Ezagutza beharrezkoa

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 17a, 10:09

Transfobiaren aurkako eguna da gaurkoa. Chrysallis elkarteak gaia gizarteratzeko ardura hartu du azken urteotan. Haurren transexualitateari buruzko ikus-entzunezko materiala kaleratu du.

Gizartean edozer gauzaren aurrean borrokatu ahal izateko ezagutza behar da». Esanaren egilea Abi Labaien da, Chrysallis elkarteko kidea, alegia. Berak haurren transexualitatea gizarteratzea du erronken artean. Jomuga honi lotuta elkarteak iaz fitxa didaktiko batzuk kaleratu zituen eta oraingoan osagarri gisa ikus-entzunezkoa kaleratu du.

Haurrekin beraiekin lantzeko helburuarekin sortu da aipatu bideoa, zortzi minutuko iraupena du eta helburu horrekin sortua izan den lehen material didaktikoa da.

«Ez da egunerokotasunean ematen den zerbait baina badago; gutxi emateak ez du esan nahi ez dela existitzen, eta hori ulertarazi nahi diegu txiki-txikitatik haurrei», azaldu du Labaienek. «Aniztasunaren beste espresio bat da eta mezua txikitatik erakusten badiegu, hau da, izateko era ezberdinak badirela, egoerak errazago kudeatu eta arazo gutxiago egongo dira; guztiok errazago txertatuko gara gizarte honetan». Labaienen mezuak gizartean egon daitekeen transfobia apurtzeko modua baino ez dira, maiatzaren 17an, Transfobiaren Aurkako Egunean, pisu berezia ere hartzen dutenak.

Bide horretan Chrysallis elkarteak lan handia egiten badu ere, ikastetxeek lana erraztu dezaketela zalantzarik ez du Labaienek: «Haurrek ordu asko igarotzen dituzte eskoletan, toki guztietan mezua berbera bada, samurtasunez eta naturaltasun osoz jorratzen bada, hor egongo da gakoa».Bide horretan seguru lagungarri egingo zaiela ikastetxe, ludoteka nahiz gurasoei kaleratu berri den ikus-entzunezko didaktikoa. Gaia gizarteratzen laguntzeko gonbitea luzatuta dago horrenbestez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!