Orexatik Gipuzkoa osora, hausnarketaz hausnarketa

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abenduaren 14a

#10mila Joan-Etorrian ekimena iritsiko da larunbatean Tolosara; Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren urtearen inguruko iritziak jasoko dituzte

Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren urtea amaitzear da. Urte osoan zehar hainbat ekintza burutu dituzte Donostian bertan eta baita Gipuzkoa osoan ere, eta orain ereindakoak herritarren artean sortu dituen hausnarketa, iritzi, kexa edo dena delakoak biltzeko garaia da.

Gasteizko Irantzu Lekue artistak du informazio hori guztia biltzeko ardura eta behin hausnarketak bilduta, horiei itzulpen artistikoa emango die, parte hartzea oinarri duen instalazio artistikoa eraikiz.
Irantzu Lekuek guztira 10.000 iritzi lortu nahi ditu abenduaren 29a bitarte. Artistak eta berak zuzendutako lantaldeak, herriz herri, idatziko iritziak jasotzen dituzten bitartean, haurrekin jolas artistikoak egiten dituzte, lurrean klarionekin marrazki bat osatuz.

«Gipuzkoa barnebilduko duen ekimena da, herrialdeko herririk txikienetik hasi eta Donostiaraino iritsiko dena. Menditik itsasora dagoen ibilbidea egingo duen ekimena. Desirak bildu eta itsasora ikasketen GPS botilaren jaurtiketarekin amaituko dena», esan dute ekimeneko sustatzaileek. Hori dela eta, ekimena Orexan hasi zuten pasa den ostiralean. Guztira Gipuzkoako 12 herritan izango dira eta eskualdean Tolosan egingo du hurrengo geltokia. Zerkausian egongo dira larunbat goizean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!