Zuberoako maskarada Aiztondon

Maskaradak jarraitzeko jakingarriak

Jon Miranda Labaien 2017ko api. 30a, 10:56

Badirudi Euskal Herrian XVI. mendean hasi zirela neguko festa hauek ospatzen. Maskaradei ahaideak aurkitu zaizkie leku askotan: Ingalaterran, Moravian, Errumanian, Belgikan, Italian, Himalaian, Austrian, Frantzian, Katalunian, Andorran… Zuberoaz kanpoko beste festa batzuen ezaugarri berberak ditu, eta beraz, landa inguruetan bizi diren gizakiek ospatzen dituzten erritualen talde zabaleko partaide da.

Jai ziklikoak dira maskaradak, urtaroen araberakoak, naturaren erritmo biologikoekin eta nekazaritza munduko laborantza eta artzain jarduerekin harreman zuzena baitute. Inauteri garaian, aratusteak ospatzen diren egunetan antzezten dituzte izaera eszeniko, sinboliko eta sozial argia duten festa hauek. Jendea sozializatzeko asmoa duten erritualak dramatizatzen dituzte. Biztanleen artean dirua batzeko errondak antolatzen dituzte eta diru horrekin janaria eta edariak bildu eta mahai baten inguruan elkartzen dira. Jarduteko modu hau neguko jai guztietan errepikatzen da.

Maskaradetan parte hartzen dutenak jarraigoetan antolatzen direla ikus daiteke, hainbat hierarkia eta mailatan banatuz. Ijitoen taldea, dantzari adituen taldea, baso eta mendiko animalien irudikapenak (animalia itxurako maskarak eta mozorroak erabiliz), kantua eta eskariak egiteko koplak, galdaragileen eta hainbat ogibideetako kideen tropak.

Eta guztia musika eta dantzaz lagunduta. Zuberoan dantza-jauziak urrats neurtuz eta lurra laztanduz dantzatzen dituzte eta aldi berean grabitateari desafio eginez. Europako mendebaldeko dantza tradizional gehienetan bezala, lurrarekin dantzatzen dute zuberotarrek. Jauzi egiterakoan ahalik eta goren egiten dute, baina goitik beherakoa ere indarrez burutzen dute. Amalurra kolpatzen behin eta berriz, dotore, gero eta gorago, gero eta gogorrago zanpatuz lurra, neguko lozorrotik esna dadin. Txirula, ttun-ttuna, atabal eta arrabiten doinuek markatzen dute dantzarien oinek lurra hartzen duten momentua.

«Jaiotza-heriotza, erditzea-erailtzea, ordena-anabasa, gorriak-beltzak, negua-udaberria, hori guztia eta gehiago antzezten dute zuberotarrek urtero, urtarriletik apirilera, herriz herri bere, gure kulturaren sorgin-gurpila martxan jartzeko, herritarrak neguko lozorrotik ateratzeko, euskal gizartea berpizteko, musika, dantza eta berba lagun dutelarik», dio Edu Zabala Garagartza adituak.

MASKARADAK

Forma ortografiko asko erabili dituzte maskaradetako pertsonaia ezberdinak izendatzeko. Euskara batuan gehien ikusitako forman emango dira hemen:

MASKARADA GORRIA

Gorriak jende zintzoa, ona da; bere gain daude dantzarik ikusgarrienak. Bi taldeetan banatu daitezke, aintzindari taldea eta gainerakoak.

Aintzindari taldean

TXERREROA: muturrean zaldi buztan bat itsatsia duen makila bat du eta honekin bidea errazten du. Gerrian brontzezko zintzarriak daramatza. Giltzarri bat ere badu izpiritu gaiztoak haizatzeko. Aurrean ikusiko dugu, bidea zabaltzen.

GATHUZAINA: Pantografoarekin ikusiko dugu, musika tresna bat. Zig-zag moduan irekitzen da eta honekin jendearen txapelak hartu eta jendea gogaitzen du.

KANTINIERSA: XIX. mendeko frantses armadako kantiniersen jantzia du. Arin eta ederra behar du izan.

ZAMALTZAINA: Erdi gizaki erdi zaldi den izakia. Gerrian zaldi itxurako gona bat janzten du. Maskaradako pertsonaia nagusia da, dantzari trebeena. Zaldiak, abere mitikoa izaki, boterea ematen du bizien mundutik hilen mundurako joan-etorriak egiteko. Zaldiaren burua oso txikia da. Pertsonaia honek, loreak, lumak, zintak eta ispilu txikiak dituen koroa bat du buruan.

ENTSEINARIA: Zuberoako ikurraren zutoihala daramana.

