Zuberoako maskarada Aiztondon

Zuberoako inauteria Aiztondon

Jon Miranda Labaien 2017ko api. 30a, 09:54

Sei herrik osatzen dute Tolosaldeko Aiztondo bailara. Horietatik bost txikienek, elkarrekin eta lehen aldiz, kultur ekimena antolatu dute maiatzaren lehen astebururako: Aiztondoko Maskaradak izena jarri diote. Ez du esan nahi horrek, Asteasu, Larraul, Alkiza, Zizurkil eta Adunako herritarrek Zuberoako inauteri jaiak emango dituztenik. Pettarra eskualdeko gazteak gonbidatuko dituzte horretarako.

Urtarrilaren 22tik ari dira Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile herrietako gazteak Zuberoako 15 herritan maskaradak eskaintzen. Igande honetan, apirilaren 30ean, Ürrüstoin emango dute azkena eta behin erronda amaituta, maiatzaren 7an emango dute aurtengo azkena Larraulgo plazan.

Bi eskualdeen arteko aldea handia da, ordea. 18.000 biztanle ditu Zuberoak eta antzeko kopuruan dabil, adibidez, Tolosa. Edo beste modu batera esateko, Maule-Lextarren bezainbeste jende bizi da Zizurkilen. Zuberoako gainerako herriak dezente txikiagoak dira. Urtez urte, herri horietako batek hartzen du maskaradak antolatzeko ardura. Ez da erabaki erraza, herriko ia gazte guztiak inplikatzea baitakar horrek. Dantzari finak, ondo kantatuko duten ahotsak, musikariak eta hizlari trebeak behar dira maskaradak jokatzeko.

Oso ondo egituratutako eta kodifikatutako jokoak dira inauterien bueltan Zuberoan eskaintzen direnak. Belaunaldiz belaunaldi jasotako jakituria ondo ikasi dutela erakutsi behar du antolatzailea den taldeak; talentu nahikoa baduela eta badela nor.

Herri emaileko gazteak modu berezi batean bildu eta harremantzen dira maskaradei esker. Zuberoako herrietan zehar egiten dituzten emanaldiekin, bestela ezagutuko ez lituzketen gazteak ezagutzen dituzte eta festa egiten dute euren modura: harrera egiten duen herriko dantzariek bisitarien aurrean egin dute dantza; geldialdi bakoitzean jan-edana egoten da eta solasaldiak egiteko aukera izaten da; eguerdian, elkarrekin jauziak egiten dituzte herriko plazan eta askotan, antzezleak bazkaritara herritarren etxeetara joaten dira; arratsaldeko saioan Bralia dantzatzen dute elkarrekin; Azken batean, herria batzeko eta gazteak komunitatera biltzeko indarra dute maskaradek.

Esperientzia esportatuz

Aldeak handiak izan arren badago elkarrengandik zer ikasia. Aiztondoko bost herritan 5.500 biztanle inguru bizi dira eta horietako asko gazteak dira. Kezka batek bizi du azken urteetan, ekimena antolatzeaz arduratu den taldea: «Geroz eta globalagoa den gizarte honetan, geroz eta abiadura handigoan bizi gara, elkarren berri eduki gabe. Iruditzen zaigu, falta zaizkigula taldea engranatzeko balio duten elementuak». Horregatik jo zuten Zuberoara eta maskaradetan topatu zuten funtzio hori betetzen duen jaia. «Ez dakit 'eredu' modura, baina adibide bezala aurkeztu nahi diegu Aiztondoko gazteei», esan du Aitor Atxega taldeko kideak.

Azken urtebetean 40 laguneko taldea aritu da bost herrietan Aiztondoko Makaradak ekimena prestatzen. Gazte gutxi batu da taldera, baina ez diete horregatik «kargu» hartu nahi uste baitute, gaur egun gure ingurunean protagonismo gutxi ematen zaiela gazteei. «Ikusi genuen Zuberoan inauteri festa honek ematen diela sormenerako aukera. Testuingurua buruan dutela, beren burua esplikatzeko baliatzen dituzte maskaradak. Berezkotasun horretatik abiatuta, aurrekoengandik jaso duten folklorea darabilte, euren mundutxoa kritikatzeko eta euren burua inportante sentiarazteko. Ederra da hori».

