LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta egin dituzte greba eta manifestazioak. Zubillagak azaldu duenez, "hiru greba egunen balantze oso positiboa egin dugu. Aurreko bietan bezala, enpresen %80 inguru itxita dago. Egia esan oso positibotzat hartzen dugu. Emaitza horrekin argi eta garbi geratzen da grafikagintzako langileek herrialdeko hitzarmen baten aldeko apustua egiten dutela". Azaroaren 16an eta 30ean izan ziren beste bi mobilizazio egunak. Tolosaldean, aurreko grebetan izandako antzeko emaitzak lortu direla azaldu du Zubillagak. SAM, Borobil, Cicarsa, Corenso eta Arrosi enpresak, "sektoreko enpresa esanguratsuak", geratu egin direla esan du.
Enpresen eta Adegiren aldetik ez dagoela erantzunik dio Zubillagak. "Ez dute mahai baterako deialdirik egiten. Guk beste egunetan eta gaur ere exijitzen diegu behingoz proposamen zentzudun bat ekarri dezatela negoziaketa mahaira, eta proposamena zentzuduna den bitartean, irekita gaudela negoziatzera".
Hitzarmen berrirako puntu garrantzitsuena soldatak direla azaldu du LABeko ordezkariak. "2015ean soldatak izoztuta izan zituzten langileek, eta Adegik mahai gainean egin digun planteamenduarekin 2016ko soldatak izoztea suposatuko luke, eta ez gaude hori inondik inora onartzeko prest. 2016ko soldatak ukitu beharra daude, eta 2017koak eta 2018koak ere bai". Horrez gain, beste hainbat puntu daudela esan du Zubillagak, baina negoziaketa epeen ingurukoa nabarmendu du: "Hitzarmen bat negoziatzen hasten denean, urtebeteko epea izaten da negoziatzeko, bestela, herrialdeko hitzarmena utzi eta estataleko hitzarmenera joateko aukera dute enpresek. Epe hori aldatu beharra dago eta ezin da beti negoziatu ezpata batekin. Hitzarmen berri bat sinatu bitartean iruditzen zaigu aurrekoak indarrean jarraitu behar duela".
Epea abenduaren 31n bukatzen da, eta enpresek estatalera jotzeko aukera izango lukete. "Sindikatuen artean balantze orokor bat egitekotan gaude", esan du Zubillagak. "Emaitzak onak dira, eta seguru gaude goizago edo beranduago herrialdeko hitzarmen bat lortuko dela. Azkenean abenduaren 31 hor edukitzea ez da positiboa inorentzako, eta sindikatuen artean baloratu beharko dugu eta aztertu zein den hurrengo pausoa".