«Elkartu egin beharra daukagu, eta protokolo bat egin»

Asier Imaz 2017ko ots. 8a, 11:59

Amezketan igandean gertatuaren ondoren, txapelketen antolatzaile eta elkarteetako kideak federazioei begira jarri dira; irtenbidea aurkitzeko prest dago Gipuzkoakoa.

Andoni Lertxundi tolosarra Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea da. Eta horrela izango da 2020. urtera arte. Igandean Amezketan izan zen, eta lehen pertsonan ikusi ahal izan zuen bertan gertatutakoa. Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Txapelketaren finalean, Usurbilgo Pagazpek boikota egin zien antolatzaileei. Lertxundik argi dauka egoerari irtenbidea bilatu behar zaiola, eta horretarako, Patxi Jauregi Euskadiko Federazioko presidente ohiaren ekimen bat jarri du mahai gainean.

Amezketatik bueltan, zein sentsazio eta zein ondorio atera zenituen?

Egia esan pena handia sentitu nuen. Horrelako gertakizunak ez zaizkio inori gustatzen. Pagazpe eta antolatzaileen arteko tirabira izan zen, eta han geunden guztiok ikusle izan ginen. Ez zen polita izan.

Tirabira horren atzean hainbat gauza azaleratu dira ondorengo egunetan. Lehendik datorren kontua dela dirudi.

Igande arratsaldean bertan topatu nintzen hor zegoenarekin. Ez nekien aurretik tirabira gehiago izan zirela euren artean. Data aldaketak edo pilotariekin ez kontatzea data horiek aldatzerakoan. Kontua da, hartutako erabakia agian gehiegizkoa izan zela.

Antolatzaile edo elkarteetako arduradunekin hitz egin ondoren, federazioari begira jartzen direla ikusten duzu. Zerbait egiterik ba al daukazue?

Patxi Jauregi Euskadiko orain arteko presidentearekin bilerak egiten hasiak ginen; Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta baita Nafarroako federazioak. Protokolo bat martxan jarri beharra aztertzen ari ginen. Txapelketa ofizialentzat eta baita pribatuentzat, hauek ofizialei oztoporik ez egiteko.

Aurrera Saiaz zeneko arduradunetako batek, Luis Galarragak, egutegi koordinatu bat eskatu zuen orain ez asko. 

Erabat ados nago berarekin. Nik uste egin beharreko gauza bat dela hori. Lehenik elkartu egin behar dugu, eta hitz egin. Patxi Jauregik pixka bat bideraturik zuen kontua. Orain presidente berria sartu da Euskadiko federazioan, eta ikusi beharko da. Ez dakit nondik joango den, eta itxaron egin beharko dugu. Behin jartzen direnean, ea nola antolatzen dugun. Argi dago irtenbide bat bilatu behar dela, bestela eromena izango da guztiontzat: bai txapelketa ofizialentzat eta baita pilotari eta elkarteentzat ere.

Igandean beste talka bat ere agerian geratu zen: ordezkapenen kontua. Sarri ikusten ditugu pilotariak ezin partidara iritsi beste txapelketa bat jokatzen ari direlako aldi berean. Kasu honetan, Espainiako Txapelketa. Federazioko fitxen afera utzi du horrek agerian. Beste kiroletan ez bezala, pilotariak fitxa bat baino gehiago izan ditzake. Eta hori salatu duenik izan da.

Bai, hori ere mahai gainean jarri behar dugun gauza da. Pilotan, Euskadiko federazioa ez dago Espainiakoaren barruan. Beste kiroletan bai. Orduan, Euskadiko federazioarekin fitxa ateratzen duzunean, zuzenean Espainiakora doa. Gure pilotan ez. Eta orduan bi fitxen kontua gertatzen da. Ez dakit zer egin behar den Euskadiko federazioaren barruan dauden pilotari horiekin, baina zerbait aurkitu beharra dago; sarien bidez bideratu edo, beste toki batzuetara joan beharrik izan ez dezaten.

Txapelketa pribatuetan pasatzen den fenomenoa bakarrik ez da, federazioak antolatutako ofizialetan ere ondo dakizue zer den ordezkapenen kontu hori; baita finaletan ere.

Patxi Jauregik bazuen ideia bat prest: zirkuitu moduko bat antolatzea afizionatu mailako esku pilotarako. Hor txapelketa ofizialek puntuazio bat izango zuten, eta pribatuek beste bat. Gero sailkapen bat egingo litzateke, eta urtean lehenengoei eta bere elkarteei sari bat emango litzaieke. Agian hortik etor daiteke irtenbidea, edo behintzat, konponbiderako aukera bat izan daiteke.

Manu Aiertza Aurrera Tolosako presidenteak esku pilota oso egoera larrian dagoela esan zuen, igandekoa eta gero. Eta hori esan duen bakarra ez da; Luis Galarraga ere iritzi berekoa da.

Egia esan esku pilota ez dago oso egoera onean. Profesionalak bai ematen du ondo dagoenaren irudipena, baina hori telebistaren eraginagatik da; eta horrek ateratzen ditu aurrera. Baina beste guztiaren egoera, ez da batere ona.

Konpontze aldera, nork eman beharko luke lehen urratsa. Aiertzak argi zuen: Euskadiko federazioak.

Gu Euskadiko Pilota Federazioaren barruan gaudenez, berak izan behar du erdigunea, denak batuko gaituena. Baina ez bakarrik bera: Nafarroako federazioak ere hor egon behar du, eta agian baita Iparraldeko Ligak ere. Elkartu egin beharra daukagu, eta protokolo bat egin. Txapelketa ofizialen egutegi bat jarri, eta gero hortik kanpo zein dauden ikusi, eta horrela urte osoko egutegia osatu. Nire ustez esertzen baldin bagara, hori egingarria izango da.

Alde desberdinak entzutean, denek arrazoi puntua edo ulertzeko moduko gauzak esaten dituztela jabetzen zara. Irtenbidea ere ez dela konplikatua esaten dizute. Eztabaidak egon egongo dira, baina sinplea dirudi konponbideak.

Guk ere sentsazio hori daukagu, bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!