Irurako ikastolak ez du Ñañarri rallysprinta gehiago antolatuko

Jon Miranda 2016ko abe. 21a, 12:27

Bederatzi urtetan antolatu izan du lasterketa eta orain beste ekimen batzuk egingo ditu proiektua laguntzeko, besteak beste, asteazkenean Ene Kantak izango da Leidorren.

Ikastolaren Errektore Batzordeak hartu du lasterketa gehiago ez antolatzeko erabakia, ikusita azken urteetan ikusle kopuruak behera egin duela eta ondorioz etekin ekonomiko txikiagoa lortu dutela rallysprintarekin.

2008an, Irurako ikastolak Kilometroak jaia antolatu zuen urtean egin zuten aurrenekoz Ñañarri rallysprinta Larraitz Agirrezabala zuzendariak azaldu duenez: «Eraikin berria finantzatzeko bideen bila ari ginela zaletasuna zuen ikasle baten aitak proposatu zigun rallya antolatzea». Geroztik bederatzi aldiz egin dute, lehen zortzi edizioetan Alegia eta Amezketa artean eta iaz Tolosako Urkizu auzo inguruan.

«Ez da, soilik, azken urteko joera izan. Sumatu dugu azken urteetan zale gutxiago gerturatu dela eta uste dugu beste rallyetan pasatzen ari den gauza dela», dio Agirrezabalak. Publizitatea izaten da beste sarreretako bat eta ikastolako arduradunek aitortu dute geroz eta gehiago kostatzen zaiela saltzea.

Hala ere, urte hauetan guztietan laguntza eman duten dendariei esker ona adierazi nahi izan die Irurako ikastolak, baita antolaketan lagundu duen Sardara eskuderiari ere. «Eta bereziki eskertu nahi ditugu bai Alegialdeko udalak eta baita Tolosakoa ere, rallysprinta antolatzeko agertu duten borondateagatik eta emandako baimenengatik. Denek bat egin dute lasterketaren atzean dagoen ikastolaren proiektuarekin»

Agirrezabalak bereziki gogoan izan ditu bederatzi urte hauetan boluntario bezala lanean aritu diren herritarrak: «Gurea ikastola txikia da eta lasterketa antolatzeko guraso eta irakasleez gain beste hainbat herritarren inplikazioa beharrezkoa izan da». Ehun lagun inguru mugitu izan dira antolakuntzan eta ekimena aurrera ateratzeko «esfortzu handia» egin behar izan dutela onartu dute ikastolako ordezkariek. Rallysrinta gehiago ez antolatzeko azken erabakian ere pisua izan du kontu horrek.

«Badakigu ikusle eta zaletu asko penatuta egongo direla, baina faktore guztiak mahai gainean jarri eta gure egoera lehenetsi dugu. Batek daki, hemendik urte batzuetara zer egingo dugun». 2017. urteari begira, ordea, ez dakite inork antolatuko duen: «Guk erabakia lehenbailehen jakinarazi diogu federazioari inork antolatu nahiko balu denboraz ibil dadin».

ERAIKIN BERRIRAKO EKIMENAK

2017an rallysprinta ez, baina ekimen gehiago antolatuko ditu ikastolak bere hezkuntza proiektua indartzeko. «Haur Hezkuntzako eraikin berria egiten ari gara, eta beraz, lehen geneukan maileguari beste bat gehitu diogu. Horri buelta emateko behar beharrezkoak ditugu era guztietako ekimenak», esan du Agirrezabalak.

Horietako bat izango da, datorren asteazkenean, abenduak 28, Tolosako Leidorren 16:00etan eskainiko den Ene Kantak ikuskizuna. «Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako gure ikasleak ere ariko dira eta ikusgarria izango da, ziur». Azken sarrerak salgai daude ikastolan.

Martxoan hasi zituen Ekolan izeneko enpresak eraikin berria egiteko lanak eta aurreikusitako datak beteko dira, obrak urtarrila bukaerarako amaitzea espero baitute. «Ez du esan nahi horrek, ikasleak berehala aldatuko direnik, beharrezko tramiteak bete ondoren egingo da trasladoa», adierazi du Agirrezabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!