Jubenilak bitarte aritzen dira arraunlariak eskualdeko platanoak soinean dituztela. Ondoren, beste talderen batera joan behar izaten dute, edo arrauna utzi. Azken urteetan bigarren eta hirugarren postu ugari lortu dituzte, baina aurten banderak edo trapuak iritsi dira, eta hori da «denboraldi bat oso ona edo ez hain onaren arteko diferentzia», Alijostesen esanetan. Aurten guztietatik egon da: trapuak, bigarren postuak eta hirugarrengoak: «Gipuzkoako Ligan hiru bandera lortu dira, eta zilarrezko eta brontzezko postu bana. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen ondoren, eta hor bi trapu lortu ziren, zilarrezko eta brontzezko banarekin batera. Euskadiko Txapelketan, bi trapu eta zilarrezko zein brontzezko bana», kontatzen du Xabino Alijostesek. Eta berriro nabarmentzen du ondoren: «Bost, emakumezkoek».
«KIROL IKUSPEGITIK BAKARRIK BEGIRATUTA, TRAINERU BAT ATERATZEA LOGIKOA IZANGO ZEN»
TAK-eko presidente papera berak betetzen ote den galdetuta, paperetan presidente bezala bera agertzen dela dio Xabino Alijostesek (Ibarra, 1955) irribarrez. 2005etik horrela da, baina lanean 2001 inguru horretan hasi ziren, ondoren Tolosaldeko Arraun Kluba bilakatu dena gorpuzten. Egun, 100 haur eta gaztetxorekin ari dira lanean, horietatik erdia baina gehiago, neskak.
TAK-eko emakumeek distira berezia eman diote aurtengo batel denboraldiari.
Arraunean emakumeen boom-a gu hasi ginen garaian lehertu zen. Oraindik ez dago mutilen mailan; bi edo hiru talde kenduta maila ez da oso handia. Baina harrobiak ez du etenik izan, eta belaunaldi berriak indartsu datoz: kadeteetan, adibidez, 25-26 neska ditugu. Denboraldi osoan zehar aurrean egon dira, 16 edo 18 taldeko estropadetan beti zortzi onenen artean sailkatu dira batel desberdinak. Harrobiari begiratuta, agerian geratu da TAK punta-puntan dagoela.
Emaitza horiek ikusita, zenbatek esan dizute denboraldi honetan zehar: noizko TAK-ek emakumeen trainerua?
Ez aurten bakarrik. Azken bost edo sei urtetako kontua da hori. Gauza zera da, duela bost urte inguru bilera bat egin genuela, eta bertan zera erabaki zela: traineruarekin hasten baldin baginen, hortik bi urtetara traineruaren kontua desagertu egingo zela, eta baita TAK bera ere.
Kontua da galdera horren atzean, badela arrazoi pixka bat.
Zer gertatzen da. Orain bertan hemendik atera diren 15-20 neska beste talde batzuetan ari direla arraunean; puntan gainera. Pasai Donibanen lau; Orion bi; Hernanin lau; Donostiarran beste bi…
Eta hemen traineru bat egon izan balitz, hemen jarraituko lukete.
Hasiera batean eta teorian bai. Ziur. Ez horiek bakarrik, jubenilak ere traineruan has daitezke, kupo bat bete behar da, baina aukera hori hor egongo litzateke. Eta kadeteak, hurrengo urtean jubenilak izango dira. Beraz, egia da jarraipen hori ematea faltan botatzen dugula. Orain bukatzen dute hemen, eta gero batzuk beste talde batera joaten dira, baina askok arraun egiteari utzi egiten diote.
Ondorioz: kirol ikuspegia bakarrik kontuan hartuta, esan daiteke trainerua behar bat dela TAK-entzat.
Bai. Kirol ikuspegia bakarrik kontuan hartuta, urrats hori ematea oso logikoa izango zen. Gipuzkoan edo Euskadin, talde gutxi dago guk dugun jende piloarekin. Trainerua erraz osatuko genuke. Gero zein maila ematen den, beste kontu bat izango litzateke.
Baina ez dago trainerurik, eta ez da arrazoi bakarrarengatik. Zeintzuk dira nagusiak?
Nire ustez lau nagusi daude, gutxi gorabehera.
Lehena.
Diru kontua. Ez da trainerua bakarrik. 15 bat estropada izaten dira. Bidaiak, furgoneta, erremolkea, azpiegiturak… Kostu dezente da hori. Lortzea badago, baina beste iturri batzuk bilatzen hasi behar duzu: erakundeak, bazkideak...
Bigarrengoa?
