Zuberoako maskarada Aiztondon

Zuberoako inauteria Aiztondon

Jon Miranda Labaien 2017ko api. 18a, 10:43

Argazkilaria: Jokin Sukuntza

Zuberoako inauteriak herrira ekartzeko lanean ari dira Aiztondo bailaran. Maiatzaren 7an dute eguna.

Inauteriek hartu duten izaeraz kezkatuta, duela urtebete hasi ziren Aiztondo bailarako hainbat herritar elkarrengana biltzen. Jai horrek duen berezko esanahitik “urrun” ikusten zituzten gazteak. “Udaberria iristearekin batera lurra esnatzeko erritutik eta sormena bultzatuz talde izaera indartzeko balio duten ospakizun horietatik urrun”. Hori uste dute Endika Azpirotzek eta Aitor Atxegak, taldera bildu diren herritarrak biak, eta horregatik hasi ziren duela urtebete inauteriak beste modu batera ospatzeko “eredu” bila. Zuberoako maskaradetan aurkitu zuten irtenbidea.

Zuberoak eta Aiztondok badute elkarren antza pixka bat, biak baitira landa eremukoak. Baina Euskal Herriaren ekialdean, Gipuzkoako bailaran ez bezala, inauterietako tradizioa transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi. Horregatik, baina, batez ere, ekitaldi “parte hartzailea” delako hautatu dute maskarada. “20-25 urtetik beherako gazteak dira bultzatzaileak, eta ia herri guztia inplikatzen da antolakuntzan, azpiegiturak prestatzen ez bada, musikagile, jostun edo dantzari bezala”, kontatu du Azpirotzek.

Gazte kopuru jakin bat behar da, beraz, urtero, maskaradak antolatzeko. Zuberoako herriek txandaka antolatzen dute, eta aurten Zuberoako Jauna elkarteko kideek plazaratuko dituzte maskaradak; Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile herrietako gazteek, hain zuzen ere. Urtarrilaren 22an egin zuten lehen agerraldia, eta lau hilabetean Zuberoako hamabost herritan arituko dira maskaradak eskaintzen. Behin erronda bukatuta, Aiztondo bailaran emango dute azken saioa, maiatzaren 7an.

Azpirotzek eta Atxegak kontatu dute nola lortu duten maskaraden emanaldia bailarara ekartzea: “Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil eta Adunako herritarrok osatu dugu taldea, eta kideetako batek Allande Sokarros kazetari eta euskaltzalea ezagutzen du. Hots egin genion, eta hark Allande Davantekin jarri gintuen harremanetan. Hura ari da maskaraden prestaketak gidatzen, errejenta lanetan”. Zuberoatik denbora pixka bat hartu zuten erantzuteko, normalean ez baitituzte eskaintzen maskaradak bertako testuingurutik kanpo: “Bilbon eta Getxon egin izan dute, baina hirian ez dira eroso sentitu izan”.

Atxegaren ustetan, Aiztondo bailaratik agertutako “lanerako borondatea” izan da mugarria errezeloak gainditzeko: “Egia da erosoago sentituko direla gurean, landa eremuan kokatuta gaudelako, baina, horrekin batera, argi adierazi genien ez genuela ekarri nahi ikuskizuna bitxikeria soil gisa. Urte osoan lanketa bat egiteko konpromisoa hartu genuen”.

Aiztondoko bost herritako 40 lagun inguru aritu dira urte osoan maskaraden inguruko lanketa egiten, eta bailarako hainbat herritarrengana zabaldu dute ezagutza. Kepa Fernandez de Larrinoa Alkizan bizi den antropologo eta irakasleak hitzaldiak eskaini izan ditu gaiaren inguruan, aditua baita maskaradetan. Edu Zabala irakasleak ere aztertu ditu Euskal Herriko inauteriak, eta, gai horrekin interesatuta zegoenez, Aiztondoko lanketan parte hartu du hark ere. Egunotan, Jon Mikel Insausti lazkaotarrak maskaraden inguruan prestatua duen erakusketa izango da ikusgai Alkizan eta Zizurkilen.

Maskaradetan dantzek duten garrantzia ikusita, Aiztondoko herritarrek ahalegin berezia egin dute dantza horiek gertuagotik ezagutzeko. “Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko kide Johañe Etxebest etorri, eta herriz herri aritu zaigu maskaradetako dantzak erakusten”. Bailarako ikastetxeetan ere aritu da azalpenak ematen. Bina saio eskaini dizkie ikastetxe bakoitzeko irakasle banari, eta gero horiek aritu dira maskaradetako dantzak ikas-komunitate osoari erakusten. Ekimena biribiltzeko, azken hilabeteetan inauteri festak egin dituzte herriz herri. “Gure seme-alabek, askotan, badakite, adibidez, Halloween festa zer den, baina ez dakite Zuberoan nola ospatzen dituzten inauteriak. Ekimen honi esker, gerturatu egin ditugu bi lurraldeak, eta, egia esan, sumatu dute maskaraden proiektua berezia dela”, azaldu du Azpirotzek.

Helduak ere buru-belarri ari dira asteotan entseguetan. Pauso batzuk ikasi dituzte, maiatzaren 7an, maskaraden ondoren, zuberotarrekin batera biribilean dantzatu ahal izateko. “Ahaleginak egiten ditugu ikasteko, eta maiatzaren 3an egingo dugu azken entsegu orokorra, Asteasun”. Aurrez, apirilaren 30ean, bozgorailuak zintzilikatuko dituzte Aiztondo bailarako bost udalerrietako udaletxeetako balkoietan, eta Xiberuko Botzan maskaraden inguruan prestatu duten irratsaioa eskainiko dute. “Herritarrak ere zuberera entzutera ohitu daitezen”.

Larraulgo plazan hitzordua

Beharko ohitu, 40-50 gazte etorriko baitira maiatzaren lehen asteburuan Aiztondora, eta haiekin berriketan aritzeko asmotan dira bertako herritarrak. Maiatzaren 6an iritsiko dira, eta Asteasun egingo diete lehen ongietorria, 18:00etan. Asteasuko Udaleko ordezkariek eta Udalbiltzakoek egingo diete lehen harrera, eta, elkar ezagutzeko poteoaren ondotik, afaria egingo dute Asteasuko frontoian.

Larraulgo Erroteretxean lo egin ondoren, goizean goizetik hasiko dute lana zuberotarrek. 10:00etan Asteasun, 11:00etan Alkizan, 12:00etan Adunan, eta 13:00ean Zizurkilen egingo dituzte barrikadak. Errezibitzaileek ere antolatu dituzte emanaldi laburrak bisitariak jasotzeko. 14:00etan, Larraulgo pilotalekuan paella handi bat egingo dute, eta, bazkalostean, 16:30ean, hasiko dituzte jokoak herriko plazan.

“Jendea espero dugu, nahiz eta ez dugun izugarrizko ahalegina egin ekimena zabaltzen. Maskaradek ez dute berez artifizio handirik, eta gure ahalegin honek ere xumea izatea du helburu”, adierazi du Atxegak. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik bideratu dute proiektua, eta 6.000 euro baino gutxiago kosta zaie bost udaletxeei. “Denek agertu dute prestutasuna, eta ilusio handiarekin hartu dute”. Bailarako udalerriek bat egin eta maila honetako ekitaldi bat antolatu duten lehen aldia da. Aiztondoko maskaradako taldean bildu direnek nahiko lukete etorkizunean beste proiekturen batean elkartzea. Pozik dira, bidea urratzen hasiak baitira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!