«Pilota zaintza berezien unitatean dago; oso larri gainera»

Asier Imaz 2017ko ots. 7a, 08:08

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Nazio Txapelketa irabazi du Aurrera Tolosak; Usurbilgo Pagazpek finalari boikota egin zion.

Afizionatu mailako Euskal Herriko elkarteen arteko esku pilota finala Aurrera Tolosa eta Usurbilgo Pagazpek jokatu behar zuten igandean, Amezketan. Pagazpek, ordea, antolatzaileei boikota egin zien. Urbieta kantxara irten zen, baina ez zuen sakerik erantzun. Zaletuei sarrerak itzuli zitzaizkien. Manu Aiertza Aurrera Tolosako presidentea da.

Zapore gazia utzi duen txapela irabazi zenuten igandean.

Inori ez zaio gustatzen horrela txapela bat irabaztea. Gu finala jokatzera joan ginen. Aurkariak boikota egin zuen, eta azkenean ez zen finalik egon.

Nola bizitu zenuen zuk gertatua?

Egunean bertan eta arratsaldean etorri zitzaidan Pagazpeko presidentea. Beraien kexak azaldu zizkidan, eta babesa eskatu. Nahiz eta hainbat punturekin ados egon, nire ustez hori egiteko momentua ez zen. Edozein erabaki hartu aurretik, galdera bat egin beharra dagoela uste dut: norentzat da ona hori? Eta argi genuen pilotarentzat ez zela ona. Horregatik ez genuen postura hori babestu.

Zer gertatzen da afizionatu munduan, zein da arazoa?

Arazo asko egon daitezke, eta ez bakarra. Txapelketa pribatuen antolatzaileek askotan datak ez dituzte errespetatzen. Hori bat izan daiteke. Pagazpek hori salatzen zuen, eta gero, beraien aurka zebiltzala txapelketa honetako antolakuntzatik. Hori nik ez dakit, beraiek izango dituzte datu gehiago; nik ezin dut hori baloratu. Beste arazo bat pilotariena izan daiteke: dena jokatu nahi dute. Bai Pagazpek eta bai guk maila handiko pilotariak ditugu. Espainiako Txapelketa, hemengo pribatuak... dena jokatzen ari dira.

Eta hor sortu da talka.

Interes-gatazka bat izan dela uste dut. Konpondu beharreko zerbait dela uste dut, eta konpondu beharra dago, baina ez horrela. Nire ustez pilotariek momentu honetan botere asko daukate. Nire ustez, gehiegi eta guzti. Elkarteok ez daukagu botererik, harrizko gonbidatuak gara. Beste kiroletan ez da horrelakorik gertatzen, eta irtenbide bat bilatu beharra dago. Baina esan bezala, ez igandean egin zen bezala. Eseri eta argi hitz egin beharra dago, guztion artean.

Marra gorria gainditu zen igandean. Gertatu beharra zegoen eta gertatu zen. Orain konpontzea tokatzen da. 

Katarsi bat bezala izan baldin bada, ongietorria eman beharko diogu igandean gertatuari. Nik nire zalantzak ditut. Egia dena da marra guztiak ia gainditu direla; gehienbat ikusleengan pentsatzen jarrita. Pilota ondo dagoela uste dugu, telebistan eta abar ikusten dugulako, baina zaintza berezien unitatean dago; oso egoera larrian. Eta igandeko bezalako gauzek ez diote laguntzen; inori.

Irtenbidea bilatzeko, nork eman behar du lehen urratsa? 

Euskal federazioak. Nire ustez pausoa eman beharko lukeena dagokiona da. Eta hori, federazioa da. Nire ustez hau goitik behera egin beharreko zerbait da. Denok elkartzeko ahalmena euskal federazioak bakarrik dauka. Lurraldeko federazioekin elkartu beharko luke, eta horien bitartez denok bildu behar gaituzte: elkarteak, pilotariak, antolatzaile pribatuak eta hemen dauden eragile guztiak.

Pilota aurrera atera nahi baldin badugu eragile guzti-guztiak beharrezkoak dira. Bakoitzak bere arrazoiaren zatia dauka, baina ez daukagu arrazoi osoa. Gauza izan beharko dugu amore emateko eta dena ez geureganatzeko, eta ahal dela, besteena ez ezeztatzeko. Lana egin beharra dagoela uste dut, eta hor, lehen urratsa federazioak eman beharko luke. 

Aurrera Tolosako presidentea zara. Zuen aldetik arazoren bat egon daiteke?

Ez eta Pagazperen aldetik ere. Hitz egiteko arazorik ez zutelakoan nago; edozeinekin. Pilotariek ere ez lukete arazorik jarriko, horrela uste dut behintzat. Hemen azken finean denok maite dugu pilota, eta denok gaude pilotaren alde. Hau aurrera ateratzeko denok egin beharko dugu esfortzu bat. Eta nire ustez, denok edo gehienok behintzat, horretarako prest egongo gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!