Gainerakoen artean

MAREXALAK: Bi dira: ugazaba eta morroia. Zamaltzaina ferratzeko erremintak dituzte. Patroiak, mailua ez ezik, larruzko amantal bat ere erabiltzen du.

KHERESTUAK: Zamaltzainaren bi zirikatzaileak dira. Panazko traje bat janzten dute eta makila bat eraman ohi dute bizkarrean.

JAUNA ETA ANDEREA: Jauna da maskaradaren buruzagia. Honek zaintzen ditu maskarada egileak. Gazteen nagusi izan ohi da. Dantzetan egiten diren lanak zuzentzen ditu. Fraka bat janzten du eta bastoi edo sable bat darama. Andereak soineko zuri arin bat janzten du.

LABORALIA ETA LABORARISA: Beltzez janzten dira eta ez dute aparteko zereginik maskarada jokoetan.

KUKUILEROAK: Gazteenak dira. Ez dute aparteko lanik, baina etorkizuneko dantzariak dira.

MASKARADA BELTZA

Gorrien aurkakoak dira, gaiztoak, axolagabeak, zikinak, gezurtiak, ardozaleak. Aldi berean kritika soziala eta irria eragiteko etorria dute. Hauen artean daude:

XORROTXAK: Zorroztaileak dira, bi: patroia eta morroia. Erremintak zorrozten dituzte. Buruan katagorri disekatu bat duen kapela janzten dute. Jokoen artean, bi bozetan kantatzen dute datorren ofizioa aurkeztuz. Jaunaren ezpata zorrozten dute beraien jokoan.

BUHAMEAK: Ijitoak dira, ofizioz zaldien ilea mozten zutenak. Lau pertsonaia izaten dira, buhame jauna (ijito erregea) eta beste hiru. Egunean zehar pitokeriak egiten aritzen dira, lanari ihesi. Kolore eta loredun telaz eginiko traje bat janzten dute eta egurrezko ezpata bana dute.

KAUTERAK: Hauek ere ijitoak dira, baina kaldereroak, pertzak eta eltzeak konpontzen zituztenak. Itsusienak dira, aurpegia beti erdi ezkutuan daramate. Arropa zahar, beltz eta txikitua janzten dute, duten maila apala adierazteko. Bizkarrean graffitiak dituzte, txapel zatarrak, adarrak, lumak. Kabana handia da denen nagusia, tokian tokiko sermoiak ematen dituena. Taldean xelebreena, Pitxua da. Jostalaria da oso eta tximinokerietan dihardu etengabe. Maskarada bukaeran hil egingo da eta hura salbatuko du Medizina izeneko pertsonaiak.

MASKARADA JOKOAK

Maskaradak beti berdin-berdin jokatzen ez badira ere, normalean egitura jakin bat dute, gutxi gehiago beti errepikatzen dena. Oro har, hiru zati izaten ditu.

Goizeko barrikada hausteak

Gutxi gorabehera, 10:00etan hasten dira barrikadak. Maskaradak eman behar diren herriaren hartzea irudikatzen da. Errezibitzaileek (herri horretako dantzariak) dantzaz agur dezakete maskaradak emango dituen herria. Ondoren arizaleen dantzen txanda hasten da: koplak kantatu eta musika hasten denean, beltzak oihu eta orro eginez sartzen dira (barrikada hautsi dela sinbolizatzen da) lurrera melee tankeran erortzen direlarik. Modu honetan, herria okupatzen joaten dira barrikadaz barrikada. Barrikada hauek notable edo herrian garrantzitsu diren pertsonen etxeetan eta beste zenbait lekutan egiten dira normalean (udaletxe, eskola, lantegiren bat...). Barrikada haustean jana eta edaria eskaintzen da denentzat. Nolabaiteko eske-jarduna ere bada.

Aiztondon, 10:00etan hasita, orduro, herri batean egingo dituzte barrikadak eta errezibiltzaile izango diren herriek zenbait ekimen prestatu dituzte: bertsoak eta dantzak izango dira Asteasun, Alkizan sagardoaren inguruko bertsoak emango dituzte, Adunan, besteak beste, azeri dantza eta herriko beste zenbait ohitura erakutsiko dizkiete eta bukatzeko Zizurkilen agurra kantatuko diete.

Arratsaldeko ofizioak

Bazkalostean herriko plazan egin ohi dira ofizioak. Maiatzaren 7an, Larraulgoan egingo dituzte. Plazara sartu eta barrikada hasten da. Askotan bi dantza ematen dira: Muñeiñak eta Marianak. Xorrotxek ofizio bakoitza aurkeztuko dute kopla baten bidez joko guztietan zehar.

