"Ea ni non geratu nintzen galdetu zidan aitak"

Asier Imaz 2017ko mai. 7a, 10:56
Josu Artutxa, Jon Irisarri, Irati Lakunza, Xabi Artola, Gaizka Maiza eta Jokin Altuna, ikaskideak.

Irati Lakunzak hegats igeriketan Espainiako bi marka puskatu ondoren, Josu Artutxak (Tolosa, 1996), martxoaren 23an, ondoko txioa zabaldu zuen: @gaizkamaiza00 @jonirisarri @AnderGorostidi1 #Jokinaltuna... eta orain @iratilakunza Zorionak! belaunaldi ikaragarria ikaskide izandakoena.

Ander Gorostidi.

Realeko bigarren taldeko jokalaria. Haurtzaindegian, Haur Hezkuntzan elkarrekin ibili ginen. Ondoren, DBH2n elkartu ginen. Horrez gain, kuadrillako laguna da.

Irati Lakunza.

Hegats igerilaria. Beti maila berean ibili arren, beti beste klasean izaten zen. DBH3n, ordea, ikaskide izan ginen gela berean.

Jokin Altuna.

Pilotaria. DBHn etorri zen ikastolara, baina Batxilergora arte ez nintzen berarekin egon.

Jon Irisarri.

Txirrindularia. DBH errepikatu zuen, eta geroztik klasean batera egon ginen, lau urtez.

Gaizka Maiza.

Saskibaloi jokalaria. Ibarran egin zituen ikasketak. Gurekin Batxilergoan elkartu zen.

Baina begira zein arazo izan zenuen: bat ahaztu zitzaizula.

Xabier Artola, dantzaria. Iruran ikasi zuen, eta Batxilergoan elkartu ginen. Kontua da ahaztu egin zitzaidala jartzea. Gainera, orain, berarekin daukat harremanik estuena. Gorostidi kuadrillakoa da, baina entrenamenduak direla eta ez direla, elkarrekin egoteko ez dugu denbora gehiegi izaten.

Nork gogoratu zizun akatsa?

Arrebak esan zidan. Dantza kirola bezala ez nuen ikusi eta pasa egin zitzaidan. Euskal Herriko txapelduna izan da, eta hori lorpen handia da. Belaunaldi eta ikaskide horien beste adibide bat.

Zergatik «belaunaldi ikaragarria»?

1996. urtean jaiotakoak gara denak. Irisarri 95ekoa da, baina azken lau urteetan harreman oso ona eduki dut berarekin; lagunak garelako, eta ikaskide izan garelako. Horregatik, belaunaldi horren parte sentitzen dut bera ere. Urtebeteko diferentziaren barruan bost edo sei puntako kirolari izatea ikaragarria da. Urte askoan ondoan izan ditut, eta hori sentiarazi didate.

Aitak zer esan zizun txioaren inguruan?

Txioaren inguruan hitz egin nionean deigarria egin zitzaion, denak belaunaldi berdinekoak zirelako.

Eta ondoren zer esan zizun?

Ea ni non geratu nintzen [barreak]. Bazterrak nahasten edo adarra jotzen hasi aurretik galdezka hasi zitzaidan; ea denekin klasean egon nintzen… Behin terrenoa prestatu ondoren bota zuen bestea: ea ni non geratu nintzen.

Agian zure dohaina aldamenekoak famatzea izango da?

Ez, ez dakit. Agian horrelako zerbait izango da [barreak].

Denboran atzera eginda, ikaskide garaira, euren lorpen horiek irudika al zenitzakeen?

Gorostidi ez nuen uste Realeko bigarren taldera iritsiko zenik. Ez mailarik ez duelako, beti ibili da azpiko taldeetan, baizik eta lorpen hori oso zaila delako. Altunaren eta Irisarriren kasua desberdina da. Batxiler garai horretan egon ginen elkarrekin, eta jada txapelketak eta lasterketak irabazten zebiltzan. Altuna profesionalekin zebilen entrenatzen; hitzarmen moduko bat ere bazuen. Irakasleek beti galdetzen zioten asteburuan zer egin zuen. Patioan ikusten baldin bazenuen, ikusgarria zen. Hamar bat lagun ibiltzen ginen pilotan, tontoarena egiten, eta Altuna tartean baldin bazen, denak bere aurka saiatzen ginen. Egurra ematen zigun denoi.

Besteen kasuan?

