Enirio-Aralar

Aralarko ordezkari batzuen interes pribatuak tarteko, erabakiak ezeztatzeko eskatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Goierriko Hitza. Aimar Maiz 2017ko mai. 25a, 08:01

Aralar Bizirik plataformak Ordizian egin zuen prentsaurrekoa. ARIANE VIERBÜCHER/GOIERRIKO HITZA
Landarlan ingurumen elkarteak Enirio-Aralarko Mankomunitateari eskatu dio urritik honako erabakiak bertan behera uzteko. Hiru ordezkari politikok Aralarren duten partearen alde bozkatu dutela salatu du

Enirio-Aralar Mankomunita-teak urritik gaurdaino hartu dituen erabaki guztiak bertan behera uzteko eskatu du Landarlan ingurumen elkarteak, Aralar Bizirik taldeak atzo Ordizian jakinarazi zuenez. Mankomunitateko hiru ordezkari politikok Aralarren bertan interes pribatuak dituztela eta legea urratu dutela esan du taldeak, beren onurarako liratekeen gaietan abstenitu ordez alde bozkatuta.

Bi arlotan ikusi du Landarlanek bateraezintasuna. Batetik, mankomunitateko ordezkariek ez dute ondasunen eta jarduera ekonomikoen adierazpenik egin, «udaletan egiten den bezala». Azken batzarrean, hain justu, gaiaz galdetu zion elkarteak erakundeko idazkariari, eta deklaraziorik ez dagoela esan zuen.

Bestetik, mankomunitatean ordezkaritza politikoa duten hiru hautetsik Enirio-Aralarko larreetan abereak dituztela salatu du Landarlanek. Hiru kasu zehaztu ditu: «Abaltzisketako ordezkaria foru aldundiko teknikaria eta ganaduzalea da; Amezketako ordezkaria, artzaina; eta Altzagako ordezkariak senitartekoa du ganaduzalea».

Interes eta boto talka

«Ordezkari horiek, legeak agintzen duen moduan interes pribatuak tarteko direnean abstenitu ordez, botoa eman dute artzainen eta ganaduzaleen onurarako diren hainbat erabakitan», ohartarazi du Bizirikek.

Interes bateraezintasuna leukaketen gaiak Aralarko pisten eraikuntza, larreen ordenantza, aurrekontuak eta beste dira. «Inork ez die abstenitzeko eskatu, ez mahaiburuak, ez idazkariak, ezta beste kideek ere». Abstentzio kasu bakarra, Landarlanen arabera, apirileko bileran gertatu zen, 2003ko egitamua berrikusteko eta eguneratzeko lanen kontratazioaz Amezketako ordezkaria abstenitu zenean.

Errefusatzeko eskaera

Landarlanek —Aralar Parke Naturalaren Patronatuan ordezkaritza dauka—, hiru ordezkari horiek errefusatzeko edo ezetza emateko eskatu dio Enirio-Aralarko Mankomunitateari, «beren interes pribatuen alde eman dutelako kasu gehienetan botoa».

Harago doa Landarlan, eta oroitu du ordezkari politikoak errefusatze hutsarekin gera daitezkeela prozedura administratiboak. Ondorioz, mankomunitateari eskatu dio urritik honako erabakiak bertan behera uzteko, «ez delako interes publikoa interes pribatuen gainetik lehenetsi, eta ez delako bermatu neutraltasuna eta legea betetzea. Mankomunitateak, herri erakundea izanik, interes publikoa aurretik jarri beharra dauka, eta gure eskaerak onartu beharko lituzke. Ez onartzea legeen aurkakoa da, eta jokabide arduragabea».

Zazpi udalek landu eta lauk onartu dute mozioa

Aralar Bizirik plataformak otsailean aurkeztu zuen Enirio-Aralarko Mankomunitatea osatzen duten Goierriko eta Tolosaldeko 15 udaletan mozioa. Atzo jakinarazi zutenez, harrezkero bost udalek landu dute gaia batzarretan. Horietako lauk onartu egin dute —Legorreta, Ordizia, Zaldibia eta Ikaztegieta—, eta batek —Lazkao— ez du onartu. Amezketan puntuz puntu bozkatu zuten, eta onartutako arloak «mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea» eta «Enirio-Aralarri buruzko gai garrantzitsuak udalbatzak eztabaidatzea» izan ziren.

Tolosan eztabaidatu zuten, baina bozkatu gabe. Oraindik landu gabe Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Abaltzisketa, Baliarrain eta Orendainen daukate.

Erakundeez gain, herritarrei ere eman die Aralar Bizirikek agiriarekin bat egiteko aukera, ‘change.org’ webgunearen bidez. Aldeko 3.800 sinadura bildu dituzte, eta 5.000ra iritsi nahi dute, «Aralar parke naturalaren aldeko deia handitzeko». Mozioa landuko duten udalbatzarretara joateko ere eskatu die taldeak herritarrei.

Azkenik, SOS Aralar zioen pankarta bat Senpereko biribilgunetik (Lazkao) kendu diotela salatu du Aralar Bizirikek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!