Galtzak bete lan, eskualde bete lan

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 2a, 07:46
Tolosako Nafarroa etorbidean du egoitza Galtzaundi Euskara Taldeak.

Hogeita zazpi urte beteko ditu Galtzaundi Euskara Taldeak abenduan eta fase berri bat ekitear da elkartea. Hasiera batean, eta euskara elkartearen estatutuek ziurtatzen dutenez, Galtzaundiren helburuen artean Tolosaldeko euskaltzaleak batzea aurreikusten bazen ere, bere ibilbideko egitasmo gehienak Tolosara eta inguruko herrietara mugatu dira. Orain, ordea, bere eragin eremua Tolosaldeko 28 herrietara zabaltzen ari da Galtzaundi.

Galtzaundi Euskara Taldeko zuzendaritzan hasi berri da Mikel Artola alegiarra. Momentu klabetzat gogoratzen du Artolak Kike Amonarrizek eta Jasone Mendizabalek Tolosako kultur etxean Berrikasi eta Berrikusi dokumentua aurkeztu zuten eguna. «Han bildu ginen ordurako harremana geneukan lauzpabost lagun. Galderen txanda iritsi zenean, guztiok antzeko gauzak galdetzen hasi ginen. Ordurako harreman pixka bat baldin bagenuen ere, biltzeko eta bakoitzak buruan zuena azaltzeko ordua zela ikusi genuen».

Alegian bilera bat egin zuen Tolosaldeko hainbat gaztez osatutako taldetxo hark eta denen iritziak azaldu ostean, ondorio batera iritsi ziren: ez da posible Tolosaldeko herri bakoitzean Galtzaundi bezalako euskara elkarte bat egotea. Argi ikusi zutela azaltzen du Artolak: «Ikusi genuen ez dela posible talde bana egotea herri bakoitzean funtzionamendu txukun eta egituratu batekin».

Galtzaundi Euskara Taldeak bazuen talde horretan zuten ezinegonaren berri eta hasieratik euskara elkartea bertan izan zela dio Mikel Artolak. «Galtzaundiko kide bat izan zen gurekin, ez elkarteko ordezkari gisa, euskaltzale moduan baizik». «Argi xamar genuen ezin genuela beste egitura berri bat sortu Tolosaldean eta Galtzaundi zela eskualdeak behar zuena», azaltzen du Artolak.

Momentu horretan, Euskaltzaleen Foroa deituriko lanketa garatzen ari zen Galtzaundi Euskara Taldea. Elkartearen ildo estrategikoak definitzea zuen helburu foroak Galtzaundiko dinamizatzaile Imanol Artola felix-ek azaltzen duenez. «Galtzaundiren oinarriak birplanteatu nahi genituen Euskaltzaleen Foroan. Elkartearen misioa, helburua, balioak eta funtzioak definitzeko sortu zen»

Felix-en esanetan. Urtebeteko prozesuan, Tolosako Euskaltzaleen Foroak eta Tolosaldeko euskaltzale batzuk elkartu zituen talde hark bat egin zuten «modu natural batean» Galtzaundiko teknikariaren arabera. Galtzaundiko koordinatzaileak forora gonbidatu zituela gogoan du Mikel Artolak eta aldi berean elkarteko zuzendaritzarekin harremanetan jarri zirela. Azkenean, bere eragin eremua Tolosaldera zabaltzea beharrezkoa dela ondorioztatu du foroak eta horrekin batera, zuzendaritza zabaldu du Galtzaundik, eskualdeko euskaltzaleen presentzia gehituz.

Zergatik Tolosaldean?

Galdera orokor bat egiten du Mikel Artolak eskualdeko egoeraren inguruan hitz egiterakoan: «Zergatik Tolosaldean bizi daiteke norbait hizkuntza bakarra jakinda, eta bakarra den hori gaztelera izanda?». Horrek dakarren egoera azaltzen du alegiarrak: «Hor iristen gara hizkuntzaren eusle izatearen kontzeptu horretara. Guk bi hizkuntza baldin badakizkigu, azkenean aukeratu egin beharko dugu eta Galtzaundiren aukera euskara da; euskaraz bizi nahi dutenen sostengu izatea da elkartearen funtsa». Hizkuntzaren hautuaren inguruan ere mintzo da Galtzaundiko dinamizatzailea: «Denok dakizkigu gutxienez bi hizkuntza Tolosaldean eta jendeak hautua egin behar badu, kontzientzia bat sortu behar dugu gure hizkuntza den hori aukera dezan» arrazoitzen du felix-ek.

Denboraren poderioz, eskualdeko euskararen erabilera asko aldatu dela dio felix-ek: «Eskualdeko herri batzuetan, orain arte, euskaraz bakarrik funtzionatzen zen eta beste batzuetan ez. Tolosa duela 30 urte askoz ere erdaldunagoa zen. Aldiz, Amezketa eta Hernialde euskaldunagoak ziren. Bilakaera homogeneizatze aldera ematen ari da eta hori, herri batzuk irabazi duten bezala beste askok galdu egin dute». Horren adibide dira, 1986tik 2011ra, eskualdean euskaldunak irabazi dituzten herriak bost bakarrik direla (Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Tolosa eta Zizurkil). Aldi berean, euskara lehen hizkuntza duten biztanleen kopurua, soilik, Tolosan hazi da. Are kezkagarriagoa da datua 28 herritik 23tan, hamar puntu baino gehiago jaitsi baita lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua.

