«Lanbide Heziketak potentzialitate handia dauka eskualdean»

Jose Luis Urdangarin Tolosaldea Garatzen agentziako gerentearekin Lanbide Heziketaren eskaintza eta eskualdeko enpleguaren egoera aztertu du TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Zein da, gaur egun, Tolosaldeko industriaren egoera?

Tolosaldea enpresa txikiz osatutako eskualde industriala da. Horrek eragin du horretara egokitutako eskulanaren beharra; zentzu horretan, eskualdean dauzkagun lanbide heziketako zentroen sareak erantzun ona ematen dio behar horri. Mota guztietako profilek izan dezakete lan irteera; eskualdean, %40a da enplegu industriala, eta portzentaje hori hornitzeko hainbat espezialitateetan jarduteko aukera dago Tolosaldean. Unibertsitatean ikastea oso irteera egokia eta beharrezkoa da, eta hori ere sustatzen dugu; dena den,eskualde honetan potentzialitate handia dauka Lanbide Heziketak: etorkizun oparo batekin, euskaraz aritzeko ibilbide oparoa has dezakete Lanbide Heziketako zentroetan.

Zein da sektore bakoitzaren egoera Lanbide Heziketako zentroetan?

Lehenengo sektoreak pisu erlatibo handia dauka Tolosaldean; beste sektoreetatik urruti xamar gera daitekeen arren, beste eskualdeetan baino garrantzia handiagoa dauka. Zentzu horretan, Fraisoro eskolak aukera handiak ematen ditu. Bigarren sektoreak zer esanik ez; enpleguaren %40 da industriala eta sektore horietan sortzen diren beharrei erantzuteko oso eskaintza interesgarria dago eskualdean. Zerbitzuei dagokienez, ikusten dugu mugimendu handia dagoela merkataritza edota administrazio lanetan. Papergintza ere eskualdeko berezitasuna izan da beti; ez neurri berean, baina gaur egun ere bada. Zentzu horretan, Paper Eskolarekin eta Inmakulada Ikastetxearekin batera, Tolosaldean oso eskaintza interesgarria daukagu lanpostu katalogo zabala hornitzeko.

Zein bilakaera izan du Lanbide Heziketaren eskaerak eskualdean?

Garaiaren arabera asko aldatzen dira kontuak. Azken urteetako krisialdiaren eraginez, unibertsitate ikasketak zituen asko eta asko joan dira Lanbide Heziketako zikloak egitera ezagutza teknikoak eta zehatzagoak lortzeko. Enpresek gero eta epe motzagoetan planifikatzen dute, eta gero eta gehiagok eskatzen dute maila operatibo eta praktiko batean lanean hasteko gaitasuna. Hori Lanbide Heziketak beste heziketa mota batek baino hobeto erakusten du, eta ikusten ari gara Lanbide Heziketako profila ondo mugitzen ari dela.

Gaur egun zein da egoera ekonomikoa?

Egoera txarra da, oso txarra. Bilakaerari begiratzen badiogu, garai bateko joera aldatu egin da. 7 urte beherantz pasa ditugu, eta orain gorantz goaz; dena den, guk normaltzat jotzen dugun egoeratik oso urrun gaude. Enplegua, sortzen diren enpresa kopuruak... garbi ikusten da egoera hobetzen ari dela.

Enplegu horren kalitatea, ordea, nolakoa da?

Enpleguaren kalitatea da krisia honek utziko duen herentziarik txarrena. Erdira jaitsi da behin-behineko kontratuen iraupena; lehen 120 egunekoa zen, eta orain 60 egunekoa da. Baldintza ekonomikoen joera ere okertu egin da. Itxi diren enpresetan desagertu egin dira lanpostu pila bat. Gaur egun, hornitzen eta sortzen diren enpleguak maila apalagokoak dira.

Garapen agentzia moduan zein laguntza eskaintzen dituzue?

Langabetuekin egiten dugu lan, batez ere. Enplegu zentro bat daukagu eta zuzenean ari gara lanean langabetukin. Jende hori trebatzen saiatzen gara, beren formazioa osatzen laguntzen diegu, orientatzen, etab. Programa jakin batzuk ditugu hasieratik lanean hasten direnera bitarte jarraipena egiteko. Bestetik, enpresekin egiten dugu lan, formazioa eskainiz, inbertsioak eginez, nazioarteko harremanak eginez, etab. Lan handia egiten dugu enpresekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!