Enirio-Aralar

"Mankomunitatera eramaten den iritzia adostu egiten da"

Imanol Garcia Landa 2017ko maiatzaren 25a

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak Landarlan ingurumen elkarteak egindako adierazpenei erantzun egin die, esanez «mankomunitatera eramaten den iritzia aurretik adostu» egiten dela. «Herriko ganaduzale elkartearekin hitz egiten da eta gero udalbatzan hitz egiten da, eta mankomunitatean zer bozkatuko den erabakitzen da», azaldu du alkateak.

Udalean hirugarren legealdia betetzen ari dela azaldu du Zubizarretak, azkeneko biak alkate moduan. «Herrian badakite behorrak ditugula eta nolako lotura dugun Aralarrekin. Eta azkeneko hauteskundeetan 91,5eko portzentajea eskuratu genuen», zehaztu du. «Zerbait esatekotan herritarrek adierazi beharko lukete. Landarlanek esaten duena ez zait inporta eta beraiengatik ez ditut milimetro bat ere mugituko erabakiak; ez du inolaz ere baldintzatuko gure iritzia». Bide batez, «penagarria» iruditzen zaio «Enirio-Aralar mankomunitateko errealitatea interes pertsonalekin nahastea».

Zubizarretak gaineratu du herritarrak bere jardunarekin ados ez dauden momentuan, udaletik bidali aurretik berak alde egingo duela.

Bestalde, mankomunitateko batzarrean idazkariak ez zuela esan bateraezintasunak daudela adierazi du Zubizarretak: «Horrela balitz ezingo genuke batzarrean bozkatu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!