Ñañarri rallysprinta, Aralarren

Ataria 2016ko abenduaren 28a

Eniriotik Igaratza artean egingo duten ibilgailuentzako bidea probestuko dute rallya egiteko.   (Albiste hau inuxente egunean argitaratua izan zen)

Irurako ikastolak Ñañarri rallysprinta antolatzeari uko egin ostean kolokan zegoen lasterketa honen jarraipena, baina azkenean Enirio-Aralar Mankomunitateak hartu du ardura. Mankomunitateak ohar batean azaldu duenez, datorren osoko bilkuran sinatuko dute akordioa rallyaren arduradunekin. Eniriotik Igaratza arteko oinezkoen bidea ibilgailuentzat egokitzea adostu zuten azken bilkuran eta bide horretan egingo dute, hain justu, rallya.


Pistaren lanek hainbat fase izango dituzte, lau urtetarako proiektua da, baina lehen fasea datozen hilabeteetan gauzatuko dute, lasterketa egiteko aukera emanaz. Lasterketa, hortaz, datorren urtean egingo dute eta data aurrerago zehaztuko dutela azaldu du mankomunitateak.


Rallyak ikusleak galdu ditu azken urteetan eta erabaki honekin lasterketari beste bultzada bat eman nahi diotela esan dute. «Aralarrek eskaintzen dituen paraje ederrek ere ikusleak erakarriko dituelakoan gaude», adierazi dute oharrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!