«Lanbide heziketak hiru bide eskaintzen ditu: oinarrizko lanbide heziketa DBH gainditu ez dutenentzat, erdi mailako lanbide heziketa DBH gainditu duten ikasleentzat, eta goi mailako lanbide heziketa, Batxilergotik eta erdi mailako ikasketak egin dituztenentzat», azaldu du Olatz Landa Tolosaldea Institutuko ikasketa buruak. «Ikasketa praktikoak dira, lan mundura bideratuta daudenak», azaldu du Landak.
Metodologia berritzailea
Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeak etengabe ari dira jendarteko aldaketetara eta beharretara egokitzen. Azken urteetan, metodologia aldatzen ari dira: «Gaur egungo gizartean eta enpresetan behar berriak sortu dira, eta ikastola bezala ezin dugu jarraitu betiko era berdinean lan egiten», azaldu du Amaia Arrastoa Tolosako Inmakulada Ikastetxeko Berrikuntza Pedagogikoko arduradunak. «Enpresek eskatzen digute ikaslea azkarra izatea eta egoera ezberdinei irtenbideak ematen dakiena izatea», gehitu du.
Hori dela eta, ETHAZI (Etekin handiko zikloak) metodologia ezartzen ari dira hainbat ikastetxetan: «Erronketan oinarrituta dago eta gure ikasleek erantzun erreala eman behar die erronka horiei», azaldu du Arrastoak. «Gaitasunen zeharkakoak edo teknikoak inguruko neurketa egiten da eta lan mundu errealean oinarritutako ikasketa prozesua da», gehitu du Migel Mari Imaz Tolosaldea Institutuko ikasketa koordinatzaileak. Ikasgaiarekin lotutako konpetentziez gain, konpetentzia espezifikoak ere lantzen dituzte: lan taldean lanean aritzea, gatazkei aurre egitea edota ekimena izatea. «Irakasleak ahalik eta klase magistral gutxien ematen ditu. Ikasleek beren jakintzak partekatzen dituzte eta ikasketa prozesuaren ardura ikaslearena da; irakaslea bidelaguna da», azaldu du koordinatzaileak. Ikastetxeetan aldaketa ugari egin dituzte: «Ikasgaien antolaketa ezberdina da eta ikasgelen espazioa ere bai», adierazi du Arrastoak.
Lan mundura salto
Ikasketak amaitu ondoren, lana topatzea izaten da ikasle gehienen nahia, eta horretarako bideak eskaintzen ditu Lanbide Heziketak. Hain zuzen, ikasleetako batzuk unibertsitate ikasketak egiten dituzte aurretik eta Lanbide Heziketako zikloak hautatzen dituzte lan mundura gerturatu eta lanerako bideak zabaltzeko. Yashira Navas Buldainen kasua da; ikasle tolosar honek Kimikako ikasketak egin zituen unibertsitatean eta Kimika Industriala heziketa zikloa ikasten ari da Don Bosco Paper Eskolan: «Lanerako aukerarik ez nuen, eta Lanbide Heziketak enpresa mundua ezagutzeko eta lanean sartzeko aukera gehiago ematen dituenez, ziklo hori egitea erabaki nuen», azaldu du.
Horretarako, baina, ezinbestekoa da eskualdeko enpresek eta ikastetxeek gertuko harremana izatea. Horrela azaldu digu Patxi Arratibel Otsabio enpreseko erosketa eta antolatzaile arduradunak: «Guretzako oso garrantzitsua da Lanbide Heziketako ikastetxeekin harremanak izatea. Beti behar dugu gure makinetan lan egiteko prestatuta dagoen jendea; urtero pertsona batek edo bik praktikak egiten dituzte gure enpresan, eta ondo lan egiten badute, enpresan hartzen ditugu», azaldu du Arratibelek. Hain zuzen, enpresa horretako tailerrean lan egiten duten langile guztietatik 28k Lanbide Heziketako zikloa ikasi zuten, Arratibelek nabarmendu duenez.
DUAL prestakuntza
Lanbide Heziketako ikastetxeek hainbat bide erabiltzen dituzte ikasleak lan munduan txertatzeko; horietako bat da DUAL prestakuntza. Lehen urtea ikastetxean egiten du ikasleak; bigarrenean, ikasleak bere ikasketekin lotutako enpresa batean lan egiteko aukera du kontratu baten bidez: «Modalitate honek abantailak ditu ikasleentzako eta enpresentzako. Ikasleak benetako lan-egoeran ikusten du bere burua, urtebeteko gutxieneko lan esperientzia lortzen du eta kontratuaren arabera egindako lanaldiari dagokion ordainsaria jasotzen du», azaldu dute Lanbide Heziketako arduradunek. «Enpresak, berriz, beren beharretara egokitutako langile kualifikatua lortzeko aukera du eta langileak aukeratu eta erakartzeko baliabidea da», gehitu dute.
