Azken edizioko aurkari berdinak, txapelaren bila

Igande honetan jokatuko da Euskal Herriko pilota elkarteen arteko finala, eta iaz bezala, Aurrera Tolosa, Usurbilgo Pagazpe taldearen aurka ariko da; Amezketako Larrunarrin izango dira partidak.

1977tik hona, lau hamarkada igaro badira ere, Aurrera Tolosa taldeak historia egiten jarraitu nahi du. Duela berrogei urte sortu zuten Aurrera pilota elkartea. Hamarkada bat geroago, Bidaniako Saiaz taldea sortu zen, eta biek lortzen zituzten emaitza onak ikusita, beraien artean talde berri bat sortzea erabaki zuten: Aurrera Saiaz. Talde hau, 2005 eta 2009 urteen artean nabarmendu zen, bertan, ehun pilotari federatu, eta pilota eskolan, beste hainbeste haur zituztelarik. Bertatik igaro dira, besteak beste, Albisu, Arteaga, Peña edota Erasun pilotariak. Orain, ordea izen berria du taldeak: Aurrera Tolosa.

Hain zuzen, elkarte honetako pilotariek, ez dute berehalakoan ahaztuko igandean biziko dutena, aurreko edizioko azken partidan, aurkari bera izan zuten aurrean. Iñaki Perez de Eulate, Pilotabizi elkarteko kideak gogoan du pasa den urteko finala. «Lehengo urtean, binakako partidarekin erabaki zen guztia, eta 22-21 izan zen azken emaitza», dio berak. Aurten, iaz lortutako bigarren postu hori hobetzea dute helburu Aurrera Tolosakoek.

Orain arte, txapelketa ona egin dute eskualdeko pilotariek, baita usurbildarrek ere. Biek ala biek, joko eta intentsitate berarekin kantxaratu nahi dute igandean, arratsaldeko 16:30etatik aurrera ospatuko den jaialdian. «Finala, borrokatua izango da, eta ziur, azken emaitza oso estua dela; ez dago faboritorik», aipatzen du Perez de Eulatek.

URTE AMAIERA BIKAINA

Txapelketa azaroan hasi bazen ere, final-laurdenetako kanporaketara arte itxaron behar izan zuten Aurrera Tolosakoek lehen partidak jokatzeko. Iazko edizioan, finalerdietara sailkatzea lortu zutenez, aurten kanporaketa horretan sartu ziren zuzenean. Hain zuzen, abenduaren 30ean, urtea amaitzear zela, Amezketako Larrunarri pilotalekuan izan zen jaialdia, eta eskualdeko partaideek, Ultzamako Buruzgain taldeari bi eta bateko emaitzaz gailendu eta finalerdietara sailkatzea lortu zuten.

Partidak, gauez eta hotz handia egiten zuelarik jokatu baziren ere, ikusleek ez zuten huts egin, eta giro ezin hobean ospatu ziren partidak. Lehenengoan, lauterdian jokatu zuten Eltzaburuko Sarasak eta Atauneko Arratibelek. Talde nafarrak, bere esperantza guztiak, pilotari gaztearengain jarriak bazituen ere, ezin izan zuten garaipena ospatu. Sarasak ezin izan zuen bere lekua aurkitu aurreko koadroetan, komodo jokatu eta aurkaria estutzeko. Amaieran, 12-18 Arratibel garaile, eta lehen puntua, beraz, talde tolosarrarentzat.

Bigarren partidan, Buruzgain taldeko Otxandorena eta Aurrera Tolosako Urretabizkaia aritu ziren elkarren aurka kantxa osoan. Otxandorenak lanak ederki egin zituen, eta modalitate honetan espezialista handia den Urretabizkaia mendean hartu zuen, partidu gogor eta luzean. Emaitza, 18 eta 16koa izan zen. Hortaz, guztia binakako partidan erabakiko zen. Hala ere, hirugarren eta azken partida horrek, ez zuen kolorerik izan, eta Buruzgaineko Astiz eta Gaskuek, gogo ikaragarriak erakutsi arren, ezin izan zuten Labaka eta Telletxeak osatutako bikotearen aurka ezer egin. Azkenean, 7-22 tolosarrak garaile.