Segidan, marexalak zamaltzaina ferratu behar dute. Hasieran gaizki egiten dute eta ondoren ongi. Kherestuek, zamaltzain zaldiaren zikiratzea antzezten dute eta bearneraz hitz egin ohi dute. Lehen saioan ez dute lortuko eta nagusiak mutikoa kaleratuko du. Honen ordez Pitxua hartuko du laguntzaile baina mutikoa baino ezgauzagoa izango da, izan ere zamaltzainaren ordez kantiniersa harrapatuko du zikiratzeko. Berriro mutila onartuko da eta orduan bai lortuko dute. Barrabilak (bi patata, bi kortxo…) airera botako dituzte.

Txerrero, gathuzain, kantiniersa, zamaltzaina eta entseinaria: gabota dantza emango dute, biribilean. Bralea ere dantzatu ohi da. Soka-dantza da eta hiru zati ditu: bralea, karakoiltzia eta braletik jaustea. Dantzarientzat unerik ikusgarriena Braletik jaustea da. Hor, dantzariak plazari itzulia emanez dantzatzen dute, eta hor egiten dituzte pausu ikusgarri, zail eta berezienak.

Jarraian, xorrotxak plazan sartu, kopla bidez agurtu eta jaunaren ezpata zorroztea izango da beraien lana Etxahun Irurik sortutako kantu bat ematen delarik tartean. Hauek ere hiru saio beharko dituzte. Lehenengoan nagusiak mutila kaleratuko du, bigarrenean Pitxuaren laguntza izango du eta okerrago izango da. Hirugarrenerako mutila sartuko da eta ezpata zorroztea lortuko dute.

Ondoren, buhamea plazan zarata eta orro batean sartuko dira. Ijitoak dira, lanbidez zaldien ilea mozten zutenak. Beren zurezko ezpatekin dantza egiten dute; ez dute inolako koordinaziorik erakusten, mugimendu arritmikoak egiten dituztela dirudi. Ondoren buhame jaunak, zeinak ijitoen erregatzen duen bere burua, sermoi edo pheredikia egiten du, bere balentriak adieraziz. Nomadak direnez, mundu osoan bidaiatu ondoren pasatu dituzten lurraldeetan ikusitako kontuak esaten ditu buhame nagusiak. Testu hau plazaro, igandero alegia, errepikatzen da.

Aintzindariek, jaunaren aurrean godaleta bat kokatu (edalontzi bat), eta haren gainean godalet dantza emango dute. Zuberotarrentzat benetako zailtasuna edalontziaren inguruan egin beharreko urratsak basotik ahalik eta hurbilen egitea da.

Kauterak datoz ondoren. Hauek ere ijitoak dira, baina pertza eta lapiko konpontzaileak. Gutxienez lau galdaragile dira, tartean Kabana nagusia eta Pitxua sartuko dira plazara, zarata ikaragarria eginaz. Kabanak liburu handi bat eta usta edo arbazta ditu eskuetan. Jaunaren pertza konpondu behar dute. Lana bukatzean, jaunak sos batzuk botako ditu airera eta kauterek jauzi egingo dute diru hau hartzeko. Pitxua azpian harrapatuta hilko da. Medizinak ebakuntza bat egingo dio eta berpiztu egingo da, natura udaberrian berpizten den moduan. Kabanak Pitxuaren testamentua irakurriko du. Kabanaren pheredikian, herri horretako kontuak aipatzen dira. Bertakoa izan ezean, askotan zail da kontatzen denaren ironia ulertzea.

Dantza-jauziak, Aitzina Pika eta Moneinak dira, ohikoenak behintzat. Moneinak luzea da eta urratsak kantatzen dituzte gehienetan. Aintzina Pika jauzi motza da, beraz, ez dituzte urratsak esaten gehienetan, eta normalki urrats hauekin dantzatu ohi da: aitzina pika (4 aldiz), xinple lauretan, zeina (2), ezker-eskuin, ezker eta hiru, eskuin. Zirkulu bat osatzen da eta ikusle guztiei dantzara batzeko gonbita egiten zaie. Aiztondoko herritarrek, hilabeteak daramatzate dantza hauek entseatzen, zuberotarrekin batera Larraulgo plazan dantzatu ahal izateko.

Denen arteko kantu ematea

Denon artean, maskaradari eta ikus-entzule, kantu bat abesten da. Kantu hau urtero berria izan ohi da. Aurtengo hitzak eta airea, Allande Davantek sortu ditu.

Erlazionatuak

Zuberoako inauteria Aiztondon

Jon Miranda Labaien 2017 api 30

Xiberuko Botza: Maskaradak Aiztondon

Tolosaldeko Ataria 2017 api 30

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!