Enirio-Aralar

[Gutuna]: Aralarko baso eskasia

Joxan Auzmendi 2016ko abe. 6a, 16:19

Enirio-Aralar Mankomunitateko estatutuen sarreran kexa bat dago adierazita: «Enirio-Aralarko mendiek gutxi gorabehera hiru mila eta bostehun hektarea dituzte, larreetan aberatsa da eta zoritxarrez zuhaiztiez eskasa, eta eskas baino gehiago, pobretua».

Aralar Natur Parkeko larreek garai baten pagadiek estaltzen zituzten eremuak okupatzen dituzte. Basoa suntsitu ondoren sastrakek hartzen dute haren tokia; eta sastraketan sua erabiliz eta ganadua larratuz lortu dira larreak.

Natur-eremu bati bakean uzten zaionean, landare talde gehienak aldatzen joaten dira denboran zehar, batzuk besteen tokian jartzen dira bizitzen, landare taldeen segidak gauzatuz. Segida hauek, tokiko ingurumenaren baldintza aldakorretara era orekatuenean egokituz, egoera helduenera, hau da, bioaniztasun handienekora iristeko joera dute.

Larratzeari utzitakoan, sastrakek hartzen dute lehen belarra zegoen tokia, eta bere horretan garatzen uzten bazaio, zuhaixkak eta zuhaitzak sortzen dira han-hemenka, poliki-poliki baso izateraino iritsiz.
Artzaintzarik gabe ez leudeke gaur, Aralarren dauzkagun kalitate oneko larreak. Hala ere, horrek ez du esan nahi artzaintzaren presioa arinduko balitz, bertan sortuko liratekeen habitat berriak larreak baino balio txikiagokoak izango liratekeenik bioaniztasunaren ikuspegitik.
Gaur egun Aralarko goialdean larreak dira nagusi: paisaia homogeneoa da. Paisaia anitza, elkarren alboan kokatutako basotxo, landaretza, zuhaitz solte eta larreak izatea bioaniztasunarentzako baldintza erabakigarria da. Dagoeneko alde aldapatsuenak basoa izateko bidean egon beharko lukete, besteak beste, higadura arazoengatik. Paisaiaren heterogeneotasunak onurak dakarzkio larratzen diren aziendei ere, beren bizi-kalitatea hobetzen baitu.

Baina lurzorua higaduragatik galtzen denean ez da larretik basora itzultzeko baldintzarik betetzen. Eta lurzoruen higadura da Aralarko toki askotan ematen ari den ingurumen-kalte handiena, atzera bueltarik ez duelako. Eta lurzoruen galera hori areagotu egin da orain pista eraikitzearekin. Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak dute kalte horren ardura.
Lurzorua baliabide berriztaezina da, nahitaezkoa biziaren garapenerako eta etorkizun bideragarri baterako. Lurzorua galtzea herrialdea, aberria, galtzea da; etorkizun itxaropentsu baterako bermea galtzea.
Ezin esan orduan Mankomunitatearen estatutuetan adierazten den Aralarko baso eskasiaren kexari arduraz erantzuten ari zaionik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!