Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Ingurumen Fiskaltzak Eguzki talde ekologistak eta Landarlan ingurumen zentroak jarritako salaketaren izapidetzea onartu du.
Bi taldeen ustez, Aralarko Intzensao eta Goroskintxu artean egiten ari diren 1,5 kilometrotako pista «legez kanpokoa» da eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enirio-Aralar Mankomunitatea egiten ari diren lan horien ondorioz babestutako eremuak hondatzen ari dira.
Bestalde, Landarlan ingurumen elkarteak erakundeei pista proiektuaren inguruan hausnartzeko eta eztabaida sustatzeko eskatu diete. «Landarlanek pista proiektu zehatz horien berri izan aurretik ere, beti erakutsi du prestutasuna bere iritzi eta alternatibak partekatzeko eta orain ere Aralarren inguruan interesa duten eragile ezberdinekin eztabaidan parte hartzeko prest dago, erakundeek bultzatutako prozesu batean». Era berean, herritarrei informazioa emateko prest azaldu dira. Hala eskatzen duten herrietan hitzaldiak ematera joango dira hortaz, Landarlan elkartekoak.