Pixkana Gabon egunak bere amaierara iristen ari dira. Egun hauetatik falta den beste ekitaldi nagusia errege magoen desfilea izan ohi da. Bihar igaroko dira eskualdeko hainbat herritako kaleetatik hiru errege magoak, ohi bezala, errege egunaren bezperan.
Eskualdeko 11 herritan egingo dituzte desfileak, herri handi zein txikietan: Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berrobi, Bidania-Goiatz, Irura, Lizartza, Orexa eta Tolosa. Ia guztietan desfilea egingo da, Orexan izan ezik. Herri horretan, errege magoak etxez etxe joaten dira bisitan.
Desfile guztiak arratsaldez izango dira, dagoeneko ilunduta dagoela. Zuziek indar handiagoz egiten dute diztira eta desfileak beste ukitu bat izaten du, batez ere, txikienen begietara. Zenbait herritan desfilea eta gero txokolatea banatuko dute, eta guztietan segur aski gozokiak botako dituzte errege magoek edota bere laguntzaileek kaleetatik pasatzean.
Dozenaka pertsona izango dira desfile horietan parte hartuko dutenak, eta oraindik gehiago izango dira ikusle moduan kaleetan zain egongo direnak, hotzari aurre eginez.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 6an, zenbait etxetan opari banaketen txanda izango da, eta horrekin batera eguberri egunen bukaera iritsiko da.
ERREGE MAGOEN DESFILEAK
Alegia
18:30. Gabonetako egitarauaren barruan, Errege magoen desfilea izango da.
Amasa-Villabona
19:00. Errege magoak Amasatik Villabonara jaitsiko dira.
Amezketa
18:00. Elizatik abiatuko dira errege magoak, eta Larrunarri frontoian hartuko dituzte haurrak.
Ondoren. Txokolate jatea egingo dute.
Anoeta
18:30. Kalejira egingo dute, plazan amaituz.
Asteasu
Arratsaldean. Errege magoek desfilea egingo dute, Kukute Guraso Elkarteak antolatuta.
Berrobi
19:30. Errege magoak menditik herrira jaitsiko dira.
20:15. Opari banaketa egingo da herriko plazan.
Bidania-Goiatz
18:00. Errege magoak Goiaztik abiatuko dira, eta kaleetan zehar ibili ondoren ongi etorria egingo zaie Bidaniako frontoian.
Irura
17:00. Txokolate jatea.
18:00. Errege magoen desfilea, eta jaiotza biziduna plazan.
Lizartza
19:15. Errege Magoak menditik aterako dira, eta 19:45ak inguruan iritsiko dira frontoira. Bertan dantza egingo diete eta goxokiak banatuko dituzte txikien artean.
Orexa
Arratsaldean. Errege magoak etxez etxe ibiliko dira.
Tolosa
18:30. Errege magoen desfilea izango da Plaza Zaharretik abiatuta.