Afari eta bazkaritarako txartelak salgai

Ataria 2017ko apirilaren 18a

Aiztondon bost herrietako lan talde bat aritu da urtebetez Aiztondoko Maskaradak prestatzen. Egitaraua prestatu dute eta egingo diren afari eta bazkaritarako txartelak salgai izango dira maiatzaren 3ra arte, bailarako ostatuetan.

Zuberoan maskaradak jokatzen ari dira udaberri buelta honetan, apirilaren 30a arte. Aurten, Pettarra eskualdeko zenbait herrietako gazteek emango dituzte.

Aurten, nobedade gisa, zuberotarrak hegoaldera etorriko dira beraien sasoia bukatu eta astebetera. Bi eguneko egitaraua prestatu dute.

Maiatzaren 6an, arratsaldeko 18:00etan ongi etorria egingo zaie zuberotarrei Asteasuko plazan. Ondoren zintzur bustitze animatua. Ilunabarrean, 20:00etan afari herrikoia egingo da Asteasuko Usarrabi frontoian.

Hurrengo egunean jokatuko dira maskaradak, maiatzaren 7an. Goizean zehar, barrikadak egingo dira herriz herri. 10:00etan Asteasun, 11:00etan Alkizan, 12:00etan Adunan eta 13:00etan Zizurkil Goian.

Ondoren, 14:00etan bazkari herrikoia egingo da frontoian eta 16:30ean maskarada jokoak egingo dira Larraulgo plazan.

Larunbateko afari eta igandeko bazkarirako txartelak salgai dira eskualdeko ostatuetan maiatzaren 3ra arte. Egun horretan entsegu orokorra egingo da Asteasuko Usarrabi kiroldegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!