Beñat Gantxegi bergararra da horietako bat. Gantxegi Tolosako Fraisoro Eskolan ari da Baso eta Natura kudeaketa zikloa ikasten, eta, bitartean, Gipuzkoako Baso Eskolan ari da lanean. «Lan merkatura zabaltzeko aukera da. Oso gustura nabil, gustuko dudana da. Oso ondo tratatu naute eta gauza berriak ikasi ditut», azaldu du Gantxegik. Fraisoro Eskolako esperientzia ere ondo baloratu du: «Espektatibak bete ditut; oso eskola ona da», adierazi du.
DUAL prestakuntza egin duten horietako batzuk lanean jarraitzeko aukera izaten dute. Horren adibide dira Borja Martin billabonatarra eta Aitor Munduate anoetarra. Martinek Automatizazioa eta Regulazioa goi mailako zikloa ikasi zuen Tolosaldea Institutuan eta Irurako Ilunki enpresan aritu zen lanean ikasten ari zen bitartean; kontratua luzatu eta ia hiru urte daramatza dagoeneko bertan. Munduatek heziketa zikloa egin eta praktikak egin zituen Apatta-Errekako Otsabio enpresan; bertan ari da lanean egun.
Praktikak, Euskal Herrian zein atzerrian
Lanbide Heziketako ikasketen beste ezaugarrietako bat praktikak egiteko aukera da. Erdi mailako eta goi mailako zikloetan egiten dituzte praktikak; erdi-mailan, ikastetxean egiten diren orduetatik %40 praktikak dira, bataz beste; goi mailako zikloetan, berriz, orduen erdiak dira praktikak, Lanbide Heziketako arduradunek azaldu dutenez. Gainera, eskualdeko enpresetan ez ezik, atzerriko enpresetan ere egin ditzakete praktikak.
Lanbide Heziketako zentroek azpimarratzen dutenez, «gizartea gero eta globalizatuagoa da, eta garrantzitsua da beste hizkuntzak ezagutzea». Unai Imaz eta Josu Aretxabaleta Tolosaldea Institutuko ikasleek praktikak atzerrian egiteko aukera izan zuten iaz, Erasmus programaren barruan. Elektrizitateko erdi mailako zikloa ikasi zuten biek eta Europatik jasotako diru laguntzaren bidez praktikak egin zituzten atzerrian, hiru hilabetez. «Oso esperientzia polita izan zen; hizkuntza, lan egiteko modua, dena zen berria», azpimarratu dute.
Norberak bere enpresa sortzeko laguntza
Krisi ekonomikoaren ondorioz, ordea, enpresa ugari itxi egin dituzte azken urteetan, eta arazo larriak izan dituzte beste askok. Hori dela eta, ikasle ohietako batzuk beren enpresa propioa sortzeko pausua eman dute: Garazi Dorronsoro zizurkildarrak eta Aimar Alonso anoetarrak kasu. Dorronsorok Lorezaintza eta Loregintza ikasketak egin zituen Fraisoro Nekazari Eskolan eta 2004an loradenda ireki zuen Zizurkilen. «Fraisoron oso esperientzia ona izan nuen. Ikasketak amaitutakoan, denda irekitzeko aukera izan nuen eta hamahiru urte daramatzat dagoeneko lanean», adierazi du Dorronsorok. Alonsok, berriz, Erregulazio eta kontrol sistema automatikoak heziketa zikloa ikasi zuen Tolosaldea Institutuan. Praktikak egin zituen eta hainbat enpresetan lanean aritu eta gero, bere enpresa sortu berri du. Ibilbide honetan Tolosaldea Institutuaren laguntza ere izan du: «Institutura gerturatu ginen eta beraiek markatu zizkiguten zein pauso eman behar genituen. Gutxieneko laguntza ere ongi etorria izaten da», azaldu du Alonsok.
Ikasleen lan poltsa, enpresen eskura
«Errazena izango litzateke gure ikasleez ahaztea ikasketak amaitzen dituztenean, baina ez da gure kasua», nabarmendu dute ikastetxeetako arduradunek. «Gure eskoletan ikasketak bukatu dituzten ikasleen lan poltsak kudeatzen ditugu». Lan poltsa horietan ikastetxean ikasketak egin dituzten ikasleak sartzen dira eta arlo horretako enpresek langileak behar dituztenean, lan poltsa horietatik hartzen dituzte langileak.
Eneko Sein pasaitarra Fraisoro Eskolan lan poltsan sartu zen duela bost urte, eta bertan ari da lanean gaur egun: «Duela bost urte Erdi Mailako Nekazaritza zikloa egin nuen Fraisoron. Baja bat ordezkatzen hasi nintzen, eta hemen segitzen dut lanean», azaldu du. «Nire helburua abeltzaintzatik bizitzea zen, eta horretan ari naiz hemen», gehitu du.
Teoriatik praktikara, eta praktikatik teoriara. Lanbide Heziketako eskaintza zabala dago eskualdean; izena emateko aitzakiarik ez da falta.