Gazteek antolatzen dute erritu ikusgarri hau Zuberoan, baina horretarako, aurrez, norbaitek erakutsi behar izaten die. Jakituriak belaunaldiz belaunaldi bidaiatzen du eta transmisioaren indarra eta garrantzia ikaragarriak dira maskaradetan. Ikusleen artean beti egongo da maskaradan dantzatu zuen bat eta aurten egingo duenari erakutsiko diona. Hamabost urtez behin antolatzen du herri batek ikuskizuna eta hortaz, gutxi asko, denek ezagutzen dituzte erritu honen kodeak.

Urtebeteko lanketa Aiztondon

Elementu interesgarri guzti horietaz jakitun jo zuten Aiztondoko lagunek Zuberoara. Taldeko kide baten bitartez Allande Socarrose kazetari eta euskaltzalearekin harremana egin eta honek jarri zituen kontaktuan Allande Davantekin, aurtengo maskaraden erregentarekin. «Gazteekin hitz egingo zuela eta erantzun bat emango zigula esan zigun. Zuberoarrak ez dira maskaradak beren kontestutik kanpora eman zale, baina hemen Aiztondon gaia lantzeko genuen asmoa ikusita, baiezkoa eman ziguten». Aurtengo maiatzaren 7rako egin zuten hitzordua.

Baiezkoa jaso eta berehala hasi ziren ekimenak antolatzen, bereziki, maskaraden ezagutza transmititzeko. Taldeko kidea den Kepa Fernandez de Larrinoa antropologo alkizarrak eta Edu Zabala irakasleak eman dituzte hitzaldiak maskaraden inguruan. Herri bakoitzeko, behintzat, ekitaldi bana antolatzen saiatu dira, eta esate baterako, egunotan ikusgai izan da Jon Mikel Insausti lazkaotarrak prestatuko erakusketa Aiztondoko eta Alkizako liburutegietan.

Elementu ugari ditu Zuberoako inauterien errepresentazioak: mozorro, txantxa eta jan-edanarekin batera, sermoiek, koplek, kantuek, soinuek, musikak eta dantzak hartzen dute jaiaren erdigunea. Hain zuzen, urte osoko lanketa prestatzerako orduan, arreta berezia jarri dio Aiztondoko taldeak dantzari. Horretarako, segituan jarri ziren harremanetan Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko kideekin. Bertako langile Johañe Etxebest aritu da Zuberoako dantzen inguruko azalpenak ematen. Sei saio eskaini ditu, horietako lau herriz herri eta beste bi bailarako ikastetxeetako irakasleentzat.

Dantzen inguruko nozioak jaso zituzten maisu-maistrek gero ikas-komunitate osoari erakutsi zizkieten ikasitako pausoak eta horrekin osatu zuten aurtengo inauteri festa. «Lanketa berezia egin dute ikastetxeek eta umeek ikusi dute jai honen atzean badagoela zerbait berezia; txikienek ere sumatu dute maskaraden berezkotasuna eta mugitu zaie zeozer barrenean». Ikastetxeetako webguneetan ere eskegi dute Zuberoaren eta inauterietako ikuskizun honen inguruko informazioa. «Harra sartu zaie eta hori da gure helburua, ea aurrerantzean fruitua jasotzen dugun eta gaur ume diren etorkizuneko gazte horiek eredu horri jarraituz elkarrekin gauza berriak sortzeko gauza diren».

Zubererako doinua bailaran

Gaur egungo hezkuntza curriculumean jasoa dago Euskal Herria eta euskalkiak landu beharra eta Aiztondon okasioa baliatu dute horretarako. «Ipuin batzuen grabazioak ere entzun ahal izan dituzte eskolan, betiko ipuin horiek lapurteraz eta zubereraz entzuteko aukera izan dute gure umeek».