«Kontuan hartu behar dugu Euskal Herriko eskualderik euskaldunetakoena dela gurea», gogorarazten du felix-ek. «Datu horiei begira ezin dugu etsipenean erori, baina argi izan behar dugu eragiteko beharra ezinbestekoa dela orain. Eta eragitea ezinbesteko den bezalaxe, indarrak batzeko garaia da, efektiboak izatekoa», azpimarratzen du.

Elkarlanak martxan

Tolosaldeko euskalgintza artikulatzeko beharra ere ikusi dute elkartetik. «Orain gure lana izango da hori artikulatzea. Segur aski arlokako eskualdeko mahaien hautua egingo dugu». Soziolinguistika Klusterrak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak interesa erakutsi dute Tolosaldean egiten ari diren lanketaren inguruan. Erakunde horiek eta Galtzaundik bat eginda, lanketa berezi bat hastera doaz. «Gure kasuan eskualde mailan funtzionatzea da asmoa eta hori hemen ondo ateraz gero, segur aski, beste eskualde batzuetan ere funtzionatu dezake», gehitzen du Mikel Artolak. Herri aktibazioan jarri nahi dute fokua erakundeekin batera: «Eskualde mailan euskararen inguruan jendea aktibatzea da erronka eta Euskal Herriko beste hainbat esperientzia kontuan hartuz jorratuko da ibilbidea», azaltzen du Galtzaundiko teknikari felix-ek.

28 herri izanda eskualdean, errealitate desberdinak dituzten herriak izango ditu jomuga orain Galtzaundik. Hala ere, guztiek konpartitzen dituzten ezaugarriak asko dira Mikel Artolaren ustez. «Adibidez, 28 herriak sartu gaitezke Ueman. Bertako kide izateko eskatzen den %70eko euskaldunen indize minimo hori herri guztiek betetzen dute. Ez daude horrelako eskualde asko Euskal Herrian». Hori baieztatzen du Imanol Artola felix-ek eta herrien arteko desberdintasunari garrantzia kentzen dio: «Errealitate ezberdinak baditugu ere, herriak ez daude isolatuta eta elkarreragin handia dago, beharrezkoa da guztiak batera lan egitea». Bestetik, herrien premia ere azpimarratzen du zuzendaritzako kideak, Artolak: «Tolosak euskara teknikariak eta elkartea izanda, eta beste bost bat herrik euskara teknikaria badute ere, gainontzekoek ez dute horrelakorik. Premia, ordea, herri guztiek dute».

Eskualde mailan egituratzea beharrezko ikusten den moduan, horri bide emateko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana ezinbestekotzat dute elkartean. Dagoeneko, bide hori hartu dute Uemarekin, esaterako. «Kale erabileraren neurketak egiteko asmoa zuen Uemak baina euskararen mankomunitateko kide diren hamalau herrietan, soilik, egin behar zuen», azaltzen du felix-ek. Zuzendaritzatik Tolosaldeko beste herrietan ere egiteko konpromisoa hartu dute Artolaren esanetan: «Hortik abiatuta, eskualdeko herri bakoitzaren diagnosia egin nahiko genuke udazkenerako, Uemarekin batera. Horrela, aplikatu beharreko ekintzak elkarrekin adostuko genituzke, bi taldeen jakintza aprobetxatuz».

Zuzendaritzatik elkarlanerako gogoa sumatu dutela azpimarratzen du Artolak. «Arriskutsua dena da bakoitza bere aldetik joatea. Bakoitzak bere aldetik egin ditzake gauzak, baina oso epe motzean. Orduan, atzetik egitura sendo bat baldin badago eta elkarrekiko harreman bat badago, zerbait egingo da, hori da bidea».

Orain arteko Galtzaundiren eguneroko lanez aparte, elkartearen eskualdetzeak garrantzia handia hartuko duela argi dute euskara taldean. Urte eta erdiko prozesua irudikatzen dute horretarako, eskualdeko jende, eragile eta erakundeei proiektua azaltzeko. «Galtzaundik elkarte moduan duen erronka garrantzitsuenetako bat Tolosaldera zabaltzean, bertako euskaltzaleak batzea da», azaltzen du Mikel Artolak. «Euskararen gaiarekin inplikatuagoak diren pertsonak, normalean, herri guztietan daude. Horiek detektatu eta beraiengana ere iritsi beharko gara. Aldi berean, gonbidatu nahi ditugu hona etortzera, ateak zabal-zabalik baititugu», gehitzen du zuzendaritzako kideak.

Begiz jota du elkarteak eskualde mailan euskararen aldeko olatua sortzea. Egoerak eskatzen duelako eman du aurrerapausoa euskara taldeak. Galtza bete lan dute orain Galtzaundin, Tolosaldearen beharrek eskatzen duten adina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!