Tolosaldeko bilketa sistemak ezagutzeko bisita egin dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 25a, 18:58

Kataluniako Valles Orientaleko hondakinak kudeatzeko kontsortzioko kideak eskualdean izan dira bisitan.

Garai batean Tolosaldeko Mankomunitateko arduradunak eta ordezkari politikoak ziren beste esperientzia batzuk ezagutzera beste lurralde batzuetara bidaiatzen zutenak. Egungo lehendakari Josu Amilibiaren esanetan, «gaur egun alderantziz gertatzen da eta hemen egin dugun prozesuaz interesa agertzen dute mankomunitate askok». Tolosaldean 2008 urte inguruan bizi zen egoera bertsua bizi dute Kataluniako Bartzelona probintzian dagoen Valles Oriental eskualdean. «Hemengo gaikako bilketa emaitzen inguruan interesa agertu dute eta bereziki jakin nahi dute zein fiskalitate mota aplikatzen dugun mankomunitate barruan».

Helburu horrekin, bi eguneko bidaia egin dute Consorci per a la Gestió dels Residus del Vallés Oriental erakundeko ordezkariek. Adunan, Berastegin eta Orendainen landa eremuko bilketa sistema ezagutu zuten eta Tolosako eta Villabonako edukiontzi bidezko bilketa bertatik bertara ikusi zuten bigarren egunean.

Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria aurrez egon izan da Kataluniako Valles Occidentaleko eskualdean eta martxoan Ecoembesek FELIB-entzat (Federació dentitats locals de les Illes Balears) antolatutako jardunaldi batzuetan izan zen Palma de Mallorcan. «Oro har, bosgarren edukiontzia ezarria daukate, baina inongo mugarik gabe, irekiak dira. Parte hartzea oso txikia da eta inpropio tasa handia daukate organikoan %15 - 20 ingurukoa», dio Amilibiak. .

Azkeneko zazpi edo zortzi urte hauetan Tolosaldean egin duten prozesuaren ingurukoak azaltzen ditu lehendakariak horrelako gonbidapenak jasotzen dituenean: «Hemen jarri ditugu sistemak, gero kendu, toki batzuetan akordio politikoarekin, beste batzuetan gabe, batzuetan sistema borondatezkoagoak eta bestetan mugapen handiagoarekin». Horrelakoetan, akordio politikoaren faktorea azpimarratzen du Amilibiak: «Akordio politiko baten bidez sistema txukun bat adosten denean, hori publiko egin eta martxan jartzen denean, emaitza hobeak lortzen dira».

Europako zuzentarauak ezartzen dituen epe mugekin kezkatuta, neurriak hartu beharra ikusten dute kataluniarrek. Egunotan ikusitakotik ikasi eta euren egoerara moldatzen saiatuko dira. Argibide gehiago emateko Amilibia ekainean joango da bertara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!