Emakume Pilotariko finalak erabakita

Ataria 2016ko abe. 8a, 11:40

Abenduaren 17an jokatuko dira finalak Tolosako pilotalekuan; eskualdeko bost pilotari izango dira lehian.

Iragarri bezala, larunbatean jokatu ziren Donostian Gipuzkoako Emakume Pilotari txapelketako finalaurreak. Hiru partida jokatu ondoren, erabakita geratu ziren abenduaren 17an Tolosan jokatuko diren finalak, eta Tolosaldeko bost pilotari izango dira tartean: lehen mailan, Garmendia-Eizmendik Otaegi-Mendizabal izango dituzte aurrez aurre; bigarrenean, Rodas-Arrillaga eta Otaegi-Erasun lehiatuko dira.

Lehen mailako partida izan zen gogorrena. Otaegi asteasuarra eta Mendizabal anoetarra Goikoetxea-Arrieta bikote hernaniarren aurka lehiatu ziren. Mendizabal, azken urte askotan arrasto bikaina uzten ari den pilotari beteranoa, eta Arrieta gaztea dira modalitateko atzelari onenak; hauen arteko gorabeheraren baitan joan zen partida: hasieran Arrietak agindu zuen eta Goikoetxea aurrelariak bere abilezia erakutsi ahal izan zuen; Mendizabalek neurria hartu ahala partida estutzen joan zen, aurrelari asteasuarra ere bere aukerak izaten hasi zen eta tantoak batera zein bestera erortzen joan ziren ia amaiera arte. Azkenean 30-27 irabazi zuten Tolosaldekoek eta finala jokatuko dute Ainhoa Garmendia alegiarra eta Eizmendi aiarraren aurka.

Bigarren mailako partidak irabazle garbiak izan zituzten. Lehenean Rodas (Berrobi) eta Arrillagak 30-18 irabazi zieten Galdos-Beldarraini; Arrillagak diferentzia handia jarri zuen atzeko koadroetan eta Galdosek ez zuen jokoan sartzeko ia aukerarik eduki. Eta antzekoa gertatu zen azkeneko partidan ere. Otaegi-Erasunek 30-18 irabazi zieten Senperena-San Sebastiani: partida erdira arte Senperenak nahikoa ondo eutsi bazion ere, Erasun zizurkildarrak agindu zuen partidan eta ondo aprobetxatu zituen Otaegik bere erremate aukera; San Sebastianek defentsa lanean jardun behar izan zuen batik bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!