Gaizka Maiza, berriz, TAKE-n zebilen garai hartan. Ona zela ikusten zen. Gainera, Euskal selekzioarekin 16 eta 18 urtez azpiko euskal selekzioarekin entrenatzera eta txapelketak jokatzera joan izan zen; hortaz, ikusten zen Tolosako taldea txiki geratuko zitzaiola. Hala ere, Iraurgirekin joko ona erakutsi eta, mailaz igotzea ez nuen espero, eta are gutxiago Gipuzkoa Basketekin ACB ligan (eta Buesa Arenan, gainera) jokatuko zuela. Azkenik, Irati Lakunzarena Gorostidiren kasuaren antzekoa da. Nirekin ikastetxean aritu zen bitartean, beti azpiko kategorietan nabarmentzen zen, inoiz ez maila absolutuan. Beraz, nik ez nuen espero Espainiako errekorrak hautsiko zituenik, ezta Europako zein Munduko Txapelketatara joango zenik. Nahiz eta egia den, eta askotan lagunen artean komentatu izan dugun, monoaleta bigarren mailako kirola dela, eta jende gutxi aritzen denez, errazagoa izan daitekeela horrelako emaitzak lortzea. Horrek ez dio meriturik kentzen Irati berari.

Eta berriz ahaztu zaigu Artola.

(Barreak)… Ni bai kalamidadea! Ba Xabirena, egia esan, sorpresa hutsa izan da niretzat, eta nik uste berarentzat ere hala izan dela. Duela lau urte sartu nintzen taldean, eta orduan etorri zen ikastetxera. Ordutik ezagutzen dut, beraz. Ikusten nuen dantzarako abilezia bazuela, batez ere oinetan, baina ez inondik inora ere, Euskal Herriko txapelduna izateko.

Garai hartan jarraitzen dugu: kontatu ezin daitekeen sekretu bat.

(Barreak)… Behin Jokin Altunarekin eta Gaizka Maizarekin topatu nintzen parranda batean, Tolosan. 02:30ak edo izango ziren. Larunbata zen, eta euren partidak irabaztetik zetozen. Hurrengo eguna libre zuten. Parrandan… Aurrez esan beharra daukat horrelakoak eurekin bakarrik gertatzen zirela. Kontua hori da, hauek iritsi zirela eta…

 

JOSU ARTUTXA: NONDIK NORA ZABILTZATE ZUEN KIROL IBILBIDEAN?

 

IRATI LAKUNZA (Tolosa, 1996)

Infantil eta kadete mailan gure helburua uretan ondo pasatzea izaten zen. Junior mailan hasi ginen lehian, 16-17 urte genituela. Aurtengo denboraldian Espainiako marka batzuk egin ditut, eta Europako Txapelketarako gutxiengo denborak ere bai. Hori izango da hurrengo erronka. Horretarako hautatzaileak zerrendan sartu behar zaitu, eta ni bezala 10 hegats igerilari inguru daude. Ikusi behar da ekonomikoki zein aukera dauden eta hautatzaileak zenbat aukeratzen dituen. Europako Txapelketaren ondoren, Espainiako Udako Txapelketak jokatuko dira. Nire egutegian bi data horiek daude, baina ikusi egin beharko da ea hautatuak garen. Oso polita izango zen, eta zerrendan egonez gero, final batera sailkatzea izango zen Europako Txapelketako helburua. Lehen zortziren artean sartzea oso zaila izango da, baina aldi berean, izugarria.

 

GAIZKA MAIZA (Ibarra, 1996)

Apirila erdi aldean Urrezko LEB mailarako igoera lortu genuen Iraurgirekin. ACB-ren azpiko maila da hori, hau da, bigarren maila. Azken aurreko partidan lortu genuen igoera. Ondoren, denboraldia etxean amaitu genuen. Zaletuek urte guztian zehar eman diguten babesa eskertzen saiatu ginen. Gero bazkaria, udaletxean harrera… inoiz horrelako ospakizunik bizi gabe nengoen. Mailaz igotzea zer zen TAKE-n ere ezagutu nuen. EBA Ligara igo ginen orduan; ni oraindik harrobiko jokalaria nintzen, baina lehen taldera laguntzera igotzen nintzen.

Orain ikusi egin beharko da Iraurgik hurrengo urtean non jokatuko duen. Maila igoera lortu da, baina ekonomikoki horretarako baliabideak dauden aztertu egin beharko dute arduradunek. Presidenteak esan zigun horretan saiatuko zela. Ekaina erdi aldean erantzun bat eman beharra dago. Taldeak jokalariekin urtebeterako hitzarmenak egiten ditu, eta ni ere egoera horretan nago. Hurrengo urtean non egongo naizen ekaina ondoren ikusiko da. Nik gustura jarraituko nuke Iraurgin Urrezko LEB mailan, baina esan bezala, ekaina ondoren argituko da guztia.