Ibiur lortu beharko genuke. Horrek ez du esan nahi noizean behin trainerua hartu eta Oriora edo ezin dugunik joan, olatuetan entrenatzera eta abar. Baina Ibiurrekin oso ondo moldatuko ginateke.
Oria ibaian ezin duzue traineruarekin ibili, ezta?
Ez. Inolaz. Trainerua martxan jartzerako ibilbidea bukatu da.
Baina Ibiur urtegian ere ezin da. Zergatik?
Ibiur martxan jarri zenean lortu genuen fondeoak botatzea, baimena eskatu ondoren. Diputaziotik eman ziguten baimena, eta dena prest jarri genuen. Orain ere prest dago.
Gero zer gertatu zen?
Entrenatzen hasiko ginela pentsatu genuen, baina erabaki politiko edo teknikoengatik dena geratu zen. Zebra muskuiluaren kontua etorri zen, eta esan ziguten arrisku handia zegoela Ibiurrek zebra muskuilua hartzeko. Hor geratu zen dena.
Legutioko urtegian, adibidez, estropadak egiten dira.
Eta zebra muskuilua dago Legution. Eta ez han bakarrik, leku askotan, eta mota guztietako estropadak egiten dira bertan. Euskadiko txapelketak, mugikorrekoak,… Klub guztien sinadurarekin idatzi batzuk egin genituen, Ibiurren eskaera eginez, baina dena hor geratu zen.
Zein izango litzateke hirugarren arrazoi nagusia?
Konpromisoa. Leku guztietan gertatzen den gauza bat da. Egun talde nahiko handia gaude, 20 bat lagunekin, baina jendea nekatzen joaten da, batez ere, atzetik datorrenak konpromisorik ez duela nahi ikusten duzunean.
Erakundeen aldetik ere oso laguntza gutxi jasotzen dugu. Beste kiroletan ere gertatzen da, formakuntza eskubideekin. Hemen neska-mutilak 11 urterekin hasten dira, eta 17-18rekin martxa egiten dute. Batez ere Gipuzkoako beste taldeentzat izugarrizko pagotxa gara. Traineruetan kupo batzuk daude: harrobikoak, propioak eta ez propioak. Gure arraunlariak beste talde batera joaten direnean, harrobiko bezala ez dituzte hartzen, baino bai propio bezala; hemen trainerurik ez dagoelako. Federazioekin orain arte egin ditugun bileretan, bozketa garaia iristen denean talde txikiok beti galdu egiten dugu, handiek izugarrizko pagotxa dutelako gurekin.
Fitxaketen munduak nola funtzionatzen du trainerua duten taldeen artean?
ARC 2 hirugarren maila da. Horko arraunlari bat ACT-ra joateko, lehen mailara, 12.000 euro ordaindu behar izaten dira; ARC 1-era badoa, 6.000. Gero taldeen artean akordio desberdinak lortu daitezke, dirutan beharrean beste modu batera ordaintzeko. Kontua da, guk trainerurik ez dugunez, ez dugula ezer jasotzen arraunlariaren formakuntzagatik.
Azpimarratzekoa den azken arrazoia, zein izango litzateke?
Aurrekoekin lotuta dago. Traineru bat ateratzeko, estruktura paralelo bat sortu beharko genuke. TAK-ek ezingo luke traineruaren ardura izan, horretarako aparteko lantalde bat egon beharko litzateke, bost edo sei lagunez osatua; entrenatzailea barne, eta noski, maila horretan, entrenatzaileari zerbait ordaindu beharko litzaioke.
TAK-ek Tolosaldearen izena darama, eta Tolosaldeko gaztetxoekin egiten du lan. Eskualdeko udaletxeen babes ekonomikoa jasotzen al duzue?
Ez, Tolosarena bakarrik. Hor aurreko puntuetako bat aipatu behar gara. Garenak gara, eta ez gara iristen gauza guztietara. Diru laguntzak lortzeko jende baten laguntza izan beharko genuke. Baina gauza polita izango litzateke eskualdeko herri bakoitzaren izena traineruan eramatea, Zumaian egin zuten bezala. Pentsa, Tolosaldean 50.000 biztanle inguru gara. Udal bakoitzak herritar bakoitzeko euro bat ematen baldin badu, 50.000 euroz ari gara hizketan. Aurrekontuaren %70-80 izango litzateke. Gero beste bide batzuk landuz, gauza politak egiteko moduan izango ginateke.
Arrazoi guztiak entzunda, Ibiur lortuz gero, beste guztiak lortzeko modukoak direla iruditzen zait.
Eta horrela da. Ibiur izanez gero, beste puntu guztiak errazago lortuko genituen.