Historia egingo duen finala

Asier Imaz 2017ko mar. 2a, 13:01

Emakumeen I. Euskal Herriko Esku Pilota Txapelketaren finala jokatuko da igandean; Arozena eta Mendizabal txapelaren lehian ariko dira. 

Emakumeen Euskal Herriko I. Binakako Esku Pilota Txapelketaren finala igandean jokatuko da Zornotzan, Laboral Kutxa Emakume Master Cup izenarekin. Lehen maila eta elite mailako finalak jokatuko dira 12:00etatik aurrera, eta nagusien mailan, eskualdeko bi ordezkari egongo dira: Nagore Arozena eta Maider Mendizabal. Lizartzarrak eta anoetarrak elkarrekin jokatuko dute, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz bizkaitarren aurka. Finala Euskal Telebistaren lehen katean botako dute zuzenean.

Faboritoak bizkaitarrak direla esan daiteke: «Gazteagoak, azkarragoak eta batez ere askoz indartsuagoak direlako», dio Mendizabalek. Hala eta guztiz ere, txapelak Tolosaldera ekartzen saiatuko dira Arozena-Mendizabal: «Saiatu behintzat saiatuko gara. Gu azeri zaharrak bezala gara, eta gure jokoa aurrean egiten saiatuko gara. Hori bai, tontakeri gutxirekin; dejada eskas bat egiten baldin badugu, buruzgain pasako gaituztelako. Egia esan, jakin-mina badaukat, finala nola joango den ikusteko. Gure estiloan konfiantza daukagu».

Euskal Herriko I. Esku Pilota Txapelketan 80 emakumek hartu dute parte. Araba, Bizkaia, Ipar Euskal Herria, Gipuzkoa eta Nafarroa ordezkaturik egon dira. Baina horrez gain, Aragoiko, Asturiasko, Errioxako, Herrialde Katalanetako, Kubako eta Mexikoko ordezkariak izan dira lehian. Aurre kanporaketak Zestoan, Ordizian, Larrabetzun, Basaurin, Zumarragan, Hendaian, Iruñean eta Galdakaon jokatu dira, besteak beste.

LIZARTZAKO ETA ANOETAKO UDALEN DEIA

Lizartzako eta Anoetako udalek igandean Zornotzara joateko gonbita egin die herritarrei, Nagore Arozenak eta Maider Mendizabalek elite mailako finala jokatuko duela gogoratuz. Gonbidapenak udaletxean edo liburutegian eskura daitezkeela gogorarazi du Anoetako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!