 

JOKIN ALTUNA (Amezketa, 1996)

Azken txapelketak, binakakoa eta buruz burukoa, ez dira ondo atera, baina binakakoa niretzat oso polita izan zen. Abel Barriolarekin jokatzeko ilusio handia nuen. Betirako geratuko zaidan oroitzapen oso polita izan da. Banakakoa ilusio handiarekin prestatu nuen, eta gerra emateko gogotsu nengoen, baina ezinezkoa izan zen. Hemendik aurrera udako jaialdiak eta ondoren lau t'erdikoa etorriko dira.

 

 

XABI ARTOLA (Irura, 1996)

Bizi guztian dantzan ibili naiz, baina txapelketetan karrerako lehen urtean hasi nintzen, duela bi urte. Dantzako irakasleak proposatu zidan suelto txapelketetan parte hartzeko, fandango eta arin-arin txapelketetan. Bikote pasaitar bat bilatu zidan, eta horrela hasi nintzen. 2016ean Euskal Herriko Txapelketa irabazi genuen Seguran; dagoen txapelketarik garrantzitsuena. Kontua zera da, bikoteak aurrez bi aldiz irabazia zuela. Bere maila eta nirea oso desberdinak ziren. Bera izugarria zen bitartean, ni hutsaren hurrengoa nintzen. 2016an hamabost txapelketa egin genituen urtean zehar, eta horietatik hamar irabazi genituen. Besteetan bigarren geratu ginen. Segurara horrela iritsi ginen, eta irabaztea lortu genuen. Aurten, beraz, berriro irabazi nahi dugu Euskal Herriko Txapelketa; horretan saiatuko gara.

 

 

JON IRISARRI (Leaburu-Txarama, 1995)

Afizionatu mailan garaipen garrantzitsuenak Legazpikoa, Espainiako Kopa, eta Bidasoako Itzuliko azken etapa izan zirela esango nuke. Aurten profesionalekin korritzeko aukera eman dit Caja Rural-Seguros RGA taldeak, eta Euskal Herriko Itzulian izan nintzen apirila hasieran. World Tour-eko nire lehen lasterketa izan da, eta gainera etxean. Lehen urtean World Tour-eko lasterketa bat ezagutzea izugarria izan da niretzat. Lasterketa bukatzeko beldurrez nengoen, eta gero ikusi dut miseriarik pasa gabe bukatu dudala. Horrek segurtasun handia ematen dio neure buruari. Kontuan izan behar da munduko tropelik onenarekin zaudela. Txirrindulari guztiak ezagutzen dituzu; taldeko txarrenaren izena ere ezaguna da. Lehen egunean parte hartzaileen zerrenda hartu eta nik hor zer egin behar nuen galdetzen nion neure buruari: «Tropeletik geratzen lehenengoa ni izango naiz!». Katarro pixka batekin iritsi nintzen Itzulira, eta lehen egunetan kosta egin zitzaidan. Gero, ordea, egunetik egunera hobeto sentitzen joan nintzen, eta azkenean, erasoak eta ihesaldiak harrapatzeko saiakera horietan egotea lortu nuen; taldeari laguntzen. Itzulia korritze hutsa garaipen bat izan da niretzat. Duela urtebete telebistaz jarraitzen nuen lasterketa hori, eta aurten zure burua hor ikustea… harrigarria izan da.

Eta gero zaletuak daude. Banekien Tolosatik pasatzerakoan ikastolako ikasleak errepidera irtengo zirela ni animatzera. Beizaman beldur nintzen, atzera geratu eta haurren aurretik tropeletik 10 minutura pasako ote nintzen. Zorionez ihesaldia osatu zen eta erritmoa ez zen izan izugarria. Ondo pasatu nuen, eta Tolosakoa izugarria izan zen, benetan ez sinestekoa. Animo guzti horiek barrura-barrura iritsi zitzaizkidan.

Hemendik aurrera beste maila bateko lasterketetan jarraituko dugu. Gure taldea World Tour-eko beste bi lasterketetan egongo da: Donostiako Klasikan eta Espainiako Itzulian. Batera zein bestera txirrindulari berdinak joan ohi dira. Lehen urtea izanik ez dut uste niretzat hiru asteko itzuli bat egitea ona izango denik. Hala eta guztiz ere, aukera ematen baldin badidate inongo zalantzarik egin gabe joango nintzateke; baina pixkanaka-pixkanaka joatea hobe izango da.

Erlazionatuak

Ikaskide garaiko hainbat kontu

Asier Imaz 2017 mai 07

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!