Zizurkil eta Tolosa ere herriartekoa jokatzen hasiko dira

Asier Imaz 2017ko maiatzaren 18a

Zizurkilek herriartekoan aurkeztuko duen taldea. ATARIA

Adunak, Altzok eta Asteasuk lehen kanporaketa gainditzea lortu dute; Bidania-Goiatzek agur esan dio txapelketari.

Tolosa eta Zizurkil Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa jokatzen hasiko dira asteburuan, final zortzirenetan. Aduna, Asteasu eta Altzo aurreko kanporaketa gainditu ondoren iritsi dira maila horretara. Bidania-Goiatz, aldiz, final-hamaseirenetan kaleratua izan zen, hain zuzen ere, Altzoren aurka 4-2 galdu ondoren. Final-zortzirenetan, altzotarrek berriro eskualdeko herri baten aurka jokatu beharko dute: Zizurkil. Joaneko partidak larunbatean izango dira, Altzon, 11:30ean hasita.

Adunak Errenteria utzi zuen kalean estu eta larri lehen kanporaketan. Joanekoa 2-1 irabazi ondoren, itzulerakoa 2-1 galdu zuten. Garaipenei begiratuta, beraz, bi taldeak hiruna geratu ziren. Eskualdekoek, ordea, tanto gehiago lortu zituztenez, eurek egin dute aurrera. Final-zortzirenetan Oiartzunen aurka jokatuko dute. Lehen partidak etxean izango dira, ostiralean, 19:30ean.

Asteasuk Orio utzi du kanpoan final-zortzirenetan. Orain, aurkari, Azkoitia izango dute. Joanekoak etxean jokatuko dituzte, ostiralean, 20:00etan. Tolosak, bere aldetik, Azpeitiaren aurka jokatuko du. Hasiera batean etxean jokatzeak baldin baziren ere, lehen jardunaldia Azpeitian izango da, ostiralean, 22:00etan.

ZIZURKILDARREN AURKEZPENA

Gipuzkoako 50. herriartekoan esku pilota modalitatean Zizurkil herria ordezkatuko duen taldea buru-belarri dabil entrenamenduetan. Bigarren fasean hasiko da taldea, iazko emaitza onari esker. «Ez da batere erraza Zizurkil bezalako herri txiki batek herriarteko txapelketan parte hartzea, horregatik dagokion garrantzia ematea oso positiboa da herriarentzat berarentzat ere», azaldu dute taldetik.

Kadeteetan, maila oso ona ematen ari den Xabi Lasa izango da aurrelari titularra eta bere bizkartzain Enaitz Etxeberria ariko da. Ordezko gisa, infantil mailan dagoen Ander Perurena egongo da.

Jubenil mailan taldeak ez du ordezkorik izango. Horregatik minik ez hartzea oso garrantzitsua izango da taldeak bere sendotasuna izan dezan. Aurretik Julen Alberdik jokatuko du. Aurrelari bizia, defentsa handikoa, eta artista. Atzetik Mikel Arrate izango du, urteak pasa ahala sendotasuna hartzen ari den pilotaria.

Nagusi mailan ordezkaritza handiagoa da. Titular gisa aurrean Peru Labakak jokatuko du. Egun, afizionatuetan dagoen aurrelaririk onenetakoa. Atzetik, Jokin Arregi gazteak jokatuko du. Ordezko gisa hiru pilotari izango ditu taldeak: Iñaki Lizaso, Aritz Ezeiza eta Imanol Arruti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!