Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Karidadeko benta eta Am...ona finalerdietara

Ataria 2017ko api. 11a, 17:14

Azkoitian, Gabirian, Urretxun, Hondarribian, Abaltzisketan eta Oñatin jokatu dira Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bigarren faseko azken saioak. Bertako emaitzei esker, eskualdeko bi talde igaro dira finalerdietara, Karidadeko benta eta Am...ona, eta hauekin batera, Erniarraitz 1 eta Osinalde taldeak ere pasa dira.

Alde batetik, Oñatiko Araotzen ospatu zen Txinparta 1 eta Karidadeko benta taldeen arteko lehia. Bazkalorduan, 52 lagun bildu ziren eta saioa entzuteko beste batzuk ere hurbildu ziren. Bazkalostean ekin zien saioari eta bizkor joan zen ordu eta laurden inguruko lana bete arte. Oñatitik Joseba Lasagabaster, Urko Egaña eta Andoni Goitia aritu ziren kantuan, eta Zizurkil-Asteasutik Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi. Gai jartzaile lanetan Mirari Sagarzazu jardun zen. Emaitzak zazpi puntu eman zizkion Txinparta taldeari, eta hamazazpi Karidadeko bentari. Puntuaketan alde handia izan bazen ere, ale bikainak eta ofiziokako lan onak eskaini zituzten bi taldeek. Hala ere, lan askotan puntu bat gainetik ibili zen Asteasu-Zizurkilgo taldea eta hori dela eta lortu zuen garaipena.

Bestetik, 70 lagun inguru bildu ziren Abaltzisketako Zalbide sagardotegian, eta txotx artean giro onean ospatu zen Tolosaldeko 26+ eta Am…ona taldeen arteko derbia. Sagardotegiko menuak eta sagardoak emandako indarrarekin jendeari hasieran isiltzea kosta bazitzaion ere, saio ona egitea lortu zuten Amaia Agirrek, Ander Goikoetxeak, Beñat Iguaranek, Iñigo Gorostarzuk, Adur Gorostidik eta Txomin Azpirozek, guztiak ere Oier Urkolaren agindutara aritu zirelarik. Azken emaitza, Am…ona taldekoen alde izan zen, 18 eta 6.

Behin bi faseak amaituta, erabakita geratu dira bi finalerdiak. Lehena, maiatzaren 6an jokatuko da, larunbata, Alegian, eta bertan, Karidadeko benta eta Erniarraitz 1 taldeen arteko lehiaz gozatu ahal izango da. Maiatzaren 13an, berriz, bertsozaleek, Osinalde eta Am...ona taldeek eskainiko duten saioa entzuteko aukera izango dute, kasu honetan Bergaran.

Erlazionatuak

Goirik jo ez arren, saio ona eta txukuna

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'Felix' 2017 api 11 Abaltzisketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!