Tolosatik Belgradera

Bigarren kamioia bete dute

Ataria 2017ko urtarrilaren 28a

Jendeari ahal bada arropak etxean gordetzeko eskatu arren, gaur goizean erruz gerturatu dira herritarrak San Frantzisko elizaren arkupeetara. Bart gauean kamioi bat atera zen Tolosatik eta bigarrena gaur gauean edo bihar goizean aterako dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Bi furgoneta beteko ote zituzten kezkatuta hasi zuten asmo hau eta bi trailer bete dituzte. Gainera, 15.000 euro baino gehiago bildu dituzte.

Atzo 120 metro kubiko arropa zituen trailerra atera zen Tolosatik eta beste hainbeste bildu denez, bigarren kamioia betetzeko asmotan dira gaur.

"Garrantzitsuena, hala ere, bertara joaten garenean hango GKEkin hitz egitea, arropa nola zabaldu dezakegun ikustea eta errefuxiatuek Belgraden zein egoera bizi duten aztertzea izango da", esan dute antolatzaileek. Handik bueltan erabakiko duten nola aurre egin antzemandako beharrei. Horregatik, jendeari arropa etxean gordetzeko eskatu diote, bigarren txanda antolatu arte.

Furgoneta bat abiatuko dira bihar goizean sei lagun –tartean Iñigo Terradillos Tolosaldeko Atariako kazetaria–, Belgraden ikusi dutena konpartitzeko.

Gaur goizean, San Frantzisko elizaren arkupeetan hitz egin dugu antolatzaileetako birekin, Alberto eta Kikerekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!