IDIAZABALEN ERE GARAILE

Amezketako Larrunarri pilotalekuak, azken hiru kanporaketetako partiden eszenatoki izan behar bazuen ere, zuen hezetasuna zela medio, Idiazabalgo Igarondon jokatu ziren bi finalaurrekoak. Perez de Eulateren esanetan, «Amezketako herriak asko eman dio txapelketari, baina Idiazabalgo udalak eta herriak izan duen inplikazioa eta emandako erantzuna eskertzekoa izan da; ez dugu arazorik izan partidak bertan joka zitezen». Bertan jokatutako kanporaketa horietako batean, Doneztebeko Erreka eta Aurrera Tolosakoak aritu ziren aurrez aurre. Bi taldeek, beren pilotari onenak kantxaratu zituzten, kanporaketa irabazi eta finalera sailkatu ahal izateko.

Arratsaldeko lehen partidan, etorkizun handiko bi pilotari gaztek neurtu zituzten indarrak lau t'erdian. Tolosarrek Elolari eman zioten aukera, eta honek, Salaberria goizuetarra izan zuen aurkari. Partida gogorra eta ikusgarria izan zen, Salaberriak, ordea, maila handiagoko partidak jokatzeko gai dela erakutsi zuen. Amaieran, Elolak amore eman eta 10-18 galdu zuen.

Buruz burukoa, berriz, partida azkarra izan zen. Bi alde izan zituen; lehenengoan, Elizaldek sakeari probetxua atera, eta hamar tanto jarraian egin zituen. Hala ere, hurrengo tantoan pilota txapara joan zitzaion; orduan, Urretabizkaiak hemezortziraino joateko baliatu zuen aukera, bigarren zati on batean, pilotari indar eta altuera handia emanez.

Binakako partidan, lau pilotariek, bazekiten jokoan zegoena garaipen bat baino gehiago zela. Horrela, partida gogorra eta borrokatua jokatu zuten amaierara arte. Labaka eta Arratibel, Doneztebeko taldeko Tainta eta Lasaren aurka aritu ziren. Lan erdietara, berdinduta iritsi baziren ere, Lasak ez zuen pilotarik gozatzen, eta momentu hori aprobetxatu zuen Labakak, gantxo azkarren bidez eta txokoan utzita, tanto eder ugari egiteko. Arratibelek, gainera, orain arteko bere partidarik onena jokatu zuen.

OSO ARRAKASTATSUA

Txapelketak, hiru hilabete luze iraun ditu, eta bertan, hogei elkartek eta ehun pilotarik baino gehiagok hartu dute parte. «Oso arrakastatsua izan da, eta kopuruei dagokienez, pilotari gehien hartu dituen txapelketa izan da aurtengoa», gehitzen du Perez de Eulatek.

Bestetik, maila altuko partidak ikusi ahal izan dira txapelketa guztian zehar, eta finalerdietan, binakako partidek erabaki dituzte bi kanporaketak. «Aipatzekoa da, bi taldeburu kaleratuak izan direla finalaurrekoetan», gehitzen du Perez de Eulatek. Ea ba finalean ere maila horrekin jarraitzen duten, eta Aurrera Tolosak historia egiten duen.

 

EGUTEGIA

Finala

Pilotalekua: Larrunarri (Amezketa).

Ordua: 16:30.

Eguna: Otsailak 5, igandea.

Pagazpe - Aurrera Tolosa.    

Lau t'erdian. Exposito (Pagazpe) - Arratibel (Aurrera).

Buruz buru. Santxo (Pagazpe) - Urretabizkaia (Aurrera).

Binaka. Urbieta-Arratibel (Pagazpe) - Labaka-Telletxea (Aurrera).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!