Prestaketa lanak borobiltzeko eta helduak ere ekialdeko euskalkira ohitu daitezen, datorren igandean, apirilaren 30ean, Aiztondoko bost udalerrietako plazetan megafonia jarri eta Xiberuko Botzan espresuki prestatu duten irratsaioa eskainiko dute zuzenean. Maskaraden inguruko azalpenak emango dira bertan eta hainbat elkarrizketa egingo dituzte Zuberoako esatariek. Gainera, maiatzaren 7an, Larraulgo plazan eskainiko diren maskarada jokoetan botako diren koplak esku-orrietan emango dituzte, osorik zubereraz, eta laburtuta, euskara batuan. «Zaila izaten da euskalkia ulertzea guretzat eta gutxi asko jendeak emanaldia jarraitu ahal izan dezan euskarri bat izango du».

Bi komunitateen Zuberoa eta Aiztondo arteko zubia egiteko asmoa du, beraz, maiatzaren lehen asteburuko ekimenak. «Gehienok ezagutzen dugu Halloween zer den eta gure herrian bertan egiten diren ospakizun aberats hauen arrastorik ez dugu», diote antolatzaileek. «Kanpoko guztia xurgatzeko» joera horri balazta jarri eta Euskal Herriaren ezagutza sustatzen jarraitu nahi dute Aiztondoko herritarrek.

Hurrengo urteetan zer?

Oso aberasgarria izan da azken urtea Tolosaldeko bost udalerri hauetan eta maiatzeko lehen asteburua gerturatu ahala jende gehiago batu zaie ekimenera. Antolaketa lanetan eta azpiegitura prestatzen jende gazteagoa sumatu dute taldekideek.

«Pozik gaude, jo ditugun ate guztiak ireki zaizkigulako eta ilusio handiarekin hartu dutelako herritarron ekimena. Denean baiezkoa esan digute». Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatearen bitartez jo dute bailarako bost udaletako ordezkariengana eta hauek lagundu dute ekonomikoki maskaraden emanaldia: «Hala ere, aurrekontu xumea du, berez artifizio handirik gabeko ospakizuna da eta ez du azpiegitura handirik eskatzen». Pettarra eskualdetik etorriko diren gazteen joan etorria eta egonaldia ordaintzeko eta ekimena zabaltzeko karteldegia prestatzen erabiliko dituzte udaletatik jasotako sosak.

«Taldean ez gara oso iaioak propaganda kontuetan eta intentzioa ere ez da hori izan. Guretzako baliagarria zitzaigun lanketa bat egitea zen gure lehentasuna. Zerbait xumea eta txikia». Baina aldi berean esangura hartzen duena, lehenengo aldia baita Aiztondo mailan kultur ekitaldi bat antolatzen dutela bost herrik elkarrekin. Esperientziak «sentsazio onak» utzi dizkiela ikusita, hurrengo urteetan segidarik izango ote duen esaten ez dakite. «Agian ez du zentzurik hurrengo urtean berriz Zuberoatik maskaradak egingo dituzten gazteak gonbidatzea. Kontzeptua euskal herrietan zehar topatzen ditugun ekimen interesgarrietatik ikastea da eta aurrerantzean indar nahikoa biltzen badugu, ekingo diogu abentura berri bati».


EGITARAUA

MAIATZAK 6, LARUNBATA

18:00. Asteasuko plazan ongi etorri instituzionala maskarada arizaleei.

Ondoren. Zintzur bustitzea Asteasuko kaleetan.

20:00. Afaria Asteasuko Usarrabi frontoian. Afalostean animazioa. (Txartelak salgai Aiztondoko herrietako tabernetan. 15 euro helduak, 8 euro 14 urtetik beherakoak).

MAIATZAK 7, IGANDEA

10:00. Asteasuko plazan barrikadak.

11:00. Alkizako Leten barrikadak.

12:00. Adunako plazan barrikadak.

13:00. Zizurkilgo udaletxe aurrean barrikadak.

14:00. Bazkaria Larraulgo frontoian. (Txartelak salgai Aiztondoko herrietako tabernetan. 12 euro helduak, 10 euro 14 urtetik beherakoak)

16:30. Maskarada jokoak Larraulgo plazan.

Erlazionatuak

Maskaradak jarraitzeko jakingarriak

Jon Miranda Labaien 2017 api 30

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!