Adinekoen eskubideen alde

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 25a, 14:52

Tolosaldeko pentsiodun eta jubilatuak biltzen dituen elkartea sortu dute; duintasuna aldarrikatzen dute.

Bizi guztia lanean eman eta gero, ordaindua edo ez, kotizatuta edo ez, erretiroa hartzerako garaian pertsona guztiek duintasuna merezi dutela uste dute Tolosaldean sortu berri duten jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek. Gipuzkoa mailako Duintasuna elkartearen haritik sortutako taldea da eta beste hainbat herritan sortutako elkarteekin batera egiten dute lan, Gipuzkoako Adineko Elkarteen Plataformako kide ere badirelarik.

Gaur egin dute elkartearen aurkezpena, Tolosan, eta euren helburu nagusiak lau direla esan dute: adineko eskubideak defendatzea; herri zein lurralde mailan adinekoen beharrei buruzko azterlanak egitea; euren errealitatea ezagutarazteko azterlan horien berri ematea; eta adinekoen egoera hobetzeko hainbat talde zein plataformetan parte hartzea. Era berean,Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jarri dezala eskatu diotela esan dute, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso.
Pentsiodunen eta jubilatuen elkartearen barruan, emakumeek protagonismo berezia dute gainera, eta taldearen barruan emakume taldea ere badago. Horiek horrela hiru dira lantzen dituzten gaiak: pentsioak, menpekotasuna eta fiskalitatea.

Taldea irekia dela esan du Nekane Berriotxoak eta aurrerantzean hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela. Lehena hitzaldi bat izango da. Maiatzaren 31n izango da, 18:00etan, Tolosako kultur etxean, eta Bizkaiko taldeko kide batek eskainiko du. Ostegunero 17:00etan Emeterio Arrese kalean dagoen, zentro sozialeko hirugarren solairuan biltzen dira, eta elkartean parte hartu nahi dutenei bertaratzeko deia egin diete.

Duintasuna elkarteko kideak anitzak direla nabarmendu dute eta norbanakoekin batera daudela LAB, ELA eta ESK sindikatuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!