Zebra muskuilua kutsatzeko arriskua

Asier Imaz 2017ko mai. 29a, 08:13

Ibiur urtegiaren inguruko araudiak eta azken erabakiak Kantabriako Ur Konfederazioaren esku daude. Kudeaketa, aldiz, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eramaten du.

Iñigo Elosegi bertako gerentea da: «Ibiurren ezin da kirol aktibitaterik edo arrantzarik egin; bere garaian hartutako erabakiak bere horretan jarraitzen du».

Kantabriako Ur Konfederazioak hartu zuen erabaki hori, eta Iñigo Elosegi ados dago. Legutioko urtegian estropadak egitearen arrazoia ere argi dauka: «Ibiurren ez dago zebra muskuilurik, eta Legution edo beste hainbat urtegitan bai. Horietan ez dago kutsatzeko arriskurik, Baliarrainen bai». Horrez gain, «kontuan hartu behar da Legutioko urtegia 40 edo 50 aldiz handiagoa dela, eta hor dentsitateari begiratuta kirol jarduerak batean eta bestean duen eragina konpara ezinak dira» dio Gipuzkoako Ur Kontsortzioko gerenteak.

Zebra muskuilua Ibiurren sartuko balitz, kaltea egina egongo litzateke; «gaitz kroniko batekin bizitzen ikasi beharko genuke». Zebra muskuiluak hodiak trabatzen ditu, eta eskuz eman behar izaten zaio konponbidea, Elosegiren esanetan. Kirol jarduera baten bidez, ontzi handi nahiz txikiak erabiliz, muskuilua alde batetik bestera eraman daiteke. Hor legoke Ibiur kutsatzeko arriskua.

Iñigo Elosegiren esanetan, Ibiurren egin diren azterketek, urtegia zebra muskuiluarentzat bizileku egokia dela erakutsi dute. Hau da, bertan sartuko balitz, zabaldu egingo litzatekeela. Hori ez da gertatzen Hernani eta Goizueta artean dagoen Añarbe urtegian. «Bertan muskuilua nahita botata ere, hil egiten da, azterketek erakutsi dutenez», dio ur kontsortzioko gerenteak. Bateko eta besteko uren ezaugarriengatik omen da hori. Ibiurko ura gogorra omen da, hau da, kaltzio eta magnesiozko gatzak kantitate handian ditu. Añarbekoa, aldiz, ez. Eta bide horretatik tiraka, Iñigo Elosegik ideia bat uzten du airean: «Ibiurrerako eskariak izaten ditugu, baina Añarberako ez. Eta hori ere aukera bat izango litzateke».

Erlazionatuak

Zazpi «trapu»

Asier Imaz 2017 mai 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!