Atzera kontu bat, kalean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 20a, 18:00

Gazteak Kalean eguna ospatzen ari dira, Alegian, bost gaztek espetxera joateko duten arriskuaren aurka aldarrikatzeko; ekainaren 16an epaitegian hitzordua dute, horietatik bik.

Soka luzea sortu dute 2015eko inauterietan eta 2016ko urtarrilean izandako bi gertakarik, epaiketaren zain eta hiru edo bost urteko espetxe zigorra izateko arriskuan baitira, bost gazte tolosar. Horrela, beraz, Gazteak Kalean plataformak hitzorduak sortu eta antolatzen jarraitzen du, eta Alegian egun osoko egitaraua dute, gaur, Alegiako Gaztetxearen laguntzaz.

Goizean informazio saioa izan dute, eta Nekane Txapartegi eta Manu Azkarate presoen egoera izan dute hizpide. Eguerdian, berriz, pintxo begano lehiaketaren ondoren, paella erraldoia prestatzen aritu dira, ondoren gaztetxean bertan bazkaltzeko.

Bertan, egoeraren larria azpimarratu du Gazteak Kalean plataformako Ainhoa Sukiak: "Bost urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko isuna izan dezakete Intxurre atariko gertakarian auzipeturikoek, eta Limousin etxeko desalojatzean auzipeturikoek, berriz, hiru urtekoa. Euskal Herriko hainbat herritan gaurkoaren antzeko egunak antolatzen ari gara, gure egoera plazaratu eta babesa jasotzeko. Gainera, Euskal Herritik kanpo ere, Herrialde Katalanetan nahiz Espainian, gure dokumentala ere proiektatu dute. Zabaltze handia izaten ari da, eta oso gustura gaude, egia esan".

Datorren ekainaren 16an, bi gaztek auzitegira joateko hitzordua dute, Limousin etxeko okupazio saiakeran izandako istiluen harira: "Hiru urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute haientzat", azaldu du Sukiak. 2015eko inauterietako aferan auzipetutako beste hiru gazteek, ordea, ez dute, oraindik, deklaratzeko datarik: "Airean dago guztia. Horrek beren egunerokoan eragiten du, noski, ezin baitute epe luzera begirako plan edo bizi-proiekturik martxan jarri; edozein unetan irits daiteke epaiketarako deia eta, horrekin, espetxeak sartzeko eguna".

Arratsaldean, Gazteak Kalean dokumentala eskainiko dute Alegiako Gaztetxean, eta festa giroa izango da gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!