Ikaskide garaiko hainbat kontu

Asier Imaz 2017ko mai. 7a, 11:59
Irati Lakunza, Xabi Artola, Gaizka Maiza, Jon Irisarri eta Jokin Altuna, hizketan.

Konta daitezkeen euren arteko anekdotak, irakasleekiko harremanak eta beste hainbat kontu izan dituzte hizketagai, topaketan.

Zenbat denbora hona etorri gabe? Galdera hori Josu Artutxaren ikaskide ohi guztiek egin zuten ikastetxera iritsi orduko; «oroitzapen oso onak ditut, oso ondo pasatzen genuen». Klase garaiez hitz egiterakoan, Jokin Altunari begiratzen diote besteek, barrez. Amezketarrak berari zergatik begiratzen dien galdetzen die besteei, eta Iratik erantzuten dio: «Izan ere zuenklaseak beldurra ematen zuen Jokin». Gaizka Maiza barreari ezin eutsirik dago; badu kontatu nahi duen anekdotaren bat. Baina aurrerago izango da.

Garai «oso onak», baina baita gogorrak ere. Ikasketak eta kirola uztartzea ez da erraza, eta guztiek komunean dute hori. Jon Irisarrik azaltzen du argien: «Orain ez dut garai hartako sakrifiziorik egiten. Klasean zortzi ordu, eta bazkaltzeko denborarik gabe entrenatzera. Hamaiketako fuerte bat egiten nuen, gero etxera joateko denborarik ez nuelako izaten. Bestela, gauak harrapatzen zidan bizikleta gainean. Ez zen egunero horrela izaten, baina bai gehienetan. Gero gauez etxera joan eta ikasketei heltzen nien berriro; afaldu eta ohera. Orain neure buruari askotan galdetzen diot ea hori nola egiten nuen. 24 ordu eroa bezala ibiltzen nintzen. Baina, aldi berean, hori pasa gabe ondoren fruituak lortzea ezinezkoa dela argi daukat».

Jokin Altunak ere antzeko errelatoa dauka: «Klase batzuetara ezin izaten nuen joan. Profesionaletan ez nengoen, baina entrenamenduak eurekin izaten nituen. Ogitarteko bat hartu, modu txarrean bazkaldu eta entrenatzera. Gogoratzen naiz topera ibiltzen nintzela entrenamenduetan, baina fisikoki ez nuela hobekuntzarik nabaritzen; ez nuelako batere atsedenik hartzen. Debutatu nuenean urte sabatikoa hartu nuen, eta atseden hartzeko aukera horrekin, orduan bai, orduan izugarrizko aldea nabaritu nuen».

Irati Lakunzaren «sakrifizioa» ez da atzean geratzen: «Asteko egun guztietan entrenatzera joaten nintzen igerilekura. Zortzi ordu klasean, etxera joan, bazkaldu eta ikasketei tartea egin, eta 18:30etik 21:00ak arte entrenatzera. Orain ikasketak Zaragozan egiten ari naiz, eta ordutegia lasaiagoa daukat». Hala eta guztiz ere, Lakunzak astean bost edo sei entrenamendu egiten jarraitzen du: «Igandea iristen denean ohetik altxa ere ez naiz egiten».

Gaizka eta Xabierren adibideak ez dira hain nekagarriak, baina ikasketak eta entrenamenduak uztartzearen zailtasuna agerian uzten dute: «Nekea bai izaten duzula. Astean hiru entrenamendu eta gero teknika hobetzeko borondatezko beste bat»; «hiru edo lau entrenamendutik gorako asteak izaten ziren».

Erritmo hori aurrera eramateko beharrezkoa izaten da alaitasunen bat mundu horretatik aparte izatea. Hori Josu Artutxa, edo garai hartako beste ikaskideak izan daitezke. Agian, horregatik, garai haietako guztien ikasketa oroitzapenak, barrez inguraturik datoz: «Lagunak Alegiara joan ziren ikastera, eta ni Tolosara. Ez naiz damutzen. Lehengo lagunez gain, berriak egin nituen hemen», dio Jokinek. Gaizka ondoan dauka, eta ez dago amezketarra hain erraz bakean uzteko gogoz: «Nik anekdota bat badaukat kontatzeko. Behin azterketa bat egin genuen, eta notak hartzeko garaia iritsi zenean, Jokin irakaslearengana gerturatu zen. Nire ondotik pasatzean, inolaz ere ez zuela gaindituko esan zidan. Nik 6,5 atera nuen, eta berak 7,5. Bi azterketak konparatu genituen orduan. Eta nirea bai, 6,5ekoa zen. Baina berea… lautik pasatzen ez zen horietakoa». «Nik uste irakasle horrek urte hasieran nota bat jarri zidala, eta egiten nuena eginda ere, nota horrekin amaitzen nuela», argitzen dio ibartarrari amezketarrak.

Irakasleekin harreman berezia zuten Jon Irisarrik eta Jokin Altunak. Eta hori ikaskide ohiek ongi dakite. «Filosofia klaseak 40 minutukoak izaten ziren. Ondoren pilotaz hitz egitea tokatzen zen». Berriro Jokin gauzak argitu beharrean suertatzen da: «Azkenean asteburuko partidez hitz egiten erlazio bat sortzen da, eta irakasleekin hori gertatzen zitzaidan. Baina argitu nahi dut, akademikoki aprobatzen nuela, saiatzen nintzelako». Azalpen horiek sortutako erreakzioa kontatu beharrik ez dago.

Jon Irisarrik ere badu ahaztuko ez zaion oroitzapen horietako bat: «Azterketa bat genuen bigarren orduan, edo. Lehenengoan piper egitea erabaki genuen, kiroldegira ikastera edo joateko. Kontua da, lehen klase horretan bost bakarrik gelditu zirela. Azterketa egitera joan ginenean, irakasleak ez zigun sartzen utzi nahi. Azkenean, zuzendaria tarteko, azterketa egiterik izan genuen».

Patioko kontuak ere aipatu zituzten, eta hemen ere pilota kontuak aipatzen ditu leaburuarrak: «Urki eta biok Jokini apustua bota genion. 24ra partida, bat biren aurka eta gu 16-0 irabazten hasita. Guk bosna euro eta berak 10 jartzen zituen. Uste dut tanto bakarra egin geniola».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!