batzuk. Horiek martxan jarri eta etorriko direnei eutsiko diegu orain, ikaragarrizko aldaketa suposatuko du egunerokoan eskualdetzeak.

Nola irudikatu duzue elkartea 28 herrietara zabaltzeko prozesua?

Poliki egin beharko dugun lana da hori. Herri bakoitza desberdina da eta arazoak eta errealitateak ez dira berdinak leku guztietan. Denbora bat pasa ondoren ikusiko dugu Galtzaundi nola egituratu Tolosaldea mailan. Errealitateak berak erakutsiko digu nora joango garen eta horren arabera antolatu beharko dugu.

Eskualdetze prozesuari esker, indarberrituta al dator Galtzaundi?

Lan asko egin da orain arte. Seguru aski orain esku artean ditugun proiektu berri hauek eraginkorragoak izan daitezke eta kalera begira salgarriagoak ere bai. Baina lan mordoa egin da orain arte eta egiten jarraituko dugu, noski.

Maiatzaren 27an, Tolosaldeko euskalgintza batzeko 'Arnastu euskara' lipdub-a sustatu zenuten. Esan daiteke lehen harria jarri dela?

Lipdub-aren hasierako planteamendua Galtzaundiren lana eta elkartearen inguruan mugitzen diren taldeak plazaratzea zen. Galtzaundik eguneroko lanean beti izan du kontaktua beste eragile batzuekin eta horiekin batera horrelako ekintza bat antolatu nahi genuen. Hemendik aurrera baliagarri izango da lipdub-a osatzeko egin den lana. Kontaktu berriak ere egin ditugu hainbat talderekin eta sortu berri ditugun edo indartu ditugun harremanak probetxugarriak izan daitezke bi aldeentzako hemendik aurrera.

Zer moduzko erantzuna jasotzen ari zarete gizarte mugimenduetatik eta erakundeetatik?

Euskararen inguruan sentsibilitatea duen edozeinek ikusten du proiektu hau eredugarria dela, beharrezkoa. Praktikan balio bat hartzen duenean, beste hainbat lekutara esportatu daitekeen proiektua dela ikusten dugu denok. Horregatik da garrantzitsua egin nahi duguna ondo egitea.

Erlazionatuak

Galtzak bete lan, eskualde bete lan

Tolosaldeko Ataria 2017 